Simon Norfolk. Argazkilaria

«Hirurehun argazkilari inguru zeuden Afganistango gerran, denak argazki bera ateratzen»

Gerraren arrastoak erretratatzea da Simon Norfolkek gerra erretratatzeko hautatutako modua. Bere lanaz aritu da Bilbon: «Paisaiek eutsi egiten diete ebidentziei, eta gorde egiten dituzte».

IÑIGO ASTIZ.
Inigo Astiz
Bilbo
2015eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
«Argazkilaria baino gehiago, arkeologoa naiz. Geruzaz geruza hautsa kendu, bertan aurkitutakoa berrazaleratu, eta munduari erakustea da nire lana». Gerrak uzten dituen arrastoak erretratatzea da Simon Norfolk argazkilari britainiarrak (Lagos, Nigeria, 1963) gerra erretratatzeko hautatu duen bidea. Adibide bat: kalaxnikoven tiroek erabat biluzik utzi duten eraikin baten hormigoizko hezurdura soilik argazki erdialdean, eta kolorezko puxikak saltzen dituen gizon bat bazterrean. Argazki oinean dator azalpena: «Antzinako te saloia, Kabulen. Talibanen erregimenaren pean, debekatuta zeuden puxikak, baina orain nahiko ohikoa da puxika saltzaileekin topo egitea». Afganistanen egon da, Ruandan, Iraken... eta batera doaz edertasuna eta ikara haren irudietan. Erreferentziazkoa da haren izena nazioartean, eta haren hamar pieza biltzen dituen Et in Arcadia ego erakusketa zabaldu dute Bilboko Argazki Garaikideko Zentroan. Maiatzaren 10era arte egongo da han.

Gordina da zure mezua: gudak eratzen du gure mundua.

Luzez darabilt hori buruan. Londresen bizi naiz, eta hiriaren forma, errepide mapa eta kokapena erromatar gotorlekuaren araberakoa da, adibidez. Londresen bizi nintzen kalearen azpian, esaterako,erromatarrek britainiarrak konkistatzeko eraikitako galtzadaren arrastoak daude. Militarrek idazten dute eta azpi-idazten dute gure mundua, funtsean.

Historia geruzaz geruza erakusten duten lekuak interesatzen zaizkizu. Eta maiz ageri da Kabul zure irudietan, adibidez.

Gerraren arkeologiaren museo baten modukoa da. 30 urte zeramatzan etengabeko gerran lehen aldiz hara joan nintzenean, eta45 daramatza orain. Frantziako guda zelai izandakoren batean topa ditzakezun arrasto guztiak gutxi gorabehera antzekoak izaten dira, gerra hasieratik gerra amaierara arte teknologia antzekoa erabili zutelako: lubaki arrastoak, bonbek sortutako zuloak...

Eta Afganistanen?

Geruzaz geruza ikus dezakezu gerraren historia. Sobietarren aurka izandako gerraren arrastoak topatzen dituzu, adibidez: paisaia osoa hartzen dute mujahidinek txikitu eta orain herdoiltzen ari diren tanke sobietikoen karkasek. Sobietarrak joan zirenean, gerra zibil bat izan zuten, eta kalaxnikovak baino ez zituzten, eta balek eraikinen parterik bigunenak desegin eta porlanezko egitura soilik utzi dute agerian; eraikin maskor batzuk. Gero, amerikarrak heldu ziren, eta hauxe da topatzen duzun arrastoa: etxea, etxea, etxea, sekulako zulotzarra, etxea, etxea. Laser bidez gidatutako ia tona beteko bonba baten arrastoa da hori. Teknologia militar bakoitzak arkeologia mota bat uzten du. Nire ustez, krimen eszenak ere badira horiek, eta ebidentzia sorta bat uzten du bakoitzak. Eta nire lana hori da: paisaiako ebidentzia horiei begiratu eta zer kristo pasatu zen erakustea. Zer kristo pasatu da leku horietan?

Esana duzunez, ezerosoa zaizu ohiko gerra argazkilaritza.

