Haur eta gazte literatura modernoa aztertu du hainbat adituk obra batean

Xabier Etxaniz Erlek eta Manu Lopez Gasenik zuzenduta, 17 obra hautatu dituzte azterketarako

Goian, liburuaren egileetako batzuk. Behean, Jon Kortazar, bildumaren zuzendaria. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Egungo Euskal Haur eta Gazte Literaturaren Historia liburua argitaratu du EHUko argitalpen zerbitzuak, hainbat egilek Xabier Etxaniz Erle eta Manu Lopez Gaseniren zuzendaritzapean idatzia. Euskal Literaturaren Historia bildumaren parte da liburu berria, euskal nobela, euskal poesia eta nobela eta zinema aztertzen duten aleekin batera. Jon Kortazar EHUko katedradun eta idazlea da bildumaren zuzendaria, eta Xabier Etxaniz Erlerekin eta Gidor Bilbao EHUko euskara errektoreordearekin batera aurkeztu du Bilbon.

1980ko hamarkadatik aurrera haur eta gazte literaturan argitaratutako lanak ditu aztergai liburuak, hor kokatzen baita euskal haur eta gazte literatura modernoa. XIX. mendearen hasieran kaleratu ziren lehenengo obrak, baina helburu didaktikoa zuten gehienbat. Bestalde, frankismo garaian oso gutxi izan ziren arlo horretako ekoizpenak, eta diktadura amaitu arte itxaron behar izan zen haurrentzako produkzioa ugaltzen hasi arte.

Liburuak hamazazpi idazleren obrak aztertzen ditu; besteak beste, Anjel Lertxundi, Mariasun Landa, Bernardo Atxaga, Miren Agur Meabe eta Xabier Olasorenak. Generoei dagokienez, narratiba, poesia eta antzerki lanak aztertu dituzte, genero guztiak ordezkatuta egoteko helburuarekin, Etxanizek azaldu duenez. Aukeraketa egiteko garaian, idazle bakoitzeko lan bakarra egotea eta haur eta gazte literaturaren egoera islatzea izan dira kontuan hartutako ezaugarriak.

Merkatuan pisua duen arlo bat

«Pisu handia» du haur eta gazte literaturaren arloak, Etxanizen arabera, batik bat merkatuaren aldetik, asko baitira sail horretan argitaratzen diren aleak. Horretaz gain, formakuntzan ere garrantzi berezia du arlo horrek.

Liburuaren lehenengo atalean, haur eta gazte literaturaren egungo egoera zein den aztertzen saiatu dira egileak, etorkizunera begira planteatu beharreko kezkak zeintzuk diren argitu nahian. Azterketa horren hiru puntu nagusiak honako hauek dira: euskal literatura oro har, eta haur eta gazte literatura zehazki, atzerrian ezezaguna izatearen zergatia; irakurleekin dauden arazoak identifikatzea; eta kritika gehiago lortzeko bideak arakatzea. Finean, «generoa gehiago eta hobeto ezagutzea» izan da xede nagusia, Etxanizen hitzetan.

Bigarren atalean, berriz, arlo honetako hamazazpi obra aztertzen dira. Jardun horretan hamar lagun aritu dira kritikari lanetan: unibertsitateko irakasleak, ikerlariak, bigarren hezkuntzako irakasleak, itzultzaileak eta literatura kritikariak. Azterketaren ondorio nagusia hauxe izan da: «Euskal haur eta gazte literatura inoizko egoera onenean dago, baina ez du etorkizun argirik». Hala, liburu honek etorkizun hori hobetzeko pistak ematen dituela adierazi du Bilbaok. Irakasle, guraso zein literaturazaleentzako egokia dela gaineratu du, lan akademikoa izanik, irakurketa «ez hain akademikoa» egiteko aukera ere ematen baitu.

«Liburua EHUk komunikabideetan astero agertu nahiko lukeen irudia da», Bilbaoren arabera. Bestalde, «arnasa luzea» eskatzen duen bilduma bateko parte dela ekarri du gogora, eta Kortazarrek zuzendari gisa eginiko lana goraipatu du: «Proiektu luzea da, serioa eta urteetakoa, alez ale eta urratsez urrats bide luzea egiten ari dena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.