Komikigintzaren historia eta izaera hiri garaikideen historiari eta izaerari estu lotuta daudela iritzita, lotura hori modu askotan irudikatzen duten lanak jaso ditu Neus Miro arte adituak Hiriko fikzioak erakusketan. Komiki lanak dira erakusketaren oinarri nagusia —Luis Gasca-Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Julian Armendarizen komiki bildumetatik jasoak—, baina beste arte adierazpide batzuetako artisten lanak ere badira, komikigintzarekin eta hiriarekin lotuak guztiak, aldez edo moldez. «Ez da komikiari buruzko erakusketa, abiapuntutzat komikia duen erakusketa baizik», zehaztu du Mirok, erakusketaren komisario gisa. Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneko erakusketa aretoan ikus daiteke, 2012ko urtarrilaren 28a bitarte.
Luis Gasca-Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Julian Armendarizen komiki bildumetako materialean oinarritutako erakusketa egiteko enkargua jaso zuenean, komikiaren estetikan eta kontzeptuan garrantzitsua izan arren soilik komikiarena ez den elementu «transbertsal» bat bilatu zuen Neus Miro arte komisarioak, eta hiriaren aldeko aukera egitea bururatu zitzaion berehala. «Komikia oso lotua dago, hasieratik, hiriaren estetikari, eta baita hiriaren errealitateari ere», Miroren ustez. «Komikia XX. mendearen hasieran sortu zen, Europako hiri handien zabalkundearekin batera. Modu desordenatuan hazi ziren hiriak, eta hori egunkarietako komiki tiretan islatu zen». Ez da hori parekotasun bakarra: «Etxeen aurrealdeetan iragarkiak ezartzen direnez geroztik, hirian ibiltariari, komikian irakurleari bezala, irudiak eta letrak konbinatzen dituen paisaia ageri zaio begien aurrean».
Erakusketa aretoaren erdiko gunean, patioetan, Luis Gasca-Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Julian Armendarizen bildumetako komiki lan original hautatuak ezarri ditu Mirok. Askotarikoak dira, Euskal Herriko nahiz kanpokoak, azken urteetakoak nahiz aspaldikoak. Aldameneko geletan, berriz, «komikiak artean eta arkitekturan izan duen eragina» erakusten da. «Eragin horren une gorena pop mugimenduaren garaiarena izan zen, 60 eta 80ko hamarkadetan».
Haiton Pushwagner norvegiar pop artistaren Soft City nobela grafikoa da erakusketan ikus daitezkeen lanetako bat, egileak 1959an Oslon hasia eta Londresen 1975ean amaitua. «Ez da hutsala nobela grafikoa izendapena. Garai hartan utzi zion komikiak soilik haur eta gaztetxoentzako produktua izateari, eta nagusiei ere bideratzen hasi zen. Hortik dator izenaren aldaketa». Obra hartan oinarrituta egindako animazioa ikusteko aukera ere badu erakusketaren bisitariak.
Komikiaren eraginpean
Alboetako geletan, komikiak artearen eta arkitekturaren adierazpenetan izandako eragina agerian uzten duten arte instalazioak daude. Archigram arkitekto taldea eta Abarrots, Pia Ronicke, Simon Faithfull, Anouk de Clercq eta Txuspo Poyo artistak dira lan horien egileak.
Horretaz gain, hiru artistak erakusketarako sortu dituzte beren-beregi obra berriak: Judas Arrietak eta Javirroyok horma-irudi bana egin dute erakusketa aretoan, eta Francesc Perezek Topoa komiki sorta taxutu du, izen hori ematen zaion trenean egindako ibilaldietan oinarrituta.
Bere «Donostia imajinarioa» islatu du Judas Arrietak horma-irudian, eta Donostyland izenburua jarri dio obrari. Bere lan artistikoan komikiak eragin nabarmena duela azaldu du Arrietak. «Komikigile izateko ametsa nuen garaian jabetu nintzen ikusten ez den lan asko dagoela komikien atzean, mundu oso bat, estetika bat sortu behar baituzu. Orain, artea egitean, antzera egiten dut lan, aurretik mundu oso bat eta estetika bat sortuz, halako datu base handi moduko batekin».
Alvaro Matxinbarrena eta Fernando Martin artistek ere hartu dute parte erakusketan, erakusketarako beren-beregi sortutako altzariak eginez eta obrak espazioan nola banatu erabakitzen lagunduz.
Hiriak bezain irakurgarri
Komikiaren eta hiriaren arteko harremanak ditu ardatz Koldo Mitxelena kulturuneko 'Hiriko fikzioak' erakusketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu