Herritar antzezleen filma

Le Petit Theatre de Pain antzerki taldeko kideek 'Non' filma estreinatuko dute 2017aren hasieran

Ximun Fuchs, Non filmaren grabaketan, aktore lanetan. NORA IDIEDER.
2016ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Non ezohiko film gisa aurkeztu dute haren bi zuzendariek, Ximun Fuchsek eta Eñaut Castagnetek. Fuch Le Petit Theatre de Pain Luhusoko (Lapurdi) antzerki taldetik dator, eta, aktore lanetan ibiltzeaz gain, proiektu horren gidoiaren idazlea da. Castagnet, berriz, kamera eta muntaketa lanetan ibili da. Film laburretik pasatu gabe eman dute pausoa antzerki lanetik zinemarat, baina, haien hitzetan, aspalditik erabiltzen dituzte «zinemako kodeak, nahiz eta antzerkirako izan». Filma frantsesez grabatu dute, Aveyrongo (Frantzia) herri batean.

Fuchsek enpresatik kanporatua izan den langile baten rola jokatzen du. Lagunen artean kanporaketaren ordainsaria «ospatzea» erabakitzen dute. Etxerako bidean, autoan haurrak eta emaztea ondoan dauzkala, poliziaren kontrol bat topatzen du: «Kontrol batean posible ez den hitza» erabiliko du: non. Jendarmeari ezetza emateaz gain, jo egingo du, eta, dramari tentsioa gehitzeko moduan, jendarme emakume batek du erasoa jasango. «Gizonarentzat sobera da, ezin da gehiago makurtu», bizitzako zailtasunak ezin ditu gehiago jasan, eta gehiegikerietara eroriko da.

«Film guztian, tipo eta jendarme horrek elkar segituko dute; beti kalapitak izanen dira bien artean, biziki urrun joanen direnak. Baina egiazko gaia da laguntasuna: zer eginen dute bere lagunek? Gauzak hobetu, errekuperatu? Edo zernahi egin elkarrekin segitzeko?» Umore beltzean murgiltzen da egilea, eta eszena zenbait absurdotik ere gerturatu daitezke, baina, Fuchsen ustez, «denok ezagutzen dugu holako istorio bat, eta, beharbada, are gehiago Euskal Herrian, basati izpiritu hori badugulako».

Talde lanaren sormena

Filmaren lehen hogei minutuak aurkeztu dituzte Dabadaba (Donostia) klubean, Zinemaldiaren barruan. Filma Euskal Herritik urrun kokaturiko herri txiki batean grabatu da, Aveyron eskualdeko Capdenac herrian. Hango 500 bizilagunek baino gehiagok parte hartu dute proiektuan: «Parte hartzaileak ez genituen figuranteak deitzen, baizik eta parte hartzaileak, ez genituelako pagatzen; beraz, haiek inbertitu dute filmean», aitortu du Fuchsek. Herritarren laguntzaz gain, bertako Derriere le Hublot arte zentroaren ekarpena baliatu ahal izan dute, haiei esker herriko toki guztietan grabatzeko akordioak lortuz: «Ospitalean, eskolan, kantinan, kalean, enpresa batean, eroetxe batean... hiri guztia martxan zen gurekin».

Hasieratik, egileek argi zuten ez zutela Euskal Herrian grabatu nahi, «tokiak ez ziezaion istorioari gaina hartu. Capdenac ez da polita, baina itsusia ere ez; behar genuen tokia da», azaldu du Castagnetek. Bertako lekukotasuna bada filma, oihartzun handia lortzen ahalko lukeena bai Euskal Herrian eta bai krisiak zailtasunetan eman dituen eskualde askotan. Heldu den urte hasieran pantaila handietan zabaldu nahiko lukete egileek, baina hori «banatzailearen arabera izango da», eta, oraingoz, horren bila dabiltza artistak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.