Hauts egindako Fante

Idazle izateko ametsak eraman zuen John Fante Los Angelesera. Zoritxarrak bazterrean egotera kondenatu zuen urtetan, harik eta Bukowskiren goraipamenek arrakasta ekarri zioten arte. Arturo Bandini 'alter ego'-a zuen pertsonaia nagusia.

NAIL BABAYEV.
Andoni Imaz.
2023ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Batzuek liluraz, besteek erdeinuz, idazle estatubatuar ugarik irudikatu dute Los Angeles hiria beren nobeletan. Urre koloreko argi berezi horrek bustitzen ditu Raymond Chandlerren orriak eta haren Marlowe detektibearen mundua; hiriko gauean barrena dabil Maria Wyeth, Joan Didionen Play It as It Lays nobelako protagonista (Datorren moduan jolastu, 1970); zurrunbiloaren barruan dago Michael Connellyk sortutako Harry Bosch polizia ere. Eta, hor nonbait, 1930eko urteetako hiriaren bazterretan dabil Arturo Bandini idazlea edo idazlegaia, egunerokoan bizirik irauteko borrokan; hura da John Fanteren obrako pertsonaia nagusia. Izan ere, Los Angelesko literaturaren ikur bat da Fante, besteak beste. Maiatzean bete dira 40 urte hil zenetik.

Fante 1909an sortu zen, Denverren, Coloradon (AEB), Italiatik migratutako familia pobre batean. Hain justu, zoriari ihes egiteko asmoz jo zuen Los Angelesera, etorkizun hobe baten bila, idazle bizitza bat amets. «Eman zeurea den zerbait, Los Angeles! Zatoz nigana ni zugana noan bezalaxe, oinak zure kaleetan, hainbeste maite dudan hiri zoragarria, hondarretan lurperatutako lore tristea, hiri zoragarria», esaten du Bandini protagonistak Ask the Dust nobelan (Galdetu hautsari, 1939). Umorea eta garraztasuna ezaugarri ditu Fanteren literaturak, baita sustrairik gabeko bizimoduaren malenkonia ere.

Idazlearen ibilbidearen abiaburuan daude liburutegi publikoa eta institutuko irakasle bat: handik hartzen zituen ahal beste liburu —aitak barre egin arren—, eta hark animatu zuen Fante bere istorioak The American Mercury aldizkarira bidaltzera. H. L. Mencken editoreak argitaratu egin zizkion, baita bere lehen eleberria ateratzen lagundu ere, 1938an: Wait Until Spring, Bandini (Itxaron udaberriari, Bandini).

Fantek zorte txarra izan zuen, hala ere. Esan liteke, hasteko, Adolf Hitlerrek oztopatu zuela haren karrera. 1939an, editorial batek Ask the Dust argitaratu berri zuenean, Hitlerrek auzitara eraman zituen, Mein Kampf (Nire borroka) baimenik gabe ateratzeagatik, eta han joan zen nobela berria sustatzeko erabili behar zuten dirua. Nobelagile bidea utzi, eta gidoilari hasi zen Hollywooden, estudioen urrezko aroan. Urte batzuk eman zituen lan horretan, nahiz eta gidoi asko ez zituzten filmatu ere egin. Fantek idatziak dira, besteak beste, Richard Quineren Full of Life (1956) —bere liburu baten egokitzapena— eta Edward Dmytryken Walk on the Wild Side (1962).

Bukowskiren erreskatea

Ezin esan daiteke Fante erabateko ezezaguna izan zenik bizi zen artean, baina arrakasta berandu iritsi zitzaion. Charles Bukowski idazleak ekarri zion, bere literaturan eragin handia izan zuela aitortu zuenean; orduan editatu zuen Black Sparrow Press argitaletxeak Ask the Dust ahaztua, 1970eko hamarkadaren amaieran, Bukowskik berak idatzitako hitzaurre batekin. Ordurako gaixorik zegoen Fante, diabetesak jota, itsu eta elbarri.

«Egun batean, liburu bat hartu nuen; ireki, eta deskubrimendu bat gertatu zen. Minutu batzuez orriztatu nuen. Eta orduan, udal zabortegian urrea aurkitu duenaren antzera, liburua mahaira eraman nuen». Horrelaxe azaldu zuen Bukowskik hitzaurre hartan Fanteren literaturak eragindako lilura —hark ere liburutegi batean ezagutu zuen Ask the Dust, kontatzen duenez—. «Horra hor, azkenean, sentimenduez beldur ez zen gizon bat. Umorea eta sufrimendua modu soil eta eder batean nahasten zituen».

Denera, Bandini alter ego-a protagonista duten lau nobela idatzi zituen Fantek, eta horiek dira haren obraren muina: Wait Until Spring, Bandini (1938); The Road to Los Angeles (Los Angelesera bidea; sagako bigarrena, Fantek idatzitako lehenengoa, baina 1985era arte argitaragabea); Ask the Dust (1939); eta, azkenik, Bunker Hilleko ametsak (1982), hil baino urtebete lehenago argitaratua. Fantek, oso gaixorik zegoenez, Joyce Fante emazteari diktatu zion nobela hori; gauza jakina da memoria aparta zuela, eta ez zela idazten hasten buruan istorioa erabat osatu arte. Azken hori besterik ez dago euskaratuta; Aintzane Ibarzabalek itzuli, eta Elkarrek argitaratu zuen, 1991n.

Alessandro Baricco idazleak honela deskribatu zuen Bandini, Ask the Dust-en italierazko ediziorako egindako hitzaurrean: «Galdera obsesibo bat du buruan iltzaturik: 'Zer egiten dut nik hemen?'. Doan tokira doala, Bandinik beste norabait joan nahi du. 'Hemen nagoelarik, konturatzen naiz hobe nuela ez etorri'. Esan liteke idazketan sentitzen dela bizitzeko gai, ez beste inon. Gainerako guztia toki errari bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.