Hiriaz, turismoaz eta euskaraz hizketan, zuzenean eta «munstroaren bihotzean»

Ainara Lasa, Amagoia Gurrutxaga, Idurre Eskisabel, Lorea Agirre, Miren Narbaiza, Miren Amuriza eta Lizar Begoña elkartuko ditu 'Hiria lokatzetan' emanaldiak bihar, Loraldia jaialdian.

'Lokatza' podcastaren talde gidaria: Ainara Lasa, Idurre Eskisabel, Lorea Agirre eta Amagoia Gurrutxaga. MENDI URRUZUNO
'Lokatza' podcastaren talde gidaria: Ainara Lasa, Idurre Eskisabel, Lorea Agirre eta Amagoia Gurrutxaga. MENDI URRUZUNO
Inigo Astiz
2024ko martxoaren 9a
05:20
Entzun

Irribarrea ezpainetan, oraingoan, zuzenean eta «munstroaren bihotzean sartuta» arituko direla esan du Lorea Agirrek. Berez, 2021ean hasi eta amaitu zelako Ainara Lasak, Amagoia Gurrutxagak, Idurre Eskisabelek eta Agirrek berak EITBrentzat sortutako Lokatza podcasta. Feminismoa ardatz zuten zortzi kapitulu sortu zituzten orduan, eta Ondas saria ere jaso zuten lan harengatik. Baina, hiru urteren buruan, koda moduko bat gehituko diote orain proiektuari, Loraldia jaialdirako. Noiz eta bihar, 12:30ean. Nola eta zuzenean. Zertaz eta hiriaz, turismoaz eta hizkuntzaz. Non eta Bilboko Guggenheim museoaren entzungelan. Eta horregatik Agirreren munstroari buruzko aipamen ironikoa.

Hiria lokatzetan deitu dute saioa, eta euren podcastaren «bederatzigarren kapitulua» izango da biharkoa, Agirreren hitzetan. Baina moldaketa batzuekin. «Lehen entzunkari zena, orain zuzeneko sentikari eta pentsakari bat izatea gustatuko litzaiguke».

«Saio osoan egongo da generoaren gaia presente: elkarrizketetan, eta emanaldia gidatuko duen testu narratibo orokorrean ere bai. Hizkuntza eta generoaren gaiak landuko ditugu, hiriaren markora ekarrita».

LOREA AGIRRE'Lokatza' podcastaren sortzailea

Agirrek onartu duenez, «erronka» izango da estudiorako pentsatutako gidoi zainduko programa zuzenekora moldatzea, eta Miren Narbaizaren zuzeneko musika eta Ainara Lasak sortutako irudien proiekzioak ere izango ditu emanaldiak horregatik, bai eta gonbidatu zerrenda esanguratsu bat ere. Besteak beste, gaiari buruz librean egindako bi gogoeta eskainiko dituztelako Miren Amuriza bertsolari eta idazleak eta Lizar Begoña idazle eta BERRIA egunkariko artikulugileak.

«Katiuska mentalak»

Kritikoa ez ezik, «poetikoa» ere izango da saioa gidatuko duen bizkarrezurra, Agirreren hitzetan. Eta horren erakusgarri, emanaldian entzungo diren lehen esaldiak aurreratu dizkio BERRIAri. «Lehenik eta behin ohar bat. Hau ez da 1983ko uholdeei buruzko saio bat. Katiuska mentalak jantzi itzazue, hala ere. Porlanezko, postalezko Bilbok ezkutatzen duen basatzan murgildu nahi dugulako gaur hemen zuekin».

Eta, Agirrek dioenez, hiru lerro aukeratu dituzte basatza horretan murgiltzeko. Hiriak ateak nori ireki eta nori ixten dizkion aztertuko dute, lehenik. Hiria urbanismoarekin ez ezik, zer ideiarekin ere eraikitzen den, bigarrenik. Eta Bilbon gazte eta euskaldun izateari buruz arituko dira, hirugarrenik.

Bi set jarriko dituzte oholtzan, eta funtzio bat izango du haietako bakoitzak. Saioaren ildoa gidatuko duen testu poetikoa irakurriko du haietako batean Gurrutxagak, eta handik zabalduko dituzte Narbaizaren soinu paisaiak eta kantuak zein Lasaren irudiak ere. Beste gunean, berriz, elkarrizketak egingo dituzte Agirrek eta Eskisabelek. Laura Penabos aktore kolonbiar euskalduna, Oihana Ruiz arkitekto feminista, eta Maite Sarasola nahiz Asier Urkiza bilbotar euskaldun gazteak elkarrizketatuko dituzte.

Eta, beraz, Agirrek iragarri bezala, hiriaz, harreraz eta turismoaz gain, euskara ere izango da saioaren beste ardatzetako bat, feminismoarekin batera. «Bloke guztietan egongo da generoaren gaia presente: hiru elkarrizketetan, eta gidari den testu narratibo orokorrean ere bai. Hizkuntza eta generoaren gaiak landuko ditugu, hiriaren markora ekarrita. Migrazioa, hiri ereduak eta beste gai batzuekin batera».

Itzulera «puntuala»

Lurdes Iriondoren Hala ere abestiari Mursegok egindako moldaketa da Lokatza podcastaren sintonia. «Nabil/ eta nabilelako nago hain zikin». Bihar, ordea, Narbaizak eskainiko du kantua zuzenean, saioaren hasieran zein bukaeran. Eta, horrez gainera, emanaldirako propio sortutako paisaia sonoroak ere eskainiko ditu emanaldian. Era berean, saiorako propio sortutakoak izango dira Lasaren bideoak ere.

Eta biharkoaren ondoren izango al dira Lokatza gehiago? Ezetz, Agirrek berehala. «Itzulera puntual bat da hau». Eta zirrikitu bat gero. «Ikusiko da, baina konplikatua da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.