Herri kulturaren transmisio bideak ikertzeko, eragiteko eta gauzatzeko hainbat sortzailek eta kultur eragilek eraturiko Arteola elkarteak sortu du proiektua, eta Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearekin elkarlanean gauzatu du, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren diru laguntzaz. Musika eskolen sarean Euskal Herrian aspaldian sortutako herri musika irakasgai ez izateari «larria» deritzo Arteolak, «herri musika edozein sistematan txertaturik izatea baitezpadakoa baita». Haren transmisioa eta biziraupena bermatu ezean «gure biografiaren zati garrantzitsua den ondare bizi hori museoko pitxi bilaka liteke». Aho bete kanta liburu eta DVD-ak proiektuaren izenak keinu egiten dio Aho bete doinu (Kutixiak, 2001) elkarrizketa liburuari ikasleekin landu dezaten 250 kantuz osaturiko material didaktikoa uzten du Euskal Herri osoko irakasleen esku. Lau urtetan material hori mila kantuz osatzea da asmoa.
Margarita Lorenzo Reizabal konpositore, orkestra zuzendari eta Leioako (Bizkaia) Udal Kontserbatorioko armonia eta konposizio katedraduna arduratu da orkestrarako eta talde instrumentaletarako kantuak didaktikaren ikuspegitik berrikusi, aztertu eta sistematizatzeaz. Bildutako materialaren egokita-suna azpimarratu du. «Kalitate handiko material didaktikoa osatzeko aproposa eta erabilgarria da: Mozarten minueto bat edo Corelliren concerto grosso bat bezain egokia, hain zuzen, egokiagoa ez bada». Musika klasikoaren aldean herri musika gutxiesteko joera okerra dela dio Lorenzo Reizabalek: «Ohikoa da musikaren irakaskuntza fin eta zorrotz baterako nahiko garatua ez dela pentsatzea. Ez da hala, inondik inora. Egia da Musikaren Historiako maisu handien jeinutasun ukitua falta dutela herri doinuek, herri kanten harmoniak oinarrizko akordeez osatzen direla, kolore eta modulazio gutxikoak izaten direla, soinu mailako iraultza eta berrikuntza handirik ez dutela izaten, baina egia da herri musikarekin oso erraz identifikatzen garela, eskaintzen digun soinu unibertsoa oso hurbila zaigu, lurtarra, egunerokoa, eskuragarria eta ulergarria».
Orkestrarako zein rock taldeetarako
DVDak biltzen du Aho bete kanta egitasmoaren muina. 250 kantuak zortzi ataletan banatuta daude. Orkestrarako eta talde instrumentaletarako moldaketek osatzen dute multzo nagusia, 120 kanturekin. Pianorako, trikitixarako eta rock taldeetarako moldaketek 30na kantu hartzen dituzte, eta dantzari buruzko atalak 20. Azkenik, Oskorri eta Hiru Truku taldeek hamar kantuz osaturiko atal bana dute. Juan Carlos Perez, Bingen Mendizabal, Bixente Martinez, Iñaki Salvador, Juan Antonio Urbeltz eta Fermin Muguruza izan dira atal horietako arduradunetako batzuk.
Kanta bakoitzaren jatorrizko grabazio osoa edo zati luze bat entzun ahal izateaz gain, bere testuinguruan kokatu ahal izateko informazio ugari eskaintzen du DVDak: interpretearen biografia (Pako Aristik idatzi ditu artista gehienenak hala nola 1960. urtetik gaurdainoko euskal musikaren historiaren laburpena libururako), diskoaren azala, argitalpen urtea eta disketxea, kantaren hitzak, eta egileari zein kantuari buruz hainbat kazetarik, idazlek, bertsolarik edota musika adituk idatzitako iruzkinak. Langai pedagogikoari dagokionez, kanta bakoitzaren gainean musikari batek egindako moldaketa eta hura entzuteko aukera, partitura eta particellak, fitxa didaktikoak, moldatzailearen ohar biografikoak eta iruzkin osagarriak biltzen ditu ikus-entzunezko materialak. Liburuak berriz, atal bakoitzeko arduradunaren azalpenak biltzen ditu.
Liburua eta DVDa Euskal Herri osoko musika eskoletan banatuko dira.
'Aho bete kanta' egitasmoaren atalak
Orkestra
Arduradunak: Juan Carlos Perez, Aitor Amezaga, Bingen Mendizabal.
Moldatzaileak: Juan Carlos Perez, Jose Luis Canal, Xabier Sarasola, Jabi Ituarte, Jesus Castillejo, Aitor Amezaga, Bingen Mendizabal.
