Egun gutxi falta dira Donostiako Zinemaldia hasteko, eta azken printzen berri ematen ari da jaialdia. Aurtengo aldiak bereziki egingo du azpimarra animazioan, eta horren erakusle da Donostia sariaren hirugarren jabea: Hayao Miyazaki zinemagile japoniarra (Tokio, 1941). Animazioan maisua da Miyazaki, eta haren lana omendu nahi dute Zinemaldian. Hain zuzen, bere azken filmak zabalduko du aurtengo edizioa, Kimitachi wa do ikiruka / The Boy and the Heron lanak. Inaugurazio galan jasoko du garaikurra, era birtualean —Tokion egongo baita, eta ez Donostian—.
Pozik agertu da Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinos: «Hamabi urte daramatzat jaialdiko zuzendari lanetan, eta uste dut gehien asebetetzen nauen saria dela. Miyazaki animazioaren historian izandako pertsonarik inportanteena da». Carl Theodor Dreyer bezalako zuzendarien pare jarri du japoniarra.
Aldez aurretik, Zinemaldiak hiru aldiz eman du zuzendari horren filmen bat zikloan: 2002an, Sen to Chihiro no kamikakushi (Chihiroren bidaia) eman zuten; 2009an, Gake no ue no Ponyo (Ponyo itsaslabarrean), eta 2013an, Kaze Tachinu / The Wind Rises. Ordea, Miyazaki aurten izango da lehendabizikoz Sail Ofizialean; filma lehiaketatik kanpo emango dute, irailaren 22an.
Eskarmentu handiko zinemagilea da Miyazaki. 1963an Zientzia Politikoetan eta Ekonomian graduatu ondoren, animazio mundura gerturatu zen, Toei animazio konpainian lan egiten hasita. Hainbat estudiotan aritu zen plangintzan, diseinuan eta eszenan lanean, eta 1979an egin zuen bere lehen film luzea: Rupan sansei: Kariosutoro no shiro / The Castle of Cagliostro. 1985ean, Isao Takahatarekin batera, Studio Ghibli sortu zuen, eta hamar film luze zuzendu ditu harrezkero; besteak beste, Tenku no shiro Rapyuta / Laputa: Castle in the Sky (1986), Tonari no Totoro / My Neighbor Totoro (1988), Kurenai no buta / Porco Rosso (1992) eta Mononoke hime / Princess Mononoke (1997).
Ibilbidean aurrera egin ahala, ospea irabazi eta lorpenak erdiesten joan da. Kasurako, Japoniako zinema aretoetako salmentak hautsi zituen Chihiroren bidaia (2001) filmarekin, eta hainbat sari jaso ere bai: tartean, Urrezko Hartza eta animaziozko film onenaren Oscar saria. Hauru no ugoku shiro / Howl's Moving Castle (2004) pelikula ere izendatu zuten Oscarretarako, eta Urrezko Osella saria jaso zuen Veneziako jaialdian. 2009an, Ponyo itsaslabarrean idatzi eta zuzendu zuen, eta, ondoren, gidoiak idazteaz gain, film hauen plangintzan lagundu zuen: Hiromasa Yonebayashiren Kari-Gurashi no Arrietty / The Secret World of Arrietty (2010) eta Goro Miyazakiren Kokuriko-zaka kara / From Up on Poppy Hill (2011). 2013an, berriz, Kaze tachinu / The Wind Rises zuzendu zuen, animaziozko film onenaren Oscar sarirako izendatua izan zen pelikula. Miyazakik saiakera, marrazki eta poema liburuak ere argitaratu ditu, besteak beste, Shuppatsuten 1979-1996.
Haren ibilbide oparoak bestelako hainbat sari ere ekarri dizkio: 2012an, Kultura Merezimenduko Pertsona izendatu zuen Japoniako Gobernuak; 2014an, ohorezko Oscar saria jaso zuen, eta Komikiaren Will Eisner Sarien Ospearen Aretoan ere sartu zuten.
Saria aurten, garaikurra ez
Javier Bardementzat zen aurtengo beste Donostia sarietako bat, baina Zinemaldiak iragarri du ez duela aurten jasoko garaikurra. Rebordinosek jakinarazi du Bardem ez dela jaialdira bertaratuko. Hollywoodeko aktoreen grebagatik, ezin du halako agerraldirik egin, eta, beraz, ez du garaikurra aurten hartuko. Zuzendariak argitu duenez, 2024ko aldian jasoko du saria. «Atzo erabaki genuen, elkarrekin, aurten ez duela garaikurra jasoko. 2023ko saria du, baina datorren urteko inaugurazioan jasoko du». Victor Erizeri emango diote beste Donostia sarietako bat, eta, jakinarazi dutenez, ez da laugarrenik egongo.
Epaimahaiaren berri ere eman dute gaurko aurkezpenean. Sail Ofizialean, Claire Denis zuzendari frantsesa izango da epaimahaiburua, eta alboan izango ditu Fan Bingbing Txinako aktorea, Cristina Gallego Kolonbiako ekoizle, zuzendari eta aktorea, Brigitte Lacombe Frantziako argazkilaria, Vicky Luengo Espainiako aktorea, Robert Lantos Hungariako ekoizlea eta Christian Petzold Alemaniako zinemagilea.
Euskal zinemaren sailean, berriz, Telmo Irureta euskal aktorea izango da epaimahaiburua, eta kide izango ditu Mikele Landa eta Kristina Zorita.
Memoria
Programazioari so, ohartu gabe egindako «konexioei» buruz hitz egin dute, eta nabarmendu aurtengo aldian memoriak pisu nabarmena izango duela. Rebordinos: «Memoriak Zinemaldian izango diren pelikula asko zeharkatzen ditu: kolonialismoaren, nazismoaren, erresistentzia frantsesaren, Latinoamerikako diktaduren, inguruko istorioak izango dira, euskarak hamarkadetan izandako arazoei buruzkoak...».
Prentsaurrekoan Manuel Perez Estremera ere oroitu dute, bi urtez Zinemaldiaren buru izandakoa; asteartean hil zen. «Figura oso garrantzitsua izan da. Lan asko egin zuen isilean». 41. eta 42. aldietan izan zen zuzendari, eta jaialdiarekin lotura izan zuen gerora ere. Zinema aldizkarietan idatzi zuen gaztetan, eta Espainiako telebista publikoan lan egin zuen 1970eko urteetatik aurrera. TVEko zuzendaria ere izan zen, 2005etik 2007ra, eta euskarazko telefilmak egiteko proiektu bat abiarazi zuen karguan zela —azkenean, Zeru horiek (2005) besterik ez zuten filmatu—.
Sarreren salmenten inguruko informazioa emateko ere probestu dute agerraldia. Hala, astelehenean emango dute Zinemaldiaren programazio osoaren berri, eta, asteazkenetik aurrera, film guztien gidak banatuko dituzte Zinemaldiaren bulegoan. Sarreren salmenta orokorra, berriz, hilaren 17an jarriko dute martxan. Egun horretan lehen hiru egunetarako sarrerak erosi ahal izango dira.