MUSIKA

Heinrich Schiff eta Carmen Fuggiss ariko dira, gaur eta bihar, EOSekin

Erredakzioa
2003ko urriaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gaur eta bihar ariko dira lehen aldiz Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin Heinrich Schiff zuzendaria eta Carmen Fuggiss sopranoa. Kursaal auditorioan izango dira bi emanaldiak, 20:00etan. Abonu denboraldiko bigarren kontzertu egitaraua da EOSek Schiff eta Fuggissekin eskainiko duena.

Programan, J. Haydnen Biolontxelo eta orkestrarako 2. Kontzertua eta G. Mahlerren 4. Sinfonia soprano eta orkestrarako eskainiko dituzte. Carmen Fuggissek Mahlerren lanean hartuko du parte.

Heinrich Schiff 1951n jaio zen. Tobias Kuhne eta Andre Navarrarekin amaitu zituen ikasketak, eta Vienan eta Londresen egin zuen debuta, 1971n. Ospe handiko orkestra ugaritan izan ditu zuzendari karguak: Deutsche Kammerphilharmonie, Northern Sinfonia, Copenhagen Philarmonic, Musikkollegium Winterthur, SWR Radio Simphony eta Orchestra Stuttgarten, besteak beste.

Grabazioak, berriz, Deutsche Kammerphilharmonie, Northern Sinfonia eta Londresko Philarmonia Orchestrarekin egin ditu.

Carmen Fuggiss sopranoa Friburgo hirian jaioa da. Karlsruhe eta Frankfurteko kontserbatorioetan ikasi zuen, Armand MacLane-Lanieren eskutik, eta gero Salzburgon jarraitu zituen ikasketak, Hanna Ludwigen eskutik.

Pertsonaia ezagunei ahotsa emandakoa

Mannheimgo Opera Nazionalarekin ohiko konpromisoaketa Wulzburgen konpromiso egonkorra izan zuen 1989tik 1993ra bitartean, eta urte horretatik aurrera Hannoverko Estatu Operan postu finkoa izan du.

Mozarten Susanna, Pamina eta Zaide; Donizettiren Lucia, Adina eta Norina; Verdiren Gilda; eta Stravinskiren Anne Trulove dira Fuggissek oholtza gainera bere ahotsaren laguntzaz eramandako pertsonaietako batzuk.

Zuzendari handiekin lan egina da: Georg Solti, Kent Nagano, Semion Bytxkov, Michael Gielen, Christof Prick, Lothar Zagrosek, Hans Graf, Leopold Hager...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.