Hegazti itxurako altxorra

Ekaingo haitzuloko aztarnategian, Erdi Madeleineko hegazti baten ingerada ebakia topatu dute, eta haren erreplika jarriko duteAnimalia mota horren formako piezarik ez dute beste inon topatu Europa osoan

Ingerada ebakiaren kanpoko aurpegia. JAN WESBUER.
Ainhoa Sarasola.
Zestoa
2011ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Berrogei urte baino gehiago pasatu dira Zestoako Ekain haitzuloan (Gipuzkoa) lehen indusketak egiten hasi zirenetik. Jose Migel Barandiaranek hasitako lanei Jesus Altunak eman zien jarraipena 1970eko urteetan, eta haren zuzendaritzapean aztarnategia aztertzeko lanei berriro ekin zieten 2008an. Ekainek gordetzen duen ondarea ez dela bukatu frogatzen dute azken aurkikuntzek. Indusketek fruituak ematen jarraitzen dute, eta ez nolanahikoak, gainera. Duela ia 14.000 urte hezurrean landutako hegazti baten ingerada ebakia da leizeak emandako azken altxorra. Europa osoan ez dute halako ezaugarriak biltzen dituen piezarik topatu. Erreplika egingo dute orain, uda alderako Ekainberrin erakusgai jartzeko.

Balio arkeologiko handiko objektua da aurkitutakoa, Altunak berak emandako azalpenen arabera. Pieza txikia da: 6,6 zentimetro luze da, 19 milimetro ditu alderik zabalenean, eta 3,3 milimetroko lodiera batez beste. 2009ko irailean topatu zuten, leizearen sarreran, aurreko lanetan arakatu gabeko gune batean. Haren ondoan topatutako beste hezur zati txiki bat Suediara, Uppsalako Unibertsitatera bidali zuten, eta, han egindako datazioaren arabera, 13.862 urteko antzinatasuna du —129 urteko gora beherarekin—. Ekaingo margoak egin baino 800 urte lehenago landutako pieza da, hortaz, Erdi Madeleine aldikoa, «Europako aztarnategietan agertu izan diren beste ingerada guztiak bezala», Altunaren hitzetan.

Halere, Ekaingoak baditu antzeko beste aurkikuntzetatik bereizten dituen zenbait ezaugarri. Hegazti bat irudikatzen du piezak, eta hori du berezitasun nagusietako bat. Izan ere, zaldi, bisonte, orein eme, sarrio, basaaker edo bestelako ugaztun handien buruen formako ingeradak topatu izan dituzte, baina orain arte ez zuten «sekula» aurkitu hegazti itxurako halako objekturik Europa osoko aztarnategietan.

Animalia baten hezur bat erditik ebaki eta landu egiten zuten halako piezetan. Normalean, zaldien hioide hezurra baliatu izan zen horretarako, baina Ekaingoaren kasuan, basazezen edo bisonte baten saihets hezurra erabili zuten. Hezur hori azalaren plano paralelo batean ebakita dago, eta barnealdea leundua du; azala, berriz, apur bat erreta azaltzen da, marroiaren eta beltzaren arteko kolorearekin.

Perspektiba okertua

Hegaztiaren irudikapena egiteko perspektiba berezia da. Izan ere, normalean ingerada ebakietan animalien ezkerraldea eta eskuinaldea irudikatzen dira, eta bi aldeak simetrikoak izan ohi dira. Ez da pieza honen kasua, perspektiba okertuaren bidez egina baitago, eta bi aldeak, beraz, asimetrikoak dira. «Izan ere, hegaztia hegan doala, bere zabalera handiagoa da altuera baino, eta zabalera hori ez zen kabitzen hezur estu horretan. Orduan, perspektiba okertu egin zuten», Altunak azaldu duenez.

Hala, burua albotik ikusita irudikatzen da, animalia bi zati simetrikotan banatzen duen plano sagitalaren arabera. Gorputza, ordea, alboz beharrean goitik edo behetik ikusita agertzen da alde bakoitzean, hegaztiaren bizkarra eta sabelaldea erakutsiz. «Soilik modu horretara ikus daitezke bi hegalak aldi berean», arkeologoaren esanetan. Gorputzari itsatsita agertzen dira bi hegalak, baina bi ildo sakonek gorputzetik bereizten dituzte bi aldeetan. Hegalek ebakidurak dituzte kanpoko ertzean —bost goikoak eta sei behekoak—, eta horrela, koskadunak dira bi ertzak.