Afganistanera lehenengoz joan nintzenean, hirurehun argazkilari zeudela esan zidaten, denak argazki bera ateratzen. Zentzugabea iruditu zitzaidan jende horrekin lehiatzea, eta beste zerbait egiten saiatu nintzen arrastoekin. Oso zabarrak gara gizakiok, zabor piloa uzten dugu beti atzean, eta ni zabor horretan aritzen naiz lanean, pentsatzen dudalako paisaiak hartu dituen krimen eszena horietan dagoela benetan gertatu zenaren kontakizuna. Afganistanera joan eta gerrari buruz galdetzen baduzu, hamaika iritzi jasoko dituzu, guztiak politikoki lerratuak. Bide luzea egiten dute iritzi horiek niganaino heltzen direnerako, eta ezin ditut erabat sinetsi. Baina paisaiek eutsi egiten diete ebidentziei, eta gorde egiten dituzte. Paisaiak memoriaren gordeleku seguruagoak dira, eta maiz barruan duten pozoia botatzeko irrikan dirudite.

Eta zergatik ez da ateratzen bestelako gerra argazkirik?

Argazkilariak gerra barruraino sartzen uzteko sistema bat asmatu dute armadek. Defentsa Ministerioaren webgunean ematen duzu izena, eta helikopteroan ibil zaitezke, eta soldadu artean bizi, eta tanke batera igo, eta... Eta azkenean erabat irensten zaitu sistemak. Hel zaitezke hara gerrari buruzko mila iritzirekin, baina esertzen zara soldadu batekin eta harekin bazkaltzen duzu, partekatzen du zurekin bere errazio bakarra, eta orduan lurrindu egiten da politika guztia. Zure gerraren aurkako oposizio guztia, desagertuta. Militarrek badakite funtzionatzen duela. Azken 14 urteetako argazkigintza ikusi, eta nazkagarria da: tanke barrutik begiratzen zaio Afganistani. Pistolentzako zirrikituetatik.

Garai baten amaieran gaudela diozu, halere.

Superargazkilari zurien mundu hori amaitu da. Munduko leku batetik bestera hegan joan, gerra gunera sartu, sekulako argazkiak egin eta New Yorkera afganiarrekin inolako elkarrizketarik izan gabe bueltatzen den argazkilarien sasoia amaitu da, eta hobe horrela. Nik entzun nahi dut zer duten afganiarrek esateko, palestinarrek, libiar argazkilari batek... Elkarrizketan sartu behar dituzu! 2009an Israelek Gaza inbaditu zuenean, ezinezkoa zitzaien kanpoko kazetariei sartzea, eta palestinarrek hartutako sekulako argazkiak zeuden. «Erredundantea naiz», pentsatu nuen orduan. Noski, badago benetakotasunari buruzko arazo bat ere, baina agur orain arteko ereduari.

Txikizio guneak dira zure irudietakoak, baina ederrak dira. Zer egin hondamendiaren erdiko edertasun horrekin?

Edertasuna eta gerra. Antzinako greziar ideia da hori, eta gure psikean txertatuta dago. Sokratesekin hasi, eta gurutzatzen ditu haur kantak eta Hollywood. Leku ederretan ezer txarrik ezin da gertatu, eta alderantziz. Ni beti saiatu naiz hori iraultzen. Bestetik, erromantikoen sublimeari buruzko ideia ere hor dago. Gainezka egiten dizun eta suntsitzailea den edertasun beldurgarri batena. Horren bila zebiltzan erromantikoak. Gaur egun iruditzen zait ezin dudala sentitu jainkoaren edo energiaren edo naturaren indar misteriotsuen beldur hori lurrikara bati erreparatuta, badakidalako nola sortzen diren. Baina ikusten duzunean zatikatze bonba bat nola barreiatu den lauzpabost alorretan eta halere nola utzi dituen erabat osorik zuhaitzetako fruituak, zuhaitz parean zeuden pertsona guztiak hil arren, orduan sentitzen duzu benetako beldurra. Ikaragarri ederra da nola lehertzen den bonba bat eraikin baten aurka eta nola sortzen duen porlanean olatu moduko bat, harrigarria eta beldurgarria. Hor senti ditzakezu halako hauskortasun eta babesgabetasun sentipen erlijioso horiek. XVIII. mendean, gazte aristokratikoak Italiara-eta bidaltzen zituzten, inperioen hondakinei begiratu eta gordetzen duten lezioa ikastera. Nire lana hondakin klase berri bati begiratzea da, eta eskaintzen duten mezu filosofikoa ikastea. Hondakin horiek gizakioz zer esan nahi duten ikustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.