Anjel Illarramendi. Musikagilea

«Herri bakoitzak bere artistak onartzea izaten da gauza politena»

Sortuak dituen zazpi sinfonietatik laugarrena estreinatu zioten hilaren hasieran, Granadan, Espainian. Kaosetik abiatuta harmonia bilatzen segitu nahi du, pazientzia eta umorea bidelagun dituela.

gorka erostarbe leunda
Hondarribia
2012ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
«Andoni, Andoni, ate ondoan nago ni...» kantari hasi zaio argazkilariari, atean jartzeko agindu dionean. Umoretik sobera du Angel Illarramendik (Zarautz, 1958). Jakitun da musikarentzat ere ez direla garai onak, baina kantatzeak barrena lasaitu eta alaitzen duela dio. Gainera, badu alai egoteko motiborik ere. Ekainaren hasieran haren laugarren sinfonia estreinatu zuten Granadan (Espainia), Manuel de Falla antzokian. 1993an idatzi zuen sinfonia, baina ia hogei urte behar izan ditu estreinatzeko. Lekua eta harrera ezin hobeak izan ziren, konpositorearen hitzetan. «Antzokia ikaragarria da, Alhambra parean dago eta akustika propioa dauka, oso polita. Oso gustura geratu ginen». Musika sortzen duen lekua ere toki ezin hobean dago. Estudioa Jaizkibel mendiaren magalean dauka, Hondarribian (Gipuzkoa).

Aiako Harria parez pare, eskuinetara; Larrun ezkerretara, eta Jaizkibel bizkarrak zaintzen. Zer inspiratzen dizu paisaia honek?

Garrantzitsuena bizitza da, jaiki bezain pronto pertsona nola sentitzen den. Paisaia honek sentimendu on bat sorrarazten dit, bizitasun bat ematen dit, energia korronte on bat. Hala ere, munduko edozein lekutan inspira ninteke. Balio duena bizitza da. Bizitzatik aparte ez dago ezer ere. Bizitza da inbentatzen ez dena, eta horrek balio du. Garrantzitsuena irekia egotea da, gauzak hartzeko jarrera izatea. Gizon-andreak hartzaileak gara, eta artistak, horretara jartzen garenez, agian pixka bat gehiago. Energia hori bizitzea, energia hori jasotzea da garrantzitsua.

Arraioa! Laugarren sinfonia 1993an sortu zenuen eta 2012ko ekainaren hasieran estreinatu duzu oholtzaren gainean. Ez da hori izango tempo logikoena, ezta?

Ez da, ez, tempo logikoena, baina musika sinfonikoan hala izatenda. Nire zazpigarren sinfonia 2009an estreinatu zen. Nahiko zaila da sinfonia bat estreinatzea. Laugarren sinfonia oso freskoa da. Hortik datorkio izena. Hiztegian begiratuz gero, ingenua-k gaztelaniaz libre eta ausart ere esan nahi du, baina denboraren poderioz beste aldaera bat hartu du. Sinfonia hau sortu nuenean musika eta artea oso intelektualizaturik zeuden, orokorrean. Nire proposamena gauza diferente bat egitea izan zen, zerbait freskoa egiteko dinamika bat sortzea.

Eta nola abiatu zenuen desintelektualizazio prozesu hori?

Ume bihurtu nintzen. Teknika batekin, noski. Granadako Manuel de Falla antzokian estreinatzea proposatu zidatenean, jende gaztearekin... Sinfonia honentzat proposamen propio egokia iruditu zitzaidan. Gustatu egin zitzaidan ideia hori.

Hainbeste urte igaro eta gero, eta Granadan estreinatu zen. Euskal Herrian ez dute nahiko interes agertu?

Ez dakit, ba... Euskadiko Orkestra Sinfonikoak gaur duen zuzendaritzarekin gustura nago. Orain dela gutxi estreinatu zidaten hirugarren sinfonia. Baina pentsatzen dut euskal konpositoreek sorturiko gauza gehiago estreinatu behar direla. Zertarako behar dugu Euskal Herriko orkestra sinfoniko bat? Apaingarri modura?Brahms estreinatzeko? Hori ere bai, noski. Baina dinamika bat sortu behar da...

Erakundeek gehiago egin behar lukete?

Nik baietz pentsatzen dut. Herri bakoitzak bere artistak onartzea izaten da gauza politena. Euskal Herrian betidanik izan da energia handia. Oso errespetatuak izan dira ingeniariak, enpresariak... Baina erakundeek ez dute konfiantza hori artistekin. Horrek asko balio du, herrian sortzen dena zabaltzen laguntzea.

