Zinema. Estreinaldiak

Heriotza ikasgelan

Hezkuntzaren gabeziez eta heriotzaren minaz gogoeta egiten du Philippe Falardeauren 'Monsieur Lazhar'-ek

Philippe Falardeauren Monsieur Lazhar filmeko irudi bat. Z / BESTEAK.
gorka erostarbe leunda
2012ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Genero bat osatzen dute irakaskuntzaren edo hezkuntzaren ingurumarian kokaturiko filmek. Bertrand Tavernierren Ça commence aujourd'hui (1999), Nicolas Philiberten Être et avoir (2002), eta Laurent Canteten Entre les murs (2008) dira frantsesezko zinemagintzak azken urteetan eman dituen adibideetako batzuk. Horien guztien arrastorik badu Philippe Falardeauren (Quebec, 1968) Monsieur Lazhar filmak (Profesor Lazhar Hego Euskal Herriko zinema aretoetan). Frantsesez filmatua dago hura ere, baina ikuspuntu berritzaileago bat proposatzen du.

Irakasleen garrantzia azpimarratzen du Falardeuren filmak ere, beste gehientsuenek bezala, baina batez ere heriotzaz hitz egiten du, hasiera-hasieratik hitz egin ere. Ume batek bere irakaslearen hilotza topatuko du habe batetik zintzilik. Gertaerak ikastetxea astinduko du, astinduko ditu irakasleak, gurasoak, ikasleak… Eta, halako batean, hildakoaren ordezko gisa aurkeztuko digu filmak Lazhar jauna, jatorri aljeriarreko irakaslea, zeinak frantsesezko eskolak baino zerbait gehiago erakutsiko dien bere ikasleei.

Evelyne de la Cheneliek idatzitako izen bereko antzezlanean oinarriturik dago filma. Beharrezko bezain probokatzaile, tabu ere baden gai bat proposatzen du zinemagile quebectarrak. Gertutik ukitzen gaituen heriotzari buruz hitz egiteko beharraz ari da, hain zuzen ere, sarriegi ezkutatu egiten den gaiaz. Eta hainbat galdera jaurtitzen ditu. Hezi al daiteke iheserako joera abiapuntu izanik? Nola sinis liteke ezarritako sistema batean, ikasgelako lau hormetatik kanpora izugarrikeriak gertatzen ari diren bitartean? Monsieur Lazhar-ek karga sozial handiarekin egiten du galdera horiei erantzun bat emateko ahalegina. Zer eta nola erakutsi. Ikuslea galdera horiek egitera behartuko du. Horretarako, erradiografia gordina egiten du: agertu ere egiten ez diren gurasoak, ihesean dabilen zuzendari taldea,eta edukiak transmititzearen edo sentimenduak jasotzearen artean ezbaian dabilen irakaslearen presentzia.

Film konprometitua da Falardeauren laugarrena. Ikasgelan (eta etxean) erakusten eta irakasten ez denaz gogoeta egiten du. Eta, hartarako, ez du behar baino informazio gehiago ematen. Pertsonaiak ez ditu hasieratik aurkezten, eta ez du gertatuko dena aurrez azaltzen. Esaterako, ikastetxean inork ez daki irakasle berriaren iragan traumatikoaren berri —aparteko lana egiten du Mohamed Fellag aktoreak—, eta inork ez du susmatzen ikaraz bizi dela, bere jatorrizko herrialdera deportatuko duten ikaraz. Aurtengo Oscar sarietarako hautagai izan zen ingelesez besteko alorrean. Ez zuen garaile izatea lortu, Jodaeiye Nader az Simin Asghar Farhadi iraniarraren filma saritu baitzuten. 2011ko Torontoko zinema jaialdian film kanadar onenaren saria eskuratu zuen. Eta publiko onenaren saria, berriz, Locarnoko jaialdian, Suitzan.

Telebistako errealizadore lanean hasi aurretik zientzia politikoak ikasi zituen Philippe Falardeauk. La Moitié gauche du Frigo (2000) izan zuen bere lehen film luzea, eta Jutra saria eskuratu zuen, Torontoko jaialdiko opera prima onenarenaz gain. Congorama (2006) bigarren lanarekin ere hainbat sari bereganatu zituen, eta It's Not Me, I Swear (2008) hirugarrenarekin bigarren mailako beste hainbat, Berlingo zinema jaialdian.

'MONSIER LAZHAR'

Zuzendaria:Philippe Falardeau.

Aktoreak: Mohamed Fellag, Sophie Nelisse, Emillien Neron, Marie-Eve Beauregard, Vincent Millard.

Herrialdea: Kanada.

Urtea: 2011.

Iraupena: 94 minutu.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.