Herria aktore

Gaur bukatuko da Zinema Latinoamerikar Berriaren 32. festibala. Hamar egun eta hamar gauetan, kontinente osoko hainbat filmek eta Polonia, Alemania eta Kanadako bakan batzuek kolorea jarri diote Habanari

Habana
2010eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Hogei gradu doi-doi izan dira asteon, negu gorria kubatarrentzat, eta agian horregatik egin dituzte bertokoek horren ilara luzeak: aretoetako goxoan euren hezur hotzituak babesteko. Ez da probablea, hala ere. Litekeena da beste arrazoi batengatik formatzea batzuetan lau koadrako luzera hartu duten giza lerro amaigabeak, behin baino gehiagotan Poliziak kontrolatu ezin izan dituen jende uholdeak. Sinplea da: Kuban, ahalegin berezia egiten da kultura herritarren eskuetan jartzeko; bost dolarretan, aurten publikatutako sei liburu eros daitezke, eta dolar bat ordainduta, zinema festibalean hamabost film ikusteko txartela ematen dizute. Horrelako baldintzetan, herriak kultura dastatzeko ohitura hartzen du, eta, hala, eguneko edozein ordutan, Iraultzaren aurretik eraikitako zinema erraldoiak jendez beteta egoten dira. Guajiroak, auzoan bizi den atso beltza, bekarekin ikasten ari diren herrialde pobreetako gazteak, hamar aldiz gehiago ordaindu behar izan duten turistak, txinatar jatorriko familia kubanoa, ahoak elkarri itsasita dauzkatela diruditen bikoteak, irlaren ekialdetik etorritako polizia mulatoa eta are, sasoi bateko errepresioa gaindituta, lasai-lasai alboan esertzen zaizun trabestia; denak biltzen dira areto ilunean, pantailako ispiluan beren burua aurkitu nahian.

Gero, filmak irauten duen bitartean, norbere buruari garrantzia emateko baino balio ez duten glamour hutsal eta plastikozko edukazioetatik urruti, proiekzio bakoitza festa bihurtzen da. Jendeak zurikeriatan ibili gabe erakusten ditu bere sentimentuak, eta gogotik egiten du barre, edo negar, edo lo, edo hanka. Agian, atzeko ilarako norbait haserretu egingo da filmeko protagonistarekin, eta entzungo balio bezala oihuka hasiko zaio; «Tontoa zara, ala? Comemielda halakoa!». Alta, inor ez da kexatuko filma soinurik gabe hasiz gero, edo ordu erdia daramanean pantaila beltzean gelditzen bada, edo fotograma batean izozturik. Birritan gertatu zait zinema batera iritsi eta argirik ez zegoelako funtzioa bertan behera gelditzea. Bigarren aldian, barreka gindoazen laguna eta biok: «Seguru aretoko langileek kendu dutela argia apropos, arinago bukatu eta etxera alde egiteko! Kubatar alferrok...».

Gaur jakingo da zein film sarituko duten. Euskaldunok ez bezala, kubatarrek afizio izugarria erakusten dute aberriko obrengatik. Ilararik luzeenak eta espektazio handiena berauek sortu dituzte. Fernando Perezek zuzendutako Jose Martí: El ojo del Canario izan daiteke faboritoetako bat. Etxean jokatzeaz gain, Kubako Independentziaren apostolua dauka protagonista. Marti haurraren bizitza kontatzen du, Espainiaren menpeko esklabotzaren garaian. Ongi girotutako filma izanagatik, epikokeria iruditu zitzaidan niri; gidoia erretorikoegia da, eta zuzendariak hain Heroi, hain On, hain Santu marraztu nahi izan du Jose Marti, ezen haurra ostikada batez bertan akabatzeko gogoa sartzen baitzaio ikusleari.

Film kopuruari dagokionez, Hego Amerika izan da jaun eta jabe: Brasil, Argentina eta Txile. Eta ez bakarrik kuantitatiboki; pelikularik ederrenetako asko herrialde horietatik iritsi dira. Nabarmentzekoa, nire ustez, Pablo Larrain zuzendariaren Post Mortem. Umore beltz kupidagabe batekin, 1973ko Txilen autopsiak transkribatuz lan egiten duen gizon triste baten istorioa kontatzen du, maiz patetismora iristen den tonuaz. Bikaina.

El edificio de los chilenos eta Mi vida con Carlos dokumental txiletarrak ere festibaleko onenen artean daude. Azken hori German Berger-Hertz izeneko gaztearen istorioa da. Urtebete zeukan Pinochetek bere aita garbitu zuenean, eta 30 urte geroago, haren arrastoen bila hasten da. Ezaguna egiten zaizue? Niri bai: Itsasoaren Alaba-ren istorio identikoa da. Berdin-berdina. Zorionez, nik 2008an bukatu nuen filma; ezingo naute plagiatzeaz akusatu. Zoritxarrez, bada beste ezberdintasun bat: Euskal Herriari buruzko lanak 3.000 euroko aurrekontua ukan zuen. Txileri buruzkoak hango gobernu eta telebistaren, Catalunyako Generalitatearen eta TVEren sostengua.

Nork berea

Bestelakoan, herri bakoitzak bere gai nagusiei eutsi die: Kolonbian indigenak eta gerrillak nagusi, Brasilen fabelak eta bazter jendea, Mexikon AEBekiko muga kontuak, Txilen Pinochet eta desagertuak, Kuban emigrazioa eta Argentinan ezinezko maitasunak eta paja mentalak. Ezin ezer esan beste Amerikaz, ALBAko herriez, izan ere, Venezuela, Bolivia, Ekuador, Nikaragua eta Paraguaik oso presentzia txikia izan dute festibalean. Dirudienez, besteei baino gehiago kostako zaie zinematografia nazional on bat martxan jartzea.

Hori ere ezaguna egiten zait. Euskaldunok antzeko egoeran baikaude, zinema nazionala edukitzetik urruti. Horregatik, agian ez da ideia txarra Latinoamerikako ispiluari so egitea. Gisa horretan, agian erantsiko ditugu noizbait plastikozko glamour-ak, eta kultura erabat herritartuta, izugarrizko ilarak osatuko dira obra euskaldunak ikusteko Golemen, Atalanten, Capitolen, Guridin eta Principen. Eta halako batean, filma soinurik gabe hasiz gero, edo ordu erdia daramanean pantaila beltzean gelditzen bada, edo fotograma batean izozturik, inor ez da kexatuko. Inguruko zinema batera joango gara denok, asko egingo direnez, beste pelikula euskaldun bat ikustera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.