Kanpoko aurpegian, hegaztiak hiru ildo sakon ageri ditu hegalen artean zeharka, eta horien artean beste zortzi ebakidura txiki ditu perpendikularrean. Atzealderago, angelu itxurako hamabi ebaki dauzka, hiru lerrotan launaka lerrokatuta. Barruko aurpegian, berriz, hegalen artean zazpi lerro daude zeharka, barrualdekoak bezalakoak, baina haien arteko ebakidura motzik gabekoak. Hegaztiaren kokots eta eztarri aldean, zeharka, beste bost ebaki labur eta erregular azaltzen dira.

Altunaren ustez, pieza egiteko baliatu zuten suharrizko tresnak punta hortzaduna zuen, hainbat ildo sakonen ondoan agertutako lerroek erakusten dutenez. «Ildoa egitean arrasto asko egiten zituzten, ez bakarra. Ezin daiteke pasatu suharri bat hain paraleloki batetik bestera. Hor ikusten da erabili zuten tresna horrek bazituela koska batzuk, kamuts samarra zegoela, alegia».

Zein hegazti mota da?

Ekaingo gizakiek hezurrean irudikatu zuten hegazti hura zein motakoa izan daitekeen zehaztea ez dela batere erraza dio Altunak. Batetik, ugaztun handiak baino askoz ere ugariagoak direlako hegaztiak, eta, bestetik, ugaztun horiek ez bezala, txoriak gertu ikustea eta behatzea zailagoa delako. «Denok entzungo genuen kukua inoiz, baina beharbada asko izango zarete sekula ikusi gabekoak».

Lehen begiratuan, arrantzarako buruz behera uretan sartzen den txori mota bat izan zitekeela pentsatu zuten ikerlariek, hegalak gorputzari itsatsiak dituelako besteak beste, baina beste ezaugarriak ez dira betetzen. «Nire ustez, hegalak horrela jartzera behartuta zeuden nahi eta nahi ez, zabaltzeko lekurik ez zutelako». Piezari sabelaldean edo atzealdean eginiko arrastoei erreparatuta, kuku bat izan zitekeen. Baita aliota artiko bat ere, egun Euskal Herrian halakorik ez badago ere, garai hartan ugaria baitzen, indusketek frogatu dutenez. «Baina itxura orokorrari begiratuta, badirudi anatido bat dela; antzara, esaterako». Isatsaren forma, hegalen hortzak edo gorputzeko marrak bat datozela dio Altunak, baina, edonola ere, ezin dela zehaztu.

Kultur harreman bizia

Ingerada ebakiak Erdi Madeleinean egin ziren bakarrik, eta halako objektu konplexuak hainbat lekutan eta aldi berean egiteko, ezinbestean kultur harreman bat zegoela dio Altunak. «Historiaurre osoan, aro horretan egon zen kultura harremanik handiena Kantauri aldetik Dordoinara». Urte askoan Pirinio aldean baino ez zituzten aurkitu halako piezak, Izturitzen (Lapurdi), esaterako, baina orain gutxi Asturiasen ere (Espainia) azaldu dira. «Erdiko bide hori betetzen ari gara». Ingerada ebakiak amuleto gisa baliatzen zituztela uste da. «Hala pentsatzen dugu, baina hori da erantzuten zailena. Urte asko daude tartean, eta burezurrak-eta fosilizatzen dira, baina ideiak ez, eta ideia haietatik oso urrun gaude».

2008an hasitako lanek aurrera jarraitzen dute, eta indusketetan Behe Madeleine aldira iritsi dira jada, alegia, orain artekoak baino objektu zaharragoak ari dira aurkitzen. Suharriak, ehizarako hezur muturrak eta «interes handiko» gatz harri multzo bat topatu dituzte, besteak beste. Lanak aurten amaitzea aurreikusten dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.