Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuari dagozkion lanetarako sortutako hamar talde eragile sektorialek 2012an garatu beharreko 112 egitasmo lehenetsi dituzte azken hilabeteetan egindako bileretan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak jakinarazi duenez. Orain Kultura Sailari dagokio erabakitzea horietako zeintzuk eramango diren aurrera; ondoren, irailetik aurrera, aukeratutako egitasmoak zehazteko eta definitzeko lanari ekingo diote talde eragile sektorialek.
Lehenetsitako egitasmoen artean honako hauek daude, besteak beste: irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko plana, Musika Bultzatuz programa, sarearen nortasun juridikoaren definizioa, artxiboen alorreko prestakuntza programa orokor bat lantzea, liburutegietako funtsen digitalizazioa eta sarbidea, Euskal Herrian lan-kulturari loturiko ondarea erakutsiko duen zentro bat sortzea, dantzaren eta ikusizko arteen eremuetan laguntza sistemak berrikustea, eta ondarea zaintzeko eta hedatzeko proiektua.
Hamar talde eragile sektorialetako 83 ordezkarik hartu dute parte bileretan: Artxiboak, Liburutegiak, Museoak, Ikusizko Arteak, Ikus-Entzunezkoak, Dantza, Literatura, Musika, Ondarea eta Antzerkia dira taldeak.
Kultura Sailak eramango ditu aurrera 2012an, «egokitasunaren eta bideragarritasun ekonomikoaren irizpideen arabera». Lan prozesu osoaren jarraipena egiteko wikia sortu du Kultura Sailak, www.kahk-talde-operatiboak.wikispaces.com helbidean.
Herritartasun Kontratuko 112 egitasmo aztergai
Sektoreetako talde eragileek 2012rako lehenetsitakoen arteko batzuk hautatuko ditu Kultura Sailak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu