Juanjo Oconen gidaritzapean, Euskadiko Orkestrako eta Kalakan taldeko musikariak elkarrekin entseguak egiten dabiltza egunotan, Donostian orkestrak duen egoitzan. Euskal tradizioko kantuak elkarrekin zabaltzeko xedea duen proiektu bat ari dira lantzen. Jagoba Astiazaran musikari eta musikagileak hamabi kanturen orkestrarako moldaketak egin ditu, eta horiek disko batean bilduko dituzte. Udazkenean, Elkar etxearen zigilupean argitaratzearekin bat, diskoa aurkezteko kontzertu bira bat egingo dute elkarrekin. Iruñean, Gasteizen, Bilbon, Donibane Lohizunen eta Donostian izango dira emanaldiak, eta Oconen zuzendaritzapean ariko dira musikariak.
Ez da Euskadiko Orkestra eta Kalakan elkarlanean aritzen diren lehen aldia. 2019-2020ko abonu denboraldian, Gabriel Erkorekaren Zuhaitz obraren estreinaldia eman zuten elkarrekin, Juanjo Menaren zuzendaritzapean. Jamixel Bereauk, Xan Errotabeherek eta Bixente Etxegaraik txalaparta, alboka, txirula, adarra eta beste hainbat musika tresna jo zituzten orkestrarekin, eta «bi soinu mundu» uztartu zituzten ordukoan. Orain, ildo horri jarraipena emango diote, Euskadiko Orkestrak duela bi hamarkada martxan jarri zuen KlasikAT proiektuaren barruan. Errepertorio klasikotik harago doazen edozein generotako musikak lantzea du helburu egitasmo horrek, eta urteotan esparru sinfonikokoak ez diren hainbat musikarirekin egin du lan orkestrak, besteak beste, Benito Lertxundi, Golden Apple Quartet, Michel Camilo, Emilio Aragon, Kepa Junkera, Mike Oldfield, Ken Zazpi, Doctor Deseo, Zea Mays, Huntza eta Izarorekin.
Herri musika izango da proiektu berriaren ardatza. Hala, Kalakanek urteetan landutako errepertorioa mundu klasikoarekin uztartzea izango da xedea. Horretarako, hirukoteak eta Jagoba Astiazaranek euskal tradizioko hainbat kantu aukeratu zituzten elkarrekin, hamabi guztira, eta horiek orkestrarako moldatu ditu musikagileak. Aurreratu dutenez, musika tresna tradizionalek pisu nabarmena izango dute, eta orkestrako gainerako instrumentuekin uztartuko dira diskoan eta emanaldietan.
Besteak beste, Xalbadorren hitzak izango dituzte hainbat piezak, eta Txoria txori-ren bertsio bat ere ari dira lantzen, baita Kalakanen kantu ezagunen moldaketak ere.
Lehen entseguetan ari dira oraindik, eta diskoa maiatza eta ekaina bitartean grabatzeko asmoa dute. Kontzertuetarako datak ez dituzte oraindik iragarri, baina urrian eta azaroan izango direla aurreratu dute; urrian plazaratuko du, halaber, diskoa Elkar etxeak.