Juanjo Elordi eta Edorta Barruetabeña. 'Yoko eta lagunak' filmaren zuzendaria eta gidoilaria

«Haurren ikuspuntutik, haien begiradatik saiatu gara istorioa kontatzen»

Bihar helduko da zinema aretoetara 'Yoko eta lagunak' animazioko lana. Haurrei abentura dibertigarri bat eskaini nahi izan diete egileek, eta gurasoei, umeek libre jolastearen garrantziaz gogoeta eraginarazi.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2015eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Bihar iritsiko da zinema aretoetara Yoko eta lagunak animazioko lana. 4 eta 8 urte arteko haurrentzako lana da, eta haurrak ditu protagonista. Lanaren oinarrian, berriz, ideia bat: irudimena garatuz, umeek aire librean jolasteak duen garrantzia. Segurtasunaren eta askatasunaren arteko eztabaida hor dagoela, eta filmak, alde horretatik, gurasoei gogoeta eragingo diela uste dute Juanjo Elordi zuzendariak eta Edorta Barruetabeña gidoilariek.

Haurrentzako filma egin duzue, haurrak protagonista dituena. Nondik sortu zen ideia?

JUANJO ELORDI: Ume txikientzako film bat egin nahi genuen. Ez dira apenas egiten, gu bezalako abenturazale batzuek kenduta, eta ume txikiek, oro har, eurentzat egokiak ez diren filmak ikustera joan behar izaten dute, agian zakarregiak direnak, edo hitzezkoegiak, komikoegiak, harrapatzen ez dituzten hainbat gauza dituztenak... Hala ohitu gara, geure seme-alabek ere horrelako pelikula mordo bat ikusi dute. Behar hori asetzeko jarri ginen martxan. Elkarkidetzan egin nahi genuen proiektua zen, baita Euskal Herriko mugak gainditu eta nazioartera eramateko moduko zerbait ere. Helburu horrekin hasi ginen lanean, 2011n.

Rishat Gilmetdinov errusiarra da lanaren beste zuzendaria. Nondik dator elkarlan hori?

J.E.: Bai, baina hori geroago etorri zen. Lehen hiru urteetan gu bakarrik egon ginen, Dibulitoon eta Somuga estudioak. Ideia mordo baten artean, Yokorena ekarri zuen Edortak. Denoi gustatu zitzaigun eta hori garatzen hasi ginen. Handik hiru urtera, merkatuetara joaten hasi ginen. Cannesen errusiar hauekin topo egin genuen; guk egindakoa ezagutzen zuten apur bat, proiektua asko gustatu zitzaien, eta Errusiako bigarren edo hirugarren estudio handiena da haiena. Oso ongi joan da, hain garatuta geneukanez eta gustatu zitzaienez, ez da egon eztabaida edo gaizki ulerturik bidean. Rishatekin xehetasunak landu ditugu, baina errealizazio aldetik-eta, ez 'hau edo beste esan beharko litzateke' eta antzekoak, terreno hori zailagoa baita bi zuzendariren artean eramateko.

Beraz, lana errusieraz ere ekoitzi dute? Eta aldi berean estreinatuko da han eta hemen?

J.E.: Errusieraz ekoitzi dute, bai, baina han aurrerago estreinatuko da, hemen bukatu baitugu.

Haurrentzako film asko daude, baina txikienentzat da hau. Hor sumatzen zenuten hutsunea?

J.E.: Bai, bestela asko daude, baina normalean 9 urtetik aurrerakoentzat pentsatuta daude, familian ikustekoak; audientzia zabal horretarako egiten dira, eta ez dira txikiagoentzat egokitzen. Eta guk hori egin nahi genuenez, ume txikiagoei istorio bat kontatzeko era egokia zein zen bila aritu gara.

Eta, hortaz, istorioaren protagonistak ere haurrak dira. Filmean kontatzen direnekin identifikatuta sentituko dira?

J.E.: Bai, azkenean, gaur eguneko istorio bat kontatu nahi genuen.

EDORTA BARRUETABEÑA: Hiru umeren arazoak, kezkak eta ametsak dira azken batean, eta saiatu gara istorioa haien ikuspuntutik, haien begiradatik kontatzen. Gero, gurasoen ikuspuntu ezberdinak ere agertzen dira, baina umeen abenturak umeen ikuspuntutik kontatuta daude.

Haurrentzako film gehienetan daude gurasoentzako mezuak edo heldulekuak... Honek ere badu horrelakorik?

E.B.: Bai bai, kontuan hartu behar da 4-8 urteko umeak gurasoekin joaten direla zinemara, eta, beraz, gurasoentzat ere eskaini behar da zerbait. Gainera, iruditzen zaigu dena batera datorrela, umeek jolasteko askatasuna behar dutela planteatzen baitugu, eta horrek hainbat gogoeta eragiten ditu gurasoengan: ikuspegi ezberdinak daude, segurtasuna eta askatasunaren artean zein gailendu behar den, noraino eman batari eta besteari... Eztabaida hori ikusten da.

Beraz, haurrentzako film bat da, baina baita gurasoei gogoetarako bidea emango diena ere.

E.B.: Bai, uste dut beti saiatzen garela sinesten dugun proiektu bat egiten eta hemen ere balio batzuk planteatzen ditugu, gogoeta bat. Umeak ez dira horretaz jabetuko; umeentzat gauza dibertigarri bat egiten saiatu gara, baina gurasoek beste geruza bat ikusiko dute.

J.E.: Haurra egongo da gauza bat pentsatzen, eta gurasoa beste bat.

Askatasunaren eta segurtasunaren artean, haurrei dagokienez, uste duzue askatasuna galtzen ateratzen ari dela?

E.B.: Hiri handietan dudarik gabe.

J.E.: Eztabaida hor dago. Hasi ginenean ez ginen oso kontziente hain eztabaida zabala zegoenik, baina begiratzen hasi eta konturatu ginen bazirela elkarteak, etaherrialde batzuetan oso eztabaida sakonak; Txinan adibidez, eskola orduak murriztu eta jolastekoak dekretuz gehitu dituzte. Aholkulari amerikar bat kontratatu genuen eztabaida horretan laguntzeko, baita errusiarrekin arbitro bat behar genuelako ere, oso kultura ezberdinak baititugu, eta agian guretzat itsusia dena haientzat ez da, edo alderantziz. Andy Yorkesek ere, Barrio Sesamo-gatik ezaguna den gidoilariak, esperientzia eta gogoeta asko ekarri zituen, eta oso polita izan da geuk ere bidean ezagutu eta landu dugun guztia.

Zein bide aurreikusten diozue pelikulari? Honi lotuta, baduzue beste asmoren bat buruan?

J.E.: Epe luzera begirako proiektua da hau. Ipuin batzuk atera genituen, orain filma, eta atalkako saio bat ere badugu proiektu gisa. Pentsatu dugu gure markaren bidez zerbait ona eskaini ahal diogula gizarteari, gurasoei... eta badugu asmoa garatzen jarraitzeko.

E.B.: Yoko irudimenarekin jolastearen marka izan dadila nahiko genuke, kontzeptu hori defendatzeko, edozein formatutan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.