Alberto Ladron Aranaren (Iruñea, 1972) Zer barkaturik ez polizia nobelako Mikel Izu 30 urte inguruko gazte nafarra depresioak jota dago. Bikotekide izan duenak utzi egin du, eta haren anaia Julenek segika du Polizia, «ingresaturik zegoeneko klinikari su eman diolako». Harrezkero desagertutadago. Hain justu, anaiaren etxean behatz moztu eta odoldu bat aurkitzen dutenean korapilatuko zaio bizitza Mikeli. Lucia agertuko da orduantxe, Andaluziatik (Espainia) etorritako neska pinpirina. Anaiaren arrastoaren atzetik lagunduko dio Mikeli, eta zeregin horretan dabiltzala, hainbat herritara eramango ditu ikerketaren abenturak: Mediterraneo aldera, Frantziara, Alemaniara...
Idazleak azaldu duenez, aurreko lanetan ez bezala, pertsonaia nagusiaren barne mundua azaldu du oraingoan, kontakizuna erakargarriagoa egin, eta interesa areagotze aldera.
Izan ere, «nobela bizia» egiten ahalegindu da Ladron Arana. Eta, horretarako, hainbat baliabide erabili ditu. «Suspenseaz gain, elkarrizketa arinak, esaldi laburrak eta hizkuntza zuzen eta apaingarririk gabea erabili dut, erritmoa azkartzeko. Den-dena nobela arin eta irakurterraza egiteko asmoarekin», esan du.
Orobat, umorea baliatu du estreinakoz. «Nolabaiteko berritasuna da nire obran». Nolanahi ere, ez duela barre egiteko nobela egin ohartarazi du, «ezta gutxiago ere». Ladron Aranak ez zuen batere gogorik lan dramatikorik eta tristerik egiteko. Eta polizia nobeletan ohikoak diren gertakariak —alegia, hilketak, jipoiak, torturak eta tankerakoak— leuntze aldera umorea baliatu duela dio. «Ironia pixka bat, arantza horiek gozatzeko».
Ladron Aranaren bosgarren nobela da Zer barkaturik ez. Aurrez idatzi ditu, besteak beste, Xake Mate, Arotzaren eskuak eta Ahaztuen mendekua. Zer barkaturik ez estilo berdintsukoa bada ere aurrekoen klona ez dela nabarmendu du idazleak.
'ZER BARKATURIK EZ'
Egilea: Alberto Ladron Arana.
Generoa: Nobela.
Argitaratzailea: Elkar.
Literaturia. Liburu aurkezpenak
Hilketak eta gozotasuna uztartzen dituen 'thriller' azkar eta bizia
Alberto Ladron Aranak misterio ezkutuak eta gazte baten gorabeherak uztartu ditu 'Zer barkaturik ez' nobelan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu