Heriorekin kontu kontari

Josu Waliñok heriotza ardatz duten ipuinak bildu ditu 'Heriotzak' liburuan, bere burua protagonista bihurtuta

Josu Waliño eta Iñaki Serrano Lasa, atzo, Donostiako Elkar dendan eginiko aurkezpenean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Bi pertsonaia ospitale batean, elkarri heriotzari buruzko istorioak kontatzen. Ez litzateke gertaera bereziki bitxia izango, ez balitz pertsonaietako bat heriotza bera delako. Josu da bestea, ospitalean dela gauero Heriok bisita egiten dion gaztea, eta hari ihes egiteko, heriotzari buruzko ipuinak asmatuko ditu, hari kontatzeko. Josuk eta Heriok elkarri kontatutako ipuinak ipuin liburu bihurtu ditu Josu Waliñok (Zumaia, 1972), eta Heriotzak liburua kaleratu du Elkar argitaletxearekin.

«Urtetan pilatutako hainbat ipuin» izan ziren abiapuntua. Hasieran ez zen ohartu denek gai batekin zutela lotura, heriotza agertzen zela guztietan, eta beste pertsona batek horretaz ohartarazi zionean, pentsatu zuen istorio paralelo bat eraikitzea. Ipuin gehiago ere idatzi zituen. «Heriotza aitzakia modura erabili nuen liburuan zehar bidaiatzeko». Idazlea bera da liburuko protagonista, heriotzarekin batera. «Elkarri istorioak kontatzen dizkiogu, ihes egin nahi horretan».

Waliñok liburua osatzeko erabili duen «formula klasikoa» nabarmendu du Antxiñe Mendizabal editoreak. «Mila gau eta bat gehiago-n Sherezadek heriotzari ihes egiteko ipuinak kontatzen zituen bezala, Josu liburu honetako protagonistak ere formula bera erabili du, heriotzari buruz istorioak asmatzen baititu». Intriga eta misterioa nahasten dira ipuinetan, eta, editorearen ustez, irakurleak bukaeraraino izango du jakin-mina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.