Hil honetan hasiko dituzte Lekuona arte eszenikoen zentroa eraikitzeko obrak

6.462.000 euroko aurrekontua izango du, eta 2016ko udaberrian zabaldu nahi dute.Vaumm bulegoak egin du arkitektura proiektua

Vaummen proiektuak herriarekin kontaktuan jarri du zentroa. VAUMM.
mikel lizarralde
Donostia
2014ko urriaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Errenteriako Lekuona fabrikako eraikin zaharra Arte Eszenikoen Zentro Garaikide berri bilakatzeko obrak hilabete honetan bertan hasiko dituzte, eta, dena ondo joanez gero, 2016ko udaberrian irekiko dute gune berria. Julen Mendoza Errenteriako alkateak eta Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura diputatuak atzo sinatu zuten lankidetza hitzarmena helburu horrekin: fabrikaren eraikina arte eszenikoen sorkuntza garaikiderako erreferentziazko zentro bihurtzea. Vaumm bulegoak diseinatu du arkitektura proiektua; betiere, sektoreko ordezkariei irekitako parte-hartze prozesu baten barruan.

Jon Muniategiandikoetxea arkitektoaren iritziz, Lekuona eraikina «herriarekin» kontaktuan jartzea izan da egitasmoaren abiapuntuetako bat,eta arte eszenikoetako ordezkariek beraiek bihurtu dute «sinesgarri» proiektua. Arte garaikideko zentroak izango duen malgutasuna nabarmendu dute hala Muniategiandikoetxeak nola erakundeetako ordezkariek. Izan ere, eraikinak «produkziorako eta partekatzeko» bokazioa izango du arkitektoak dioenez, eta beharren araberako edukiera izango dute bere espazio nagusiek. Hala, sorkuntzarako eta erakusketarako espazio nagusiak izango dira proiektuaren erdigune, eta, horietaz gain, erabilera anitzeko aretoak ere izango dira hitzaldietarako nahiz topaketetarako. Guztira, 4.400 metro izango dituLekuonak.

Besteak beste, aldagelak izango dira beheko «soto logistikoan», eta zentroaren lehenengo solairuan, espazio zentralaz gain, sormen prozesuetarako egokitutako beste bi areto handi izango dira. Bigarren solairua, berriz, dantzari begira egongo da, eta han izango dira, era berean, konpainien bulegoak eta administrazio alorrekoak ere.

Sorkuntza prozesurako eta sormen lanak erakusteko fabrika bat izango da Lekuona. Hori dela eta, irakasgaiak sartzeko aukera egongo den arren, hori gerorako fase batean aztertuko dute. Julen Mendoza alkatearen esanetan «malgua» izan beharko du eraikinak, «baina exhibizioa baldintzatu gabe».

Proiektuaren kostu osoa 6.462 euro izango da, eta zenbateko horretan sartuko dira proiektuak idaztea eta zuzentzea; herritarren parte hartzeko prozesua; eraikina finkatzeko, egokitzeko eta hornitzeko lanak. Gipuzkoako Foru Aldundiak kostuaren %60 hartuko du bere gain, eta Errenteriako Udalak gainerako %40a.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.