Magia. Hori da antolatzaileen hitzetan, Bergaran (Gipuzkoa) ospatzen den helduentzako nazioarteko txotxongiloen jaialdiko osagai nagusia. Hamahirugarrena dute aurtengoa, eta, ohi bezala, Euskal Herriko zein nazioarteko konpainiak gonbidatu dituzte. Atzo hasi zen jaialdia Deabru Beltzak konpainiaren ikuskizunarekin, eta igandera arte iraungo d programak. Besteak beste, Frantziako, Argentinako eta Espainiako konpainien lanak ikusi ahalko dira herrian.
1991n egin zuten lehenengoz jaialdia, eta bi urtean behingo ekitaldia izan da geroztik. Taun Taun Teatroa konpainiak hutsunea igarri zuen antzerki zirkuituan, eta horregatik erabaki zuten txotxongilo jaialdia antolatzea. Erreferentziazko bilakatu da geroztik helduentzako txotxongiloen alorrean. Hogei urte baino gehiagoz egitasmoan izan duen jarraitutasuna nabarmendu dute antolatzaileek horregatik. «Handia ez izan arren, bere ibilbidean zehar mundu guztiko herrialdeetatik heldutako 140 artista eta konpainiak baino gehiagok bisitatu dute».
Gaur Mendebalde Urruneko estetikan oinarritutako Bang ikuskizun umoretsua eskainiko du Frantziako Volpinex konpainiak Zabalotegi aretoan, 20:00etan, eta Roberto White artistak, berriz, Variette White hitzik gabeko pieza poetiko eta umoretsua eskainiko du gaztetxean. 22:30ean izango da hori.
Eskuak eta lokatza
Larunbatekoa izango da egun handia, halere. Egun horretan izango da emanaldi kopuru gehien. Cal y Canto konpainiak, esaterako, Lost Dog... Perro Perdido emanaldiaren hiru emanaldi eskainiko ditu 13:00etan, 18:00etan eta 19:30ean. Madrilgo In-Pulso konpainiak Fauno. Lo bello y lo monstruoso dantza eta txotxongilo ikuskizuna aurkeztuko du Zabalotegi aretoan 20:00etan, eta La Industria Teatrera talde kataluniar-madrildarrak Naufragos lana eskainiko du San Martin plazan.
Igandean Errioxako El Patio Teatro taldeak A mano lanaren bi saio emango ditu. 18:00etan bata, eta 20:00etan bestea. Artistek beren eskuz kontatuko dute piezako istorioa, eta lokatzez egindakomaskara batzuk ere baliatuko dituzte. Stop Motion tailer bat ere egingo da larunbat goizean.
Helduentzako Txotxongilo Mostra asteburu honetan egingo dute, Bergaran
Atzo hasi zen jaialdia, eta, igandera arte, nazioarteko helduentzako txotxongilo ikuskizunak eskainiko dituzte herriko hainbat gunetan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu