Heriotza eszenaratzea

Heriotza du ardatz gaur Azpeitiko topaketetan estreinatuko duten 'Heriotza bikoitza' antzezlanak. Jon Ander Alonsok zuzendu du lana, eta Eneko Sagardoi nahiz Miren Gaztañaga arituko dira oholtzan

Inigo Astiz
<i>Azpeitia</i>
2017ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Bistan ditu tripa guztiak oraintxe Azpeitiko Soreasu antzokiak (Gipuzkoa). Jon Ander Alonso zuzendariak soinu mahaitik gobernatzen du kaos neurtua aretoan, eta oholtzan teknikariak foku guztiak kokatzen eta kable guztiak pasatzen dabiltzan bitartean, kamerinoaren bakean elkarrekin errepasatzen dute antzezlanaren testua Miren Gaztañaga eta Eneko Sagardoi aktoreek. Eszenografiarik eta publikorik gabe mintzo dira heriotzaz. Jostari dabiltza hasieran, eta umorez ere bai tarteka, baina, bat-batean, gaiari aurrez aurre begira jarri ditu gidoiak. «Nik ez dut sinesten kasualitateetan», dio Gaztañagak.«Orduan zer?», galdetzen dio Sagardoik. «Antzokitik etxera bidean auto istripu batean hilko banintz, benetan hil, orduan zer?». Isiltasun une bat. «Berdin. Hemen egin beharrekoak egin dituzula pentsatuko dut», Gaztañagak. Sagardoi berriz: «Egin beharrekoak egin ditudala? 23 urterekin?». Isiltasuna. Eta mihi kolpe batez adierazten du Gaztañagak hurrengo eszenarako trantsizioa. Orain urtebete pasa hasi ziren Heriotza bikoitza antzezlana prestatzen, eta gaur estreinatuko dute Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetan. 21:30ean izango da ospakizuna.

«Hutsetik hasi ginen testuarekin», aitortu du Alonsok. Aspaldi zebilen gaia oholtzara eramateko ideiarekin bueltaka, baina Bizitzaren eta heriotzaren liburu tibetarra irakurtzerakoan erabaki zuen heriotzari eskainitako pieza bat sortu behar zuela. Bildu zuen lantaldea orduan, eta liburu hori oinarri hartuta hasi ziren lanean. Aurretiazko gidoirik gabe. Kolektiboan. Aktoreen inprobisazioak abiapuntu hartuta. «Kontzeptua nik jarri nuen, eta ni nabil zuzendari, baina guztion artean egin dugu testua, eta guztiok egin dugu antzezlana».

Hari narratibo definiturik gabe, bi aktoreen arteko elkarrizketak dira piezaren osagai nagusia. Haiekin batera, ordea, heriotzatik gertuko esperientziak izan dituzten hainbat pertsonaren testigantzak ere proiektatuko dituzte antzezlanean. «Erronka bat izan da haien hitzak txertatzea», azaldu du Alonsok, «baina oso pozik gelditu gara emaitzarekin».

Soila da eszenaratzea. Kutxa moduko bat baino ez eszenaren erdian, aktoreak, bi pantaila, eta ezer gutxi gehiago. Estetika oso zainduarekin dena. «Piezak badu poesia bisuala, baditu momentu oso intimoak, eta badauka absurdotik ere zerbait», laburbildu du zuzendariak.

Finantzaketa kolektibo kanpaina bat jarri zuten martxan orain urtebete, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren laguntzak ere izan dituzte antzezlana sortzeko. Hainbat egonaldi egin dituzte bide horretan, eta hala heldu dira Soreasu antzokiko estreinaldiaren atarira.

Lausotutako mugak

Kamerinoan, funtziorako goitik behera jantzita daude Sagardoi eta Gaztañaga, kasik prest, baina azken ukitu batzuk emateko garaiz halere, Gaztañagak oraindik zapatatik zintzilik daraman etiketak erakusten duenez. Sagardoi dabil orain bere gidoi zatia ematen. Jostari berriz ere hasieran: «Heriotza ikusi nuen lehen aldia izan zen etxean geneukan kanario luma hori-horidun bat hil zenean. Bere izena zen Mirri. Baina hura hil zenean erosi genuen beste bat, eta horri ere Mirri izena jarri genion, eta horrek ere luma hori-horiak zituen, eta izan zen hil izan ez balitz moduan». Argentinar psikoterapeutaren paperean eman dio segida gero Gaztañagak, baina 22 urte zituela hil zen bere laguna hartu du mintzagai Sagardoik ondoren. Muga horretan dabil gidoia etengabe: sartu-irtenean aktoreen benetako bizipenen eta haiek eraikitako pertsonaien artean.

«Plazer hutsa izan da», azaldu du Gaztañagak. «Halako prozesuetan difuminatu egiten dira mugak, eta ni hor oso gustura nago: aktorea sortzaile ere bihurtzen da, eta denak mugitu gara gure paperetatik kanpo». Eta pozik Sagardoi ere prozesuarekin. «Heriotzaren gaia aurreiritzirik gabe lantzea izan da erronka. Heriotza gure bizitzetara ekartzea, guk zerekin lotzen dugun ikustea, eta gure bizipen horiei oholtzarako forma bat ematea». Antzezlanak publikoarengan eragingo duen oihartzuna izango da haien arrakastaren giltza orain, aktoreak dioenez.

Zuzeneko kamerak

Bi aktoreekin batera oholtzan izango dira Pello Gutierrez eta David Aguilar bideogileak ere.Zazpi T'erdi taldeko kideak dira biak, eta hasieratik izan dira sorkuntza prozesuaren parte. Haiek grabatu dituzte heriotzatik gertuko esperientziak izan dituzten pertsonen lekukotzak, eta emanaldian ere aktoreen aurpegiak eta keinuak grabatzen arituko dira. Horri esker, bi pantailaren bidez, publikoak lehen planoan ikusi ahalko ditu Gaztañagaren eta Sagardoiren keinuak. «Bideoaren bitartez, heriotzaren mundu misteriotsu hori irudikatzea da asmoa», azaldu du Gutierrezek.

Prozesuaren parte izan da Ane Urtizberea estilista ere, eta, dioenez, etengabeko soiltze ariketa bat izan da berea. «Antzezlanak aurrera egin ahala, arropak ere moldatzen joan gara». Paula Olazek egin du soinu-unibertsoa, Alvaro Ledesma izan da eszenografoa, Mikel Zumetak gidatu du dramaturgia, eta Arantza Floresek sortu ditu argi-jokoak.

Propio sentitzen dute aktoreek ere antzezlana. Gaztañaga: «Halako prozesuetan, estreinaldi aurretik izaten diren nerbioak bestelakoak izaten dira. Badakizu hor dagoena zurea dela, ez zaude norbaitek esandakoa ongi beteko duzun pentsatzen, bestelako urduritasuna da». Azken batean, aktoreak dioenez, parte batean, beren bizitza da gaur eszenaratuko dutena. Beren heriotza.

EMANALDIAK

Azpeitia. Gaur, Soreasu antzokian, 21:00etan.

Errenteria. 2018ko urtarrilaren 14an, Niessen antzokian.

Donostia. Otsailaren 24an eta 25ean, Gazteszenan.

Durango. Maiatzaren 25ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.