Julio Cortazar idazleak 1946. urtean argitaratu zuen Casa tomada ipuina. Familiaren etxean bizi diren bi anai-arreba dira narrazioko protagonistak, eta pixkanaka, ikusten ez dituzten indarrek etxean zokoratu egingo dituztela jabetuko dira, bertatik alde egitera behartzeraino. Ipuinak egungo egoerarekin analogia ugari egiteko aukera ematen duela iritzita, Hartutako Europa izenburua jarri diote aurten Arkitektura: film mintzairak egitasmoaren zazpigarren aldiari. Ohi bezala, jardunaldiek hiria izango dute ikergai, baina Europak duen egoerari erreparatuko diote aurten. «Horiek ez dira mamuak edo ikusezinak, 2008ko krisitik hona egunero hedabideetan agertzen diren arazoak baizik». Adituen hitzaldien eta ikus-entzunezko lengoaien bitartez, Europaren askotariko arazoak aztertuko dituzte, hala nola austeritatea, migrazio politika murriztaileak, balioen krisia, turistifikazioa, desplazatuak, berdintasunik eza eta klima aldaketa. Arkitekturak eta urbanismoak herritarren egunerokoan duten eraginaz gogoeta egitea ere xedeen artean dute, «ikuspegi kritiko eta sozialago bat sustatzeko».
Tabakalerak, Donostia 2016k eta Cristina Enea fundazioak antolatzen dituzte jardunaldiak, Kaxilda liburu dendarekin eta Goethe Institutekin elkarlanean. Urtero bezala, hiria izango da ikergai nagusia, «bere konplexutasun osoan, eskuetatik ihes egiten digun objektua baita, geruza askokoa», Tabakalerako proiektu artistikoen arduradun Oier Etxeberriaren esanetan. Hainbat adituren gogoetekin eta filmen emanaldiekin, «konplexutasun horri aurre egin, eta galderak jaurti» nahi dituzte. Baina, Cortazarren ipuinaren haritik, Europaren arazoen alde estetiko edo sinbolikoari ere erreparatu nahi diote, «arazo guztien tartean beti dagoelako ikus daitekeenaren eta ikusi ezin denaren arteko gatazka bat».
Horretarako, gonbidatu bat edo bi izango dira saio bakoitzeko, eta haien aurkezpenen ostean, film bat emango dute —saioetako batean kontzertua izango da—. Saio guztiak Tabakalerako Z aretoan izango dira. Hurrengo egunean, tailer bat emango du adituak Kristinaeneko Ingurumen Baliabideen Etxean —azken saiokoa Kaxilda liburu dendan izango da—. Tailerretan parte hartzeko, aurrez izena eman beharko da.
Lau saio eta lau tailer
«Europaren testuinguruaz hitz egingo diguten gonbidatuak ekarri nahi izan ditugu, baina, aldi berean, noraez horri kritika nahiz erresistentzia espazioak eraikitzeko ahalegina egiten duten lanak aurkeztuko dizkigutenak», azaldu du Cristina Enea fundazioko Lidia Montesinosek. Lau saio antolatu dituzte hilaren 29ra bitarte, eta lehena gaur arratsean bertan izango da. Alexander Kluge errealizadore alemaniarrak telebistarako egindako lana izango du hizpide Gabriel Villotak, Arte Ederretan lizentziaduna eta Ikus-entzunezko Komunikazioan doktorea denak. Haren telebistarako hainbat saio proiektatuko dituzte ostean. Gehigarri modura, Marxen Kapitala lanaz Klugek 2008an egindako zortzi orduko filma emango dute igandean, 10:00etan —bi atsedenaldi eginez—.
Los Flamencos taldea Cantes tóxicos proiektuarekin etorriko da azaroaren 9an; Isaias Griñolo eta Antonio Orihuela izango dira Tabakaleran. Antonio Machadoren Juan de Mairena oinarri hartuta, koplak egiteko makina bat asmatu dute, eta kontzertu-performance bat eskainiko dute.
Hurrengo egunean, hilak 10, oso bestelako gai bat izango dute hizpide Andres Antebi eta Daniel Malet antropologoek: Bartzelona eta Lisboa adibide gisa hartuta, hirien turistifikazioa izango dute aztergai, haien hitzetan, «urbanoaren berrantolaketa neoliberala» dena, eta gizartean eragiten dituen ondorioei erreparatzen ez diena. Haien solasaldiaren ondotik Dennis O'Rourkeren Cannibal Tours (1988) emango dute.
Jardunaldiak amaitzeko, Isabell Lorey unibertsitate irakasle alemaniarra etorriko da. Fenimismoaz eta teoria politiko nahiz postkolonialaz eskolak eman izan ditu, eta «demokrazia presentistaren» inguruan arituko da. Ondotik, Abderrahmane Sissakoren Heremakono lana proiektatuko dute.
Hiria, bere konplexutasunean
'Hartutako Europa' izenburupean, gaur egungo gizartearen askotariko erronkak aztertuko dituzte 'Arkitektura: film mintzairak' zikloan. Gonbidatuak eta filmak izango dira saioetan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu