Hiltzaile izarduna

Jim Thompsonen 'The Killer Inside Me' nobela beltz klasikoaren moldaketa bortitza egin du Winterbottomek

Gontzal Agote.
2011ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nobela beltza horren modan dagoen honetan, ongi legoke generoko klasikoei begiratu bat egitea; ziur aski, moderno askok sorpresa handia hartuko zuten. Klasiko horien artean, Jim Thompson dago; Igela argitaletxearen lan paregabeari esker, haren eleberri nagusiak euskaraz irakurtzen ahal ditugu. Idazlearen lana zuzendari ezagunen inspirazio iturria izan da: Bertrand Tavernier, Stephen Frears eta Sam Peckinpah, besteak beste. Oraingo honetan, zuzendari hiperaktibo batek heldu dio Thompsonen begirada bortitz eta kritikoari, Michael Winterbottomek. The Killer Inside Me eleberriaren moldaketa egin du ingelesak. Ez da lehena izan; 1976. urtean lehen bertsioa egin baitzuen Burt Kennedyk, Stacy Keachekin.

Zinemagileak lehen filma egin du AEBetan, baita hautsak harrotu ere. Izan ere, The Killer Inside Me liburuan dagoen biolentzia ez du ezkutatu nahi izan; horren ondorioz, hainbat hedabidek eman duen tratamendua kritikatu dute, biolentziaren apologia egiten duela esateraino.

1957. urtean dago girotuta filma, Texasko mendebaldeko herri txiki eta itxuraz lasai batean. Lou Ford sheriff-aren laguntzailea da; bizimodu nahiko normala du; herritarrekin ongi moldatzen da, eta Amy Stanford neska-lagunarekin ematen ditu gauak. Baina itxura normal horren azpian, izaera beldurgarria ezkutatzen du Fordek, eta, halako batean, barruan duen trauma agertzeko beharra piztuko zaio.

Casey Affleckek egin du sheriff laguntzaile desorekatuaren rola. Hemendik gutxira, aktorea zuzendari lanetan ikusteko aukera izanen dugu, Joaquin Phoenixen inguruan egindako I'm Still Here dokumental (faltsua) hurrengo asteotan estreinatzekoa baita. Affleckekin batera, Kate Hudson eta Jessica Albak jokatu dute femme fatale-ren rola.

'THE KILLER INSIDE ME'

Zuzendaria: Michael Winterbottom.

Aktoreak: Casey Affleck, Kate Hudson, Bill Pullman, Ned Beatty, Elias Koteas, Jessica Alba.

Herrialdea: AEB.

Iraupena: 108 minutu.

Estreinaldia: Etzi estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.