Eta zer gertatzen da? Konplexuak?

Bai, askotan bai. Badirudi zain daudela; zain lan bat New Yorken estreina dadin, gero hemen estreinatzeko, eta aldrebes da kontua. Hemen estreinatu eta gero kanporatzen lagundu behar lukete. Gauza bitxia da: Magdalena Llamas soprano espainiarrak kantatu du laugarren sinfonia horretan. Bera Almeriakoa da, eta Euskal Herrira etorri zen euskararen musikaltasunarekin ohitzera, euskarazko testuak baititu lanak. Berak egin zuen esfortzu hori.

Zazpi sinfonia dituzu sortuak, eta bizpahiru argitaratuak. Krisiaren ondorio al da hori ere?

Hirugarren sinfonia, zazpigarrena, poema sinfoniko bat, eta suite bat ditut diskoan argitaraturik. Denetik dago horren atzean. Obra sinfoniko bat diskoan grabatzeak diru askoko kostua dauka. Ez da erraza. Ez da garai onena horretarako, gainera. Kate handi bat da hau. Espero dut pixkana-pixkana joango direla grabatzen. Laugarren sinfonia hau Granadan grabatzea pentsatu genuen, zuzenean, baina azkenean aukeratu dugu lasai egotea eta akaso aurrerago grabatzea. Hirugarren sinfonia, adibidez, zuzenean grabatu genuen, mikrofono batzuk jarrita. Gertatzen dena da zuzenean zikina ateratzen dela asko, zaratak, eztulak... eta garbitzea kosta egiten da. Freskura badu, baina...

Zazpi sinfoniak zazpi seme-alaba bezala maite dituzula esango duzu, baina bakarren bati izango diozu begirune handiagoa.

Denak desberdinak dira. Eguneroko bat bezala direla esaten dut, nire garai bakoitzaren isla. 1984an sortu nuen aurrena, eta orduan 26 bat urte nituen. Beste garai bat zen... Barruan duzuna lantzea da sinfonia. Musika musikatik sortzen da. Sinfonia da forma libreena. Oso berezia da.

Behin baino gehiagotan esan duzu sinfonia dela gune sonoro libreena. Zer esango dute jazzeko musikariek hori entzunik?

Jazza oso diferentea da. Jazza, neurri handi batean, inprobisazioa da. Ni musikaria banintz, instrumentista banintz, jazz musikaria izango nintzateke. Hori baino politagorik ez dago. Bikote bat, hirukote bat, laukote bat edo dena delakoa elkarrekin jotzen hastea eta dibertitzea. Konpositore baten lana desberdina da, ordea. Norberaren unibertsoa landu behar izaten du konpositoreak. Hortaz, jolas bat da, abentura bat. Abentura hori konstrukzio bat da. Ordena bat sortu behar da, eta ordena horretan norberaren sentimenduak bota. Ez da erraza. Soinu guztiak ateratzeko, ehundura ateratzeko, landu egin behar da hori.

Konpositore kantaritzat daukazu zeure burua. Zer esan nahi du horrek?

Nik dena kantatzen dut. Konposatzen dudan nota bakoitza kantatzen dut. Nire unibertso barrutik, nire bizipenetatik kantua ateratzea da nire egitekoa. Kantua esateko modu bat da; pieza musikala nahi bada.

Nondik abiatzen zara sortzeko orduan. Ideia abstraktu batetik, musika tresna baten notetatik, ordenagailutik?

Normalean ideia bat izaten da, frase musikal bat. Sinfoniak frase batetik abiatu izan ditut. Askotan pentsatzen da honakoa: «Abiatzeko ideia on bat behar diat». Baina pentsamendu horrekin askotan blokeatu eta ez zara hasi ere egiten. Hortaz, frase bat topatzen dut, zortzi-hamar notako frase bat. Gustatuz gero, frase hartatik tiratu eta pixkana sortzen joan. Erremintatzat pianoa erabiltzen dut. Ez naiz pianista, jakina, baina sortzeko erreminta gisa pianoa erabiltzen dut, oso polifonikoa delako. Instrumentu osoena organoa da, eskuekin eta hankekin jotzen delako, baina pianoa oso harmonikoa da, eta asko balio du musika sortzeko.

Hona topiko bat: musika garaikidea deitzen den hori ez dela jendearengana iristen. Horrela da, edo jendea da musika garaikidera iristen ez dena?

