HILBERRIA

Hegemoniaren teorialari

Ernesto Laclau filosofo argentinarra hil da, 79 urte zituela.

Ernesto Laclau.
jon olano
2014ko apirilaren 14a
11:59
Entzun

Teoria politikoaren eta ezkerreko pentsamenduaren teoriko nagusietako bat izan da Ernesto Laclau (Buenos Aires, Argentina, 1935eko urriak 6 – Sevilla, Espainia, 2014ko apirilak 13), besteak beste La razón populista eta Hegemonía y estrategia socialista liburuen egilea. Sevillan hitzaldi bat ematera joana zen, eta bihotzekoak jota hil da, haren senideek jakinarazi dutenez.

Historian lizentziatu zen 1964an, eta Argentinako ezkerreko aldizkarietan utzi zituen lehen gogoetak. 1969an Eric Hobsbawm pentsalaria zenaren babesean, beka bat eman zioten Oxfordeko Unibertsitatera joateko.

Hegemonia, populismoa eta diskurtsoa izan zituen aztergai Laclauk. Chantal Mouffe pentsalari eta bikotekidearekin idatzi zuen Hegemonía y estrategia socialista (1985), eta mugarritzat jo izan da pentsamendu postmarxistan.

Gramsciren hegemonia kontzeptuaren baliagarritasuna defendatu zuten, baina erantsi boterearen eta identitate sozialen eratze prozesuak ezin direla banandu; botere harreman sozialek baldintzatzen dituztela identitateak. Demokraziaren erradikalizazio gisa birdefinitu zuten proiektu sozialista; subordinazio era ezberdinen kontrako borroken artikulazio gisa.

Laclauk azaldu zuen parte batek osotasunaren hutsunea betetzeko egiten duen ahalegina dela hegemoniaren eratzea. Maila diskurtsibo-sinbolikora eraman zuen hori, iritzita diskurtsotik kanpo “gizarterik ez” dagoela. Borroka hegemonikoak soilik diskurtso harremanetan eman daitezkeela argudiatu zuten.

Logika bera ezarri zuen La razón populista-n. Argudiatu zuen populismoa ez dela eduki zehatz bateko ideologia, baizik eta etsai komun baten bidez, aldarrikapen ezberdinak artikulatzen dituen gu-aren eraikuntzaren ondorio.

Laclau zenak idatzitako liburuetako batzuk:

- Política e ideología en la teoría marxista: capitalismo, fascismo, populismo

- Tres ensayos sobre América Latina.

- Hegemonía y estrategia socialista

- Misticismo, retorica y política

- La Razón Populista

- Debates y Combates

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.