Kantagintzari, doinuak ez ezik hitzak utzi dizkio Xabier Letek. Musikaria baino gehiago idazle izan zen; poeta, batez ere. Eta bere diskoen bidez ez ezik, beste hainbat musikariren eskutik egin dira ezagun haren olerkiak, haietariko batzuk herri kanta bihurtzeraino.
Benito Lertxundi izan zen Leteren poemak musikatzen lehenengoetarikoa. Ez Dok Amairuko garaietan kaleratutako lehen diskoetan, haren hitzak baliatu zituen Bihar itxaropen, Gazte sentimental, Itzak dira itzak eta Ez kanta beltza kantuetan. Ordurako, bikotekide zuen Lourdes Iriondo, eta harentzat ere kantu ugari ondu zituen Letek; Iriondoren ahotsarekin egin ziren ezagun Gaua eta Ez nazazu utzi, 1960ko hamarkadan.
Ez Dok Amairu deseginda, Iriondorekin eta Antton Valverderekin jarraitu zuen kantagintzan, eta emanaldi ugari egin zituzten hirurek elkarrekin. Ordukoak dira Iriondok bere bigarren lan luzean (Lourdes Iriondo, Artezi, 1974) argitaratutako Hala ere eta Ixiltasuna. Halaber, Valverde izan da Leteren poema gehien musikatu dituen abeslarietako bat. Esaterako, 1975ean kaleratutako lan luzean,Hitzez hitz eta Itsuak ezin ikusi jaso zituen. 22 urte geroago kaleratutako Larogeitamazazpi diskoan, berriz, Leteren hiru olerkiri eta itzulpen bati jarri zien doinua; tartean dira Nafarroako azken erreginak Donapaleun eta Ihesa zilegi balitz kantuak.
Azken kanta hori Mikel Laboak ere musikatu zuen. 1985ean kaleratutako 6 diskoan eman zuen argitara Laboak Ihesa zilegi balitz kantua lehen aldiz -1997ko zuzeneko diskoan ere jaso zuen gerora-, eta Leteren beste poema batekin ondutako beste kantu bat jaso zuen disko hartan: Negu hurbilak. Ordurako, halere, idazlearen poemak baliatuta hainbat kanta sortuak zituen Laboak; 1974an kaleratutako Bat-Hiru diskoko Bedeinkatua, esaterako. Eta sei urte geroago iritsi zen Laboaren beraren kanturik ezagunenetariko bat bihurtuko zena: Izarren hautsa poema musikatua, Lau-Bost diskoan jasoa.
Xalbadorren omenezko kanta
Izarren hautsa-rekin batera, Xalbadorren heriotzean izango da Letek idatzitako kantuetan ezagunena. Biak ala biak kantatu zituen Letek berak, baina ezagunago egin dira lehenarekin Laboak eginiko bertsioa eta bigarrenarekin Erramun Martikorenak eginikoa. Lore bat, zauri bat diskoan (Herri Gogoa, 1978) argitaratu zuen kantua Letek, eta 1993an haren bertsioa Martikorenak, Olerkarien oihartzun (Elkar) lanean. Ordutik hona, hainbat musikarik moldatu dute beren estilora, Leteren gehien kantatutako abestia izateraino. Pier Paul Berzaitz eta Petti kantariek eta Luhartzeta Mugaldekoak taldeek ekarri dute beren lanetara, eta euskal kantuen bilduma askotan jaso dute.
Leteren poema gehien musikatu dituztenen artean dago Imanol Lartzabal. 1982an, Iratze okre geldiak lanean lau olerki jaso zituen, eta 1985ean, Oroituz-en, beste hiru; tartean, Zure tristura eta Laboak ere kantatutako Ez nau izutzen negu hurbilak.
XABIER LETEREN HERIOTZEAN
Herri kanta bihurtutako hitzak
Leteren olerki ugari musikatu eta ezagutzera eman dituzte Imanolek, Lertxundik, Valverdek, Laboak eta beste askok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu