KRITIKA. Literatura

Hil ala bizi

Julen Belamunoren 'Iragan atergabea' liburuaren azala.
2025eko ekainaren 8a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'Iragan atergabea'

Idazlea: Julen Belamuno. Argitaletxea: Elkar.

Idazlea argitaratzen berandu hasitakoa bada ere, hazten joan da azkenengo urteetan Julen Belamunoren obra. Iragan atergabea du bere laugarren lana, hirugarren ipuin liburua. Oihartzun handirik gabea izanagatik bere orain arteko ibilbidea, obra trinkoa osatzen dute kaleratutako aleek. Kontatzen denari adina kontatzen den moduari garrantzi handia ematen dioten idazleen taldekoa dugu Belamuno. Hori bera jarrera bat da egungo literatur munduan. 

Zazpi kontakizunez osatuta dago liburua, luzeran antzekoak. Lehenengo eta hirugarren pertsonaren artean ibiltzen da idazlea. Gai aldetik ipuinen artean antzekotasunak daudela esango nuke, alegia, badaudela guztien gainetik hegaka dabiltzan bizpahiru gai nagusi. Heriotza eta iragana lirateke bi nagusiak. Narrazioetako pertsonaia asko adinean sartuxeak dira, hurbil ikusten dute bukaera eta horrek, ezusteko gertaera baten bitartez gehienetan, iraganera begira jartzen ditu, beren bizialdia berraztertzera behartu. Hori gertatzen zaio Itsas hilerria lehenengo ipuineko protagonistari, zeina berrogei urte lehenago gertatutakoa oroitzen hasten baita. Ipuin horretan, beste askotan bezala, heriotzak ere presentzia handia du. Hil nahi duena bizitzara ekartzen tematzen da lurperatzailea, eta azkenerako, obsesioak erasanda, eldarnio moduko batean berak hil ote duen galdetzen dio bere buruari. Aitortu izan du Belamunok William Faulknerren zale sutsua dela eta hala ipuin horretan nola beste batzuetan argi samarra da bere eragina. 

Obsesioak jaten ditu pertsonaietako batzuk, Uraren dohainak kontakizuneko protagonista alarguna, esaterako. Beste horrenbeste gertatzen zaio Seinale-mutilaren balada-ko protagonistari, burutik ezin ken dezakeela 30 urte lehenago ezagututako emakumea. Kintako azkena hiltzearen ideiarekin, berriz, sukar ametsetan dabil Finalistak azken ipuineko Gabino. Guztien obsesioek denboraren igarotzea harrapatzearekin bat egiten dute, iragana ezin berreskuratzearekin. Denboraren korronteari aurre egiteko indarge sentitzen dira; urteetan desio eta nahien txotxongilo izan ondoren, kontzientzia pizterakoan jadanik beranduegi dela sentitzen dute. Ahulguztidunaren ezinak liburuko apaizari huraxe gertatu zaio, hil hurren bere bizitza fartsa bat izan dela konturatu baina ezer egin ezin dezakeela hura aldatzeko. 

Bestalde, ipuingintza onaren ezaugarri zenbait antzematen dira ipuinetan, hala nola fikzioaren eta errealitatearen arteko jokoa edota amaiera esperoezinak. Prosista oso ona da Belamuno, batik bat hirugarren pertsona darabilenean hizkera zehatzez deskribapenak egiten eta giroak sortzen asmatzen duena, bizitasun handiko idazkeraz, gainera. Lehenengo pertsonaren erabileran tarteka tonuarekin huts egiten du, ordea, pertsonaien tonua berdinduta ageri baita, neutroegi. Ipuin batzuei, halaber, ahulagoak iritzi diet, hala nola Sasoi gordinak gogora. Edonola ere, aipagarria, oso kontuan hartzekoa da Julen Belamunoren azken lana, literarioki seriotasun handikoa. Hil ala biziko literatura, alajaina. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.