Lengoaia kontua baino ez da hori. Arte guztiak kaos batetik hasten dira. Artistak kaos hori ordenatu egin behar du, kaos hori bideratu egin behar du. Horri lengoaia bat eman jendeak onartzeko. Nire iritzia da musika asko, eta beste arte zenbait ere bai, ez direla kaos horretik ateratzen, ez direla gai kaos hori ordenatzeko. Hor geratzen dira. Obra askori gertatu zaio urteak pasatuta ere ez dituela onartu gizarteak. Urrats bat aurrera egin duten obra guztiak denborarekin onartuak izan dira, ez akaso lehen estreinaldian, baina bai gero. Bi urte geroago, edo bost urte geroago, edo hamar urte geroago, baina iristen dira jendearengana. Baina obra bat ez bada onartzen 20 urtean edo 30 urtean edo 50 urtean, hori agian huts egindako obra bat da. Niretzat garai bat egon da oso gogorra; musika asko intelektualizatu egin da, eta hori ez da ona, nire ustean.

Alegia, herri musika edo popularretik gehiago eduki beharko luke garaikidea deitzen den horrek?

Musika musika da. Artea artea da. Musika garaikidearen izendapenak grazia egiten dit. Musika garaikidea da rocka, eta zinema musika... orain egiten dena da. Konplexuak baino ez dira. Beste kontzeptu arriskutsu bat berrikuntza da. Berrikuntza, berez, ona da; gauza berriak egitea ondo dago. Baina buruan gauza berriak egitea besterik ez baduzu... segi aurrera, eta gero aurrerago, eta zer topatuko duzu? Unibertso horretan, espazio horretan, bakoitzak berea bilatzen du. Nik ordena harmoniko bat topatzen dut, baina niretzat oso garrantzitsua da kaos hori bideratzea, jendearen arimara iritsi ahal izateko.

Francisco Escudero izan zenuen irakasle. Ehun urte bete dira aurten jaio zela. Zein da hark utzi zizun irakaspen nagusia?

Libertatea, dudarik gabe. Oso maisu atsegina eta ona izan zen. Eta oso jakintsua, jakina. Baina, batez ere, askatasunaren kontzeptua erakutsi zidan. 
Escuderok beti esaten zuen: «Nik teknika bat erakutsiko dizut, baina zuk zure nortasuna garatu behar duzu, askatasunetik abiatuta».

Nahikoa aitortza jaso al du Escuderok Euskal Herrian?

Pentsatzen dut gehiago estreinatu behar direla euskal musikagileen obrak, dinamika polit bat sortu behar dela, mugimendu handiagoa. Hori lortzen badugu, gauza ederra litzateke.

Zu ere aritu zinen irakasle garai batean. Nola ikusten duzu musikaren irakaskuntza gurean?

Bai, harmonia irakasten nuen duela hogei bat urte.Musika eskolak eta kontserbatorioak ezinbestekoak dira, hau kate lana baita.

Zuk zer entzuten duzu etxean gaur egun?

Nik denetik entzuten dut, benetan. Jakina, musika sinfonikoa entzuten dut. Oraingoa eta lehengoa. Folka ere asko entzuten dut. Rockzalea ez naiz, baina rock batzuk gustatzen zaizkit; Bob Dylanena, esaterako, edo 70eko hamarkadako rock bat, Pink Floyd, Jethro Trull... Rock kañero-a gehiago kostatzen zait onartzea. Zinema musika asko gustatzen zait.

Eta kantatu?

Asko. Familiarekin, lagunekin, parrandetan... Gitarrarekin eta gitarra gabe. Asko galdu da kantatzeko ohitura. Belaunaldi berriek ez dute ia kantatzen. Etorkizuna hori da, kantatzea. Gaizki gabiltza. Asko sustatzen da hau eta bestea egin behar dela, bidaiatu egin behar dela, hau eta hori ikusi behar dela; dena egin behar da. Kalera irten eta kantatzea, hori da egin behar dena. Hain gauza sinplea. Tristea da geroz eta gutxiago kantatzea, ze normalean pertsonak kantatzen duenean bere aurpegirik onena azaltzen du, arima botatzen du. Gizartean txorakeria asko dago. Eta une honetan sustatzen da dena txarra dela, dena galarazi behar dela. Ba, kantatzea ezin dute galarazi, eta hori egin behar da, kalera irten eta kantatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.