Heletako Herriko Etxeak EHZren alde egin du

Otaba eliz besta gibelatzea erabaki du kontseiluak, jaialdia egiten den asteburuan izan ez dadin

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2010eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Heldu den urteko Euskal Herria Zuzenean jaialdia uztaileko lehen asteburuan eta Heletan iragaten ahalko da. Hasteko, udalak baimena eman dio, herenegun gauean egin bozketan hala erabakita. Otaba ospakizuna egunez aldatzearen alde egin du herriko kontseiluak. Izan ere, egutegi kontuak direla eta, heldu den urtean elizkizun hori uztailaren lehen asteburuan egin beharrekoa zuten herrian. Hau da, jaialdiko asteburuan. Jaialdiak jada herria bereganatzen duenez, biak batean egitea ezinezkoa litzateke segurtasunagatik, Philippe Etxepare Heletako auzapezak nabarmendu duenez. Besta Berri elizkizunari lotua den ospakizun bat da Otaba. Besta Berriren berrirakurketa gisako bat, nolazpait errateko. Besta Berrin bezala, plazara heltzen den prozesio bat ere badu, non elizako ordezkariaz gain herriko hautetsiek eta gazte anitzek parte hartzen baitute, besteak beste. Auzapeza barne, bederatzik bozkatu dute aterabide horren alde, eta hiru kontseilarik kontra. Auzapezari garrantzitsua izan zaio aterabide bat atzematea, jaialdia Heletan iragatea nahi baitu: «Zergatik utzi martxan den zerbait? Zergatik utzi behar dugu jaialdia partitzera? Nik ez dut horrela ikusten».

Elizako arduradunak, ados

Herriko apezaz gain, Elizako Baionako arduradunen baimena ere ukan dute egun aldaketa egiteko. Auzapeza herriko gazteekin eta merkatariekin ere bildu da, eta haiek ere ados azaldu dira. Aldaketarekin, Otabaren egunean elizako kermeza ere izanen dute; baina, halere, biak egun berean egiteko aukera ikusi dute. Goizean Otaba, eta ondotik kermeza.

Egun kontu horiek beren garrantzia badute. Besta Berri, konparazione, aldatu ezin den egun bat da. Elizak ez zukeen emanen, kasu horretan, egunaren aldatzeko baimenik. Otaba, ordea, Besta Berri baino malguagoa den egun bat da. Jaialdiak, berriz, hasieratik uztailaren lehen asteburua du bere egutegia, eta hor ere, egunez aldatzea ezinezkoa.

Horiek horrela, ez da errana Heletan iraganen denik heldu den urteko EHZ. Jaialdikoek herriko ostatuekin adostekoa dute oraindik beren partaidetza. Eta azken hitza, dena dela, jaialdikoen esku izanen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.