Hizkuntzalari batek edo mozkor batek bere buruaz beste egiten badu, ez da oso glamourosoa; poeta batek hiltzen badu bere burua, badu glamourra. Aritz Galarraga irakasle eta kritikariak suizidioaren gradu horiek bereiztu zituen, umorez, Gabriel Ferrater poeta katalanaren jardunbide askotarikoak eta heriotza gogora ekartzeko orduan. «Jakin nahiak bultzaturik jauzi egiten zuen diziplina batetik bestera, eta ez aspertzen zelako. Arlo bakoitza asko sakontzen zuen. Hizkuntzalaria izan zen, arte kritikaria, irakaslea, edalea ere bai, asko eta ondo edaten omen zuen eta, baina batez ere poeta gisa igaro da historiara», zehaztu zuen atzo Donostiako Kaxilda liburu dendan egindako aurkezpenean. Gabriel Ferraterren 40 poema inguru itzuli ditu Galarragak Susa argitaletxeak apailatu eta Beñat Sarasolak gidaturiko Munduko Poesia Kaierak bildumarako.
Dena sakon egin zuen Ferraterrek, sakon eta konbikzioz, baita poemak idatzi ere, baina, Galarragaren iritziz, «haren obra ez da bera bezain ezaguna; bere figuraren gainean egin izan da literatura, egin izan dira dokumentalak... nolabait mitoak edo pertsonaiak gaindituko balu bezala obra». Ez zituen poema liburu asko idatzi, hiru baino ez zehazki, «baina bere meritu propioengatik pasatu da Kataluniako poesiaren historiara, ez bakarrik bere poesiaren balio historikoagatik, baizik eta lirika katalanaren berritzaile gisa, eta gaur egun, XXI. mendean erabat bizirik dagoen tradizio baten abiapuntutzat hartzen delako. Kataluniako poesia garaikidearen hasieratzat jotzen dute Ferraterren obra».
Poesia idazten 1958an hasi zen, jada 36 urte zituenean, eta hiru liburu baino ez zituen plazaratu: Da nuces pueris (1960), Menja't una cama(1962) eta Teoria dels cossos (1966). 1968an, hirurak bildu zituen liburu bakarrean, Les dones i els diesizenburupean. Guztira, 120 poema inguru idatzi zituen. Poesia «oso narratiboa» idazten zuen; gizon eta emakume arrunten «bizitza moralaren deskribapena» egiten zuen: «Berak zioen ez zuela hitz egiten hainbeste bestearekiko dugun esperientzia horretaz, baizik eta gehiago besteengana hurbiltzen garen horretan sentitzen dugun inesperientziaz».
Bizimodu desberdinekoak
Izandako amaierak, hiltzeko moduak batzen ditu Gabriel Ferrater eta Anne Sexton poeta estatubatuarra, zeina Harkaitz Cano idazleak euskaratu berri baitu bilduma bererako. Bere buruaz beste egin zuen Sextonek ere, bizian izandako gorabehera psikologiko eta min barnekoen amaiera modura. «Psikiatrak gomendatuta hasi zen idazten Sexton. Berak zioen: 'Ez naiz osatu, baina poeta bihurtu naiz'», azaldu zuen Canok berak. Hain zuzen ere, bere psikiatrei eskaini zizkien hainbat poema, ez oso modu laudagarrian eskaini ere. Medikuak izenekoan, honela dio: «...Ez dira jainko, —nahiko luketen arren—, gizakiak dira soilik, beste gizakiak konpontzen...». Poeta «iluna» izan zen, Canoren hitzetan: «Baina baita argia ere, argia iluntasun hori disekzionatzeko orduan... senarrari buruz, inguruneari buruz, maitaleei edo aitari buruz idaztean, esaterako». Zazpi poema bilduma idatzi zituen, eta hil aurretik beste bat utzi zuen prest.
Idazle konfesionaltzat hartua izan da Anne Sexton, eta halaxe hartua da Sophia de Mello portugaldarra ere, nahiz eta arras ezaugarri desberdinekoak izan biak. Iñigo Roque itzultzaileak euskaratu ditu haren poemak. «Sortze beretik arazorik gabeko bizimodua izan zuen, eta kanonari erreparatuz, esan liteke botereak onartu eta laudatutako poeta dela». Sophia de Melloren poesian «bilaketa» bat dago etengabe, Roqueren aburuz, eta denbora ageri da batez ere. «Umezaroaren aipamena egiten du, eta azaltzen dira hondartzak, etxeak... Lasaitasun bila jotzen du horretara, orainaldia kaos bat baita beretzat». Greziako idazle klasikoak eta Fernando Pessoa herrikidea izan zituen erreferentzia eta gidari nagusi.
Hiru konfesio poetiko
Anne Sexton, Sophia de Melo eta Gabriel Ferrater euskaratu dituzte Harkaitz Canok, Iñigo Roquek eta Aritz Galarragak, hurrenez hurren

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu