Herritarrarekin hartu-emana lantzea, hiriaren konplize egitea eta espazioa dinamizatzea. Helburu horiek lortzen saiatzen da SpY artista madrildarra bere artelanen bitartez. Baita Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoaren kanpoaldean paratutako Piramide eskulturaren bitartez ere. Hiri handietako ikus-eremu monotonoa hautsi nahi izan du artistak 11 metro luze duen piramide gisako artelanarekin. Egunerokoan erabiltzen diren materialak erabiltzen trebea da SpY, eta kasu honetan ere hala erakutsi du: obretako hesiekin eginda baitago Piramide.
«Leuna da haren lana, ez da erasotzailea. Herritarrarekin elkarrizketa lortzen saiatzen da. Esnatzea eta egunerokotasunetik ateratzea du xede», azaldu du Sergio Garcia komisarioak. Espazio publikoaren dinamizazioa, jolas egin nahia, piezari dagokion testuingurua ongi zaintzea eta jarrera eraikitzailea izatea dira artistaren ezaugarri nagusiak. Piramide-k ere baldintza horiek betetzen ditu. Daniel Castillejo Artiumeko zuzendariaren arabera, eskulturak hiru osagarri ditu: lan «gardena» da, «geometria menperatzailea» erakusten du, eta jolas egiteko aukera ematen du.
Artiumek Mutatis Mutandi programaren barruan aurkeztu du SpYren lana. Museoaren kanpoaldeko espazioetarako arte proiektu xumeak biltzen ditu programa horrek, espazio bera arkitektura bereziaren osagarri gisa aldarrikatzeko. Piramide artelana museoaren sarrera nagusitik gertu dago, oinezko asko ibiltzen den lekuan, etaherritarrei tentsio bizia sortzen die. «Itxura gardena dauka, baina harridura sortzeko adina», azaldu du Castillejok. «Parte hartzailea» da lana, eta herritarren ohiko bizimoduan uztartzeko gaitasuna du, haren esanetan.
Artistak berak herritarrarekiko harremana landu du lana muntatzen aritu den bitartean. Jende asko hurbildu egin zaio artelanari buruz galdezka: jolas egiteko kulunka bat ote zen, edo langileen omenezko eskultura bat... «Interpretazio askea da SpYri interesatzen zaiona, herritarrarekin elkarrizketa izatea, gogoeta egitea», adierazi du Garciak.
Arte urbanoaren ezaugarri behinena artelanen iraungikortasuna da. Ez daude eginda toki berean betiko egoteko. Denbora mugatu batean bakarrik ikus daitezke. Kaleko arte komunikazioan eskarmentua du SpYk, urte luzez grafitiak egiten aritu baita, eta badaki bere lanek ez dutela asko iraungo, harik eta kaleko garbitzaileak agertu eta horiek desagerrarazi arte. Piramide lana ere urtea amaitu arte baino ez da egongo ikusgai. «Ezin da espazio bat bizitza osoan artelan bat izatera zigortu. Artea suntsikorra da», Castillejoren arabera. Behin urtea amaitzen denean, eskultura kendu eta lehen bezala utziko dute tokia.
Herritarrekin uztartzeko tresna
Artium museoaren kanpoaldean ikus daiteke SpY artistak obra hesiekin landu duen 'Piramide' lana

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu