Hiri barruko herritik kantatuak

Indabe taldeak lehen diskoa eman du: 'Noiz arte?'. Abenduaren 23an aurkeztuko dute, Dokan

Ezker-eskuin, Peru Blanco, Uxue Estrada, Amaia Bengoetxea eta Nora Azurza, Indabe musika taldeko kideak. INDABE.
Miren Mujika Telleria.
2023ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Musikak ez ezik, auzo berak ere batu zituen Indabe musika taldeko kideak: Donostiako Antigua auzoak. Lau taldekide dira egun: Amaia Bengoetxea (ahotsa eta baxua), Nora Azurza (ahotsa eta gitarra), Uxue Estrada (ahotsa eta gitarra) eta Peru Blanco (bateria). Jakintza musika eskolan arituak dira denak, eta aurten zendu den Jose Quintas musikariaren ikasle izandakoak dira. Kideek azaldu dute «hark utzitako gogoari eta espazioei esker» ekin ziotela musikaren bideari. Taldea 2021ean osatu zuten, eta disko bat argitaratu dute oraintsu: Noiz arte?

Sei abesti bildu dituzte diskoan: Noiz arte?, Gazitasun, Hiri barruko herrian, Mila disko, Etxera bueltan eta Ispiluak esan dit. Estrada arduratzen da, oro har, kantuen hitzak idazteaz, nahiz eta Azurzak ere idatzi duen bat edo beste. Estrada: «Edozein gaztek bizi dituen egoerak, arazoak eta ametsak izaten ditugu hitzak idazteko inspirazio iturri». Horren erakusle da, kasu baterako, Gazitasun kantua: «Itxi ezin diren zauriak bere baitan gaiztotzen ikusi/ Lehortzear dauden malko horien gazitasun guztia irentsi/ Jaio gabe hilko diren ametsengatik egin nahiko nuke oihu/ Ta bitartean, asetu arte/ Tirita kendu ta min egin».

Antigua auzoak ere badu tokia kantuotan. Hiri barruko herria-n, batez ere —«Ez eraman hemendik/ nola bizi kale hauen hutsarekin/ itsaso usain honekin/ baina bere olatuen faltarekin»—. Azurza: «Bertakoak izateagatik sentitzen dugun harrotasun eta maitasun horretaz hitz egiten dugu abestian. Izan ere, babes handia jaso izan dugu beti Antigua auzoan; bai kontzertuetan eta baita inguruko taldeengandik ere. Donostiako auzo bat baino gehiago da auzoa guretzat, eta ideia horretatik abiatzen da kantua».

Diskoa kaleratu aurretik, euskal talde ezagunen kantuen bertsioak interpretatzen zituzten kontzertuetan. Bengoetxeak azaldu du eredutzat dauzkaten taldeen kantuak jotzen zituztela orduan. Mila disko kantuan, esaterako, talde horiei egiten die keinu. Izan ere, hainbat talderen diskoen azalak bildu dituzte kanturako propio egindako bideo labur batean. Honako taldeenak dira, besteak beste, ageri diren azalak: Tatxers, Oskorri, Pantxoa eta Peio, Mikel Laboa, Berri Txarrak, Ze Esatek, Su Ta Gar, Xiberoots, Kristonak, Etxekalte eta Iheskide. Bideo horrek ez ezik, kantuaren hitzak ere erreferentzia egiten die talde horiei. Hala dio abestiak: «Eskerrik asko nere aurretik entzundako mila disko/ eskerrik asko ahazten ez den herria ez da hilko/ Izarren hautsa izan dugu bide/ Ta iluntzean ilargia iheskide/ Ihes betea zilegi balitz, maite/ Oihukatuko nuke: Ikusi arte!». Bengoetxea: «Abesti horretan gure erreferente izan diren talde edo abeslariak omendu nahi genituen, bai hitzez eta bai irudiz,bidea egin duten horiei guztiei eskerrak emateko».

Aurkezpen kontzertua

Donostiako Dokan grabatu zuten Noiz arte?, eta pozik dira emaitzarekin. Jada badute aurkezpen kontzerturako data: abenduaren 23an izango da, Dokan bertan. Ithaka taldea izango dute lagun, eta sarrerak dagoeneko salgai dira antzokiaren webgunean. Estrada: «Izugarrizko ilusioa egiten digu diskoa grabatu genuen toki berean aurkezteko aukera izateak. Polita eta berezia izango da».

Aurrera begira ere badute beste lanen bat argitaratzeko asmorik. Estradaren hitzetan, baina, badute zeregin garrantzitsuago bat disko berri bat argitaratzeko bidean: «Asmoa da gure abesti eta estilo propioetan zentratzea; talde bezala garatu eta hazi nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.