«Haurrak irakurle bihurtzea da oraingo erronka nagusia»

Xabier Etxaniz Erlek eta Manu Lopez Gasenik 'XXI. mende hasierako haur eta gazte literatura' liburua argitaratu dute90eko hamarkadaren inguruan egin zuten azterketatik abiatu dira

Goian, Asun Balzolaren ilustrazio ezagun bat. Erdian, Pedro Osesen lana, Bernardo Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak liburuaren azalean ezagun egindakoa. Behean, Antton Olariagak Mariasun Landaren Krokodiloa ohe azpian liburuari egindako azalaren zatia. ASUN BALZOLA / BESTEAK.
Maite Alustiza.
Donostia
2011ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
«90eko hamarkada mendi igoera moduko bat izan zen, eta orain goian gaude, goi lautada moduko batean». Hala deritzo Xabier Etxaniz Erlek (Oñati, Gipuzkoa, 1961) haur eta gazte literaturak azken urteetan egin duen bideari. Manu Lopez Gaseniren (Bilbo, 1961) eta bien XXI. mende hasierako haur eta gazte literatura liburua argitaratu du Arabako Foru Aldundiak, 90eko hamarkadaren inguruan egin zuten azterketaren jarraipen gisa. Egungo egoera aztertzeaz gain, etorkizuneko erronkak ere landu dituzte.

90eko hamarkadan sortu zen literatura sistemaren egitura: «Bazegoen kritika; erakundeen aldetik baita jarrera ere, eta argitaletxeak eta sortzaileak ere bazeuden. Hortik aurrera normaltasun prozesu bat egon da». Gizartean izan diren bezala, literaturan ere izan dira aldaketak; hala nola albumen fenomenoa, ilustraziogintzaren aurrerapena eta idazle berrien sorrera gertatu dira.

Haur txikientzako liburu irudidun edo albumen azken urteetako gorakada nabarmendu du Etxanizek. Kalandraka argitaletxeak hastapenetan egin zuen bidea oso garrantzitsua izan zen, haren ustetan; ondoren, beste argitaletxe batzuek eman zioten jarraipena. «Fenomeno bat dago albumen inguruan; hainbat udal eta sortu berri diren argitaletxe txiki arlo horretako liburuak ateratzen ari dira». Ikas argitaletxearen lana ere aipagarria da Etxanizentzat,«oso liburu interesgarriak egiten baitituzte arlo horretan».

Inprimaketak zerikusia izan du ilustrazioetan izan den garapenean. «Askok ez diote garrantzia ematen, baina nabarmena da inprimatze arloan egindako berrikuntzek nola aldatu duten liburua». Ilustrazioak koloretan dituzten liburuak «askoz ere ugariagoak» dira orain. Horrek, gainera, eragina izan du argitaraldian ere. Hasieran koloretan eginez gero 3.000 edo 4.000 liburu inprimatu behar ziren bezala, orain posible da 50 edo 100 aleko argitaraldiak egitea. «Horrek bilduma bizia askoz ere zabalagoa izatea ahalbidetzen du; hau da, eros dezakezun liburuen kopurua zabaltzea».

«Idazle berriak»

Bai ilustrazioan eta bai idazkuntzan, emakumezkoen presentzia nabarmendu du Etxanizek XXI. mende hasieran. «Ez dut esango gehiengoa direnik, agian ilustraziogintzan bai, baina badira lehen baino gehiago». Horrez gain, mugimendua sumatzen du idazleen artean ere. «Garai batean ematen zuen ez zela belaunaldi aldaketarik izango, baina orain badago mugimendua».

Bi multzotan sailkatu ditu idazleak egungo panoraman: 80ko hamarkadan garrantzitsuak izan zirenak baina pisua galdu dutenak, eta idazle berriak. Lehen talde horretan kokatu ditu Mariasun Landa, Bernardo Atxaga eta Anjel Lertxundi: «Literatura modernoaren aitzindariak izan ziren, eta azken hamarkadan liburu gutxi argitaratu dituzte, aurrekoarekin alderatuz». Horien alboan ipini ditu, besteak beste, Leire Bilbao eta Miren Agur Meabe. «Meabek hiru aldiz irabazi du Euskadi Saria haur literaturan, eta iruditzen zaigu betidanik egon dela, baina haurrentzat idatzi zuen lehen liburua orain dela hamaika urte izan zen». Euskal Herrian nahiz mugaz kanpo «ospea eta izena» irabazi dutenen artean daude Juan Kruz Igerabide eta Patxi Zubizarreta.

Generoak eta argitaratutako liburuen kopurua ez dira asko aldatu azken urteetan. «Narratiba izan da beti nagusi». Kopuru murritzagoan izanda ere, poesian sortzen den materiala nabarmendu du Etxanizek: «Poesian dagoena oso ona da; liburuak maila handikoak dira, eta urtero-urtero publikatzen dira liburu batzuk» .

Argitaratutako liburuen kopurua mantendu egin da 90eko hamarkada bukaeratik gaur egun arte. 400 liburu ateratzen dira urtero haur eta gazteentzat; bilduma bizia, berriz, 3.000 liburu ingurukoa da. «Gu garen herrialderako, oso eskaintza zabala da. Eskaintzan baino arazo handiagoa dago irakurtzen denean». Etxanizen arabera, ikastetxeetara joaten diren idazleen liburuek eta kaleratu berriek dute arrakastarik handiena haur eta gazteen artean.

Baina, zer gertatzen da liburu klasikoekin? «Arazo handia dago irakaskuntzan. Eskoletan irakurketa prozesua irakasten saiatu beharko ginateke, literaturaren didaktika irakasten. Ez dago benetako formazio literariorik». Egungo egoera aztertu ondoren, arazo horren haritik doa etorkizunean egin beharreko lana: «Haurrak irakurle bihurtzea da oraingo erronka nagusia. Jakin dezaten literatura testu ezberdinak irakurtzen, ez bakarrik gustatzen zaizkienak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.