Kantuak: 90.
Helburua: Margarita Lorenzo Reizabal didaktika arduradunak esana: «Material honetarako moldaketak egin dituzten konpositoreek euren bertsioak prestatu dituzte; hori bai, helburu pedagogikoa izan da beti. Horrela, batzuek jatorrizko bertsioan ageri ez ziren egitura-elementuak erantsi dituzte (zubiak, interludioak, kodakÉ). Beste zenbaitetan, harmoniak edo erritmoak soildu egin dira, ikasleek errazago irakur ditzaten (É). Moldaketak egilearen bertsiotik ahalik eta hurbilenekoak izan daitezen saiatu gara, baina lehentasuna eman diogu erritmoak, tonalitateak, harmoniak eta testurak pedagogikoki egokiak izateari».
Gitarra eta ganbara-taldea
Arduraduna: Bixente Martinez.
Moldatzailea: Bixente Martinez.
Kantuak: 30.
Pianoa
Arduraduna: Iñaki Salvador.
Moldatzailea: Iñaki Salvador.
Kantuak: 30.
Helburua: Arduradunak esana: «Piano ikaslearentzako abiapuntu izan nahiko lukete moldaketa hauek. Musikari gisa autonomo izateko bidea zabaltzea da helburua: abesti bat hainbat modutan jo daiteke, eta, libreki interpretatuko bada, beharrezkoa da haren piano garapenaren arkitektura ulertzetik abiatzea».
Oskorri
Arduradunak: Anton Latxa, Bixente Martinez.
Moldatzaileak: Anton Latxa, Bixente Martinez.
Kantuak: 10.
Helburua: Arduradunek esana: «Kantuak ez dira jaiotzen kristalezko kaiola batean kontaminatu gabe egoteko. Kantuak jaiotzen dira jendeen artean bizi izateko, kaleko hautsek eta tabernetako keek zikinduta, eta eztarri guztiek kantatuta, berdin da ondo edo gaizki. Hau lortzen duen kantuak bere zeregina bete du, hain zuzen, jendearen parte bihurtzea, norberaren bizitzan lagungarri eta plazer iturri bihurtu delako».
Hiru Truku
Arduraduna: Bixente Martinez.
Moldatzailea: Bixente Martinez.
Kantuak: 10.
Helburua: Arduradunak esana: «Hiru Trukuk ematen dituen kantak belaunaldiz belaunaldi ahoz aho transmititu dira, eta hau dela eta, belaunaldi bakoitzak kantaren bere uneko bertsio edo aldaera egin du, beti oso modu librean. Eta honela izan da munduko herri musika guztietan, belaunaldi bakoitzak aurrekoarena aldatu eta eboluzionatu egin du bere erara (É). Hiru Trukuk hori baino ez du nahi, bakoitzak gure kanta tradizionalak nork bere erara interpreta ditzala, honelaxe bizik izango baita herri musika».
Dantza
Arduraduna: Juan Antonio Urbeltz.
Moldatzaileak: Mikel Urbeltz, Marian Arregi, Oskar Gartzia (orkestrazioa).
Kantuak: 20.
Helburua: Arduradunak esana: «Euskal Herriko zenbait dantzaren kantak bildu dira atal honetan, gure folklorearen erakusgarri txikia osatzen dute. Dantza hauek guztiak txirularen / txistuaren errepertoriokoak direnez, hauetako 14 egokitu egin dira usadio zaharreko fanfarre batek interpreta ditzan».
Trikitixa
Arduraduna: Trikitixa Elkartea.
Moldatzaileak: Adolfo Jainaga, Xabi Aburruzaga.
Kantuak: 30.
Helburua: Arduradunak esana: «Lehen aukeraketa honen irizpidea ezagutzen diren trikitixa grabazio zaharrenetatik abiatzea izan da. Pieza zaharrenak dira trikitixa eskoletan ezezagunenak, nahiz gure oinarriaren funtsa izan. Honekin batera pieza mitiko eta azpimarragarrienak aukeratu dira, sail tradizional hau osatzeko».
Rock
Arduraduna: Fermin Muguruza.
Moldatzailea: Jon Elizalde.
Kantuak: 30.
Helburua: Arduradunak esana: «Alde batetik Euskal Herrian izan diren ezinbesteko izen batzuk hartu ditut, niretzat gogokoen ditudan kantuekin. Bestalde, batez ere 90eko hamarkadaren inguruan edo mende honen hasieran, erabat subjektiboa den hautaketa egin dut, nire sinadura lekuko. 30 pieza hauekin, abaniko ireki eta koloredun bat eskaintzen ari naizelakoan nago».