Hirurekin, laukotea

Fredi Pelaez, Mikel Romero eta Ander Hurtado de Saratxok osaturiko FMA Triok Hammond organoa ardatz duen jazz disko «atsegina» atera du

gorka erostarbe leunda
Donostia
2015eko azaroaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hammond organo gutxi dago Euskal Herrian. Mikel Azpiroz eta Joserra Senperena musikari donostiarrak dira musika tresna hori jotzen duten aipagarrienetako bi. Nabarmentzen den beste bat Alfredo Fredi Pelaez da, Lazkaoko (Gipuzkoa) musikaria. Besteak beste, Dynamic Trion eta Organicsen aritzen da, eta orain beste hirukote batean entzun liteke haren Hammond organoa. Euskal Herrian ohikoa ez den formatuarekin plazaratu du bere lehen diskoa FMA Triok, Errabal Jazz zigilupean, hots, Hammond organodun trio klasikoen bideari jarraituz. Pelaezen organoaz gain, Mikel Romeroren gitarra eta Ander Hurtado de Saratxoren bateria dira beste bi osagai nagusiak.

Zazpi kantuko diskoa osatu dute, eta #1 izenburupean kaleratu. Konposizio ia guztiak Mikel Romero gitarra jotzaile bilbotarrak egin ditu. Hark konposatu ez duen bakarra Boogaloo da, Pelaezek sortua. Jose Felix Azkarate Xarra zigiluko arduradunaren hitzetan, «tentsio musikal handiko diskoa da; klubeko musikaren bidea hartzen du, eta jazz puruena gustuko ez dutenentzako ere atsegina izan daiteke».

Hammondaren inguruan eratutako trio molde klasikoan, «organoak betetzen ditu normalean jazz taldeetan bi instrumentu desberdinek betetzen duten egitekoa», Mikel Romero gitarra jotzaileak dioenez; «alde batetik, baxuak egiten ditu, normalean kontrabaxuak betetzen duen egiteko hori, eta, era berean, pianoak normalean betetzen duen funtzioa ere egiten du». Horregatik, «hiru musikariz osaturiko laukote» gisa definitzen dute euren proiektua. «Fredik lan bikoitza egiten du, eta berdin kobratuta. Zorte handia daukagu», dio, umorez, gitarra jotzaileak.

Estilo aniztasuna

Nahiz eta Hammond hirukote klasikoaren formatuan aritu, musika lengoaia «modernoagoa» landu dute. «Sonoritate klasikotik abiatuta lengoaia modernoz garatutako musika egiten dugu». Eta Hammondak leku zentrala izan arren, konposizioak Morenorenak direnez gero, «gitarrak ohikoan baino presentzia handiagoa dauka melodietan». Jazz disko bat da muinean, baina alboan dituen estiloetara batere konplexurik gabe jotzen dute, boogalootik abiatu eta balada goxotik swing energikora igaroz. Erreferentzia gisa aipatzen dituzte Larry Young, Larry Goldings edo Jimmy Smiths jazz musikari estatubatuarrak.

Diskoa 2014ko abuztