Iritzia

Hiru urte maisua joan zela

2011ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Arin eta bizkor joan zaizkigu hiru urte 2009ko urtarrilaren 2an hil zinenez gero, Antonio, Auspoaren sortzaile eta ahozkotasunaren maisu handia. Eta gutxitxo aipatu eta aupatu zaitugu, beharbada, jakineko lagun batzuen artean ez bada behintzat. Merezi zenuen baino askoz gutxiago, nahiz eta zuk Auspoan argitara emandako alerik gozoenak lasai asko erabiltzen diren biltzailearen izenik asko aipatu gabe —eta horrek mintzen zinduen zu—. Zure lagun zahar Txomin Garmendiak oraintsu bidali didan bere gutunean esaten didan bezala «Joan zan ostiralean artu nian Bertsolari aldizkaria… Eta dalako aldizkari ortan Gorka Etxebarria Dueñasek amalau orrialde eskeintzen zizkiok Tira eta tunba diskoari eta Joseba Tapiari. Eta jarraitzen dik: Eta hasnarketa hori guztia bertsoetatik abiatuta egin ahal izan dugu, herri adierazpenetik… Historiari begiratzeko material ezin hobea… Bertsorik geienak Auspoatik artu badituzte ere aita Zavalaren aipamenik ez dik egiten…».

Beno, zu ondo ohituta zeunden horretan lehen ere, eta utz dezagun bere horretan, ez du gehiago merezi-eta.

Bestalde, Antonio, zuri buruzko asmo eta helburu asko erdizka bete dugu orain arte. Esaterako, Euskaltzaindiko Herri Literatura batzordeko zure kideok behingoz eskaini nahi dizugun liburua erdibidean dago, ez atzera ez aurrera, inoiz argitara emango den idazlan asko eskuartean dugula.

Berri onak eman diezazuzket ordea zure Auspoa maiteari buruz, ez badakit ere inondik entzungo didazun gaur. Mondragoiko kalezaiñaren bertsoak (Auspoa 312) egin eta plazaratzeko puntuan zegoela alde egin zenuen liburua ikusi gabe; eta hura argitaratu ondoren beste ale batzuk ere erantsi dizkiogu bildumari: Uztapide bat-batean (Nikolas Aldai-Pello Esnal, Auspoa 313); Leengo egunak gogoan (Uztapide-A.Zavala, Auspoa 314), Ondorengoak jakin dezaten (Kruz Azkarate-Joxemari Iriondo, Auspoa 315), Naizen apurra (Patxi Iraola-Rufino Iraola, Auspoa 316), 2008ko nere egunkaria (T. Garmendia, Auspoa 317), Biotzetik senti dedana (Albizu anaiak, Auspoa 318), Basarri II. Jarritako bertsoak (Joxemari Iriondo. Auspoa 319), eta Dozenaka jarriak (Julian Albiztur, Auspoa 320).

Zerrenda laburregia dela hiru urterako? Agian bai, baina beste bat ere kalerako prest dugu: Santa Ageda koplak Zestoan 1992-2011 (Xabier Unanue-Joxemari Iriondo, Auspoa 321 liburua+DVD), hurrengo otsailaren 4an Zestoan aurkezteko. Zure Macintosh zaharrean egin samartuta aurkitu genituen Bilboko Gabon kantak (Auspoa 322) eta beste batzuk ere laster dira plazan.

Azkenik, Auspoa sail osoa sarean jarrita dauka Euskaltzaindiak, 2005eko otsailaren 2an Xabierren baimena eman batzenigun horretarako. Eta Gipuzkoako Aldundiari erabilpen zuzena egin zezan eman zenion artxiboa txukun asko katalogatu eta ordenatu dute dagoenekoz, karpetaz karpeta. Halaber, oinordekotza eder hau hartu genuenok laguntzaile berriak geureganatu eta Auspoa sailari zure arauetan sendo eusten ahalegintzen gera.

Hiru urte joan dira, bai, eta zuk nahi eta merezi adinako lanik egin ez badugu ere eman zenigun bideari jarraitzen ahalegintzen gera uneoro, biltzailearen izenik aipatu gabe edozer argitaratzen denean zeuk adinaxe sufrituz.

Emaiguzu zure argia eta laguntasuna, emateko modurik baduzu, Antonio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.