Hegan doan horri jarri dio begia Jabi Santa Cruz idazleak (Erandio, Bizkaia, 1964). Izan ere, txoriak dira Baso ilun itoan poesia liburuaren erreferentzia nagusia (Erein). Orain bi urte irabazi zuen lan horrekin Bilboko Udalak antolaturiko Blas de Otero-Bilboko Hiria poesia lehiaketako euskarazko saria, eta orain argitaratu dute bilduma. Liburuaren eraikuntza ona, eta hizkuntza aberastasuna eta musikaltasuna nabarmendu zuten epaimahaiko kideek. Iñaki Geiko marrazkilariak egindako txorien irudiak ere gehitu dituzte orain.
Hiru atal ditu liburuak: Sasi zaharren gainetik, Sasi gorrien azpitik eta Arantza minetan. Eta natura eta basoarekin loturiko irudiak dira nagusi poema gehienetan. Orbela, zuhaitzak eta txoriak, esaterako, eta txoriak, batez ere. Laburrak dira testurik gehienak, eta badira ia-ia aforismodiren batzuk ere. Hori da, esaterako, Orbana poemaren kasua: «Tiro hotsa laburra ohi da. / Haren oihartzuna, / amaigabea».
Txoriaren ikuspuntuan jarriko du maiz irakurlea Santa Cruzek. Hegan. Behean. Goian poeman, esaterako. «Behean, oso behean, / borreroak, hiriak. / Behean, oso behean, harrabotsak, sirenak. / Behean, oso behean, /arrangurak, oihuak. / Hemen goian, / zantzuak, usainak. / Hemen goian, / aztarnak, susmoak. / Hemen goian, / bakea apur batean».
Aurrez bi liburu osatu zituen
Ez da idazlearen lehen poesia liburua. Aurrez ere baditu beste bi poema liburu. Umeentzako poemak biltzen dituen Moko bilduma (Ibaizabal), eta gazteentzako beste bat, olerkiz osatutako Hiriko baratzean liburua (Pamiela). Horrez gainera, Mario Angel Marrodan saria ere irabazi zuen iaz, At izenburuko liburuarekin, baina argitaratu gabe da oraindik.
Hegan doazen txorien hegalditik sortutakoa
Hegaztiak dira Bilbo Hiria poesia lehiaketan saritutako Jabi Santa Cruzen 'Baso ilun itoan' liburuko irudi nagusia

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu