Hiriartea arte garaikideko proiektua desegitea erabaki du Iruñeko Udalak

Maria Garcia-Barberenaren hitzetan, «ez da proiektu gisa existitzen». Kultur arloko hainbat langilek espazioaren aldeko gutun bat zabaldu dute. Esan dute Hiriartea «premiazkoa» dela Iruñearentzat

Aurten bi gogoeta jardunaldi egin dituzte Hiriartean, espazioaren oinarriak eztabaidatu eta erabakitzeko. HIRIARTEA.
Ane Eslava.
Iruñea
2019ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
«Kultura beraien interesen baliabide gisa ulertzen dute politikariek, eta kultura proiektuak instrumentalizatu, manipulatu edo desarmatu egiten dituzte». Iruñeko kultur arloko hainbat artista, komisario eta kudeatzailek Hiriartea proiektuaren alde zabaldutako testuan irakur daitezke hitz horiek. Utzi sortzen izenburupean, atxikimendu kanpaina bat abiatu dute Maria Garcia-Barberena Iruñeko Udaleko Kultur eta Berdintasun zinegotziaren erabakiaren aurka: Hiriartea egitasmoa bertan behera utziko duela jakinarazi du, proiektu gisa existitzen ez dela argudiatuta. Kultur sektoreko langileek aldarrikatu dute espazio hori «beharrezkoa» dela hirian, eta salatu dute kultura «instrumentalizatu» egin dutela.

Iruñeko Udalak aurreko legegintzaldian, 2017an, jarri zuen abian arte garaikideari eskainitako Hiriartea espazioa, Ziudadelan, hainbat funtziorekin. Besteak beste, kultura garaikidearen sorkuntzaren inguruan hausnartzeko topagunea, artisten lanen erakusleihoa, eta produzitzeko gunea izatea aurreikusten zuten. Ordutik, erakusketa, topaketa eta tailer ugari antolatu dituzte espazio horretan. Iragan azaroaren amaieran, baina, Navarra Sumako Garcia-Barberenak egitasmoa bertan behera uzteko erabakiaren berri eman zuen, eta aurreko kultur zinegotzi Maider Belokiri leporatu zion espazioa eta hura koordinatzeko lanpostu bat sortu izana proiektua «aurrekontuz hornitu gabe». Onartu zuen, halere, bertan egin dituzten jarduera batzuk «interesgarriak» direla, eta halakoak antolatzen jarraitzeko asmoa azaldu zuen, betiere espazioa «beste arte adierazpide batzuei» zabalduz. Erabakia hartua badu ere, zinegotziak ez ditu bere asmoak konpartitu espazioan lan egiten zuten teknikariekin; ez die azalpenik eman.

Egitasmoa kudeatzen dutenek onartzen dute gaur egun espazioak gabeziak dituela, hainbat arrazoirengatik: besteak beste, proiektua gaztea delako, eta, udalaren aurrekontuen luzapenaren ondorioz, ez delako aurrera atera hari zegokion aurrekontu saila.

Hala ere, argi dute proiektua «egon badagoela». Horren erakusle dira, esaterako, apirilean eta ekainean egin zituzten gogoeta jardunaldiak: kultur arloko hainbat kide zentroaren oinarriez hausnartzen eta eztabaidatzen aritu ziren. Adostu zituzten ardatzen artean daude zentroa hiriaren testuinguruarekin harremanean egotea, artearen prozesuak errespetatzea, goi mailako jakinduria akademikoak ez direnei tokia egitea, eta parte hartzea sustatzea.

Kultur arloko langileek zabaldu duten dokumentuan «komunitate artistikoak eta udaleko arduradun tekniko eta politikoek elkarrekin egindako lana alboratu eta desegin» izana leporatu diote Garcia-Barberenari: «Begiespenik gabe egin du; sektorearen beharrez arduratu gabe, lehiaketa publiko bidez onartutako profil kualifikatuko lanpostuak desagerraraziz, kultura proiektuek egutegi politikoekin zerikusirik ez duten denborak behar dituztela ulertu gabe».

Politikariek «beste behin» kultur tresnak erabiltzea kritikatu dute: «Kultura beraien interesen baliabide gisa ulertzen dute». Horrekin lotuta, eskatu dute kulturari lotutako erabakiak, politikariek hartu beharrean, sektorean adituak diren profesionalek har ditzatela, administrazio publikoko beste sektore batzuetan —osasuna, garraioa, hondakinen kudeaketa...— egiten den bezala.

«Premiazkoa» Iruñean

Gutunaren sinatzaileek «ezinbestekotzat» jotzen dute Iruñean kultura garaikideari eskainitako zentro bat sustatzea: «Batez ere, sektore prekarizatu eta egiturazko gabezia ugari dituen sektore baten eskaerei erantzuteko duen ahalmenarengatik». Hala, uste dute Hiriartea Iruñeak behar duen «elkargune eta gogoeta gunea» dela; «Nafarroan kultura kudeaketako praktika tradizional eta zaharkituekiko beharrezko aldaketen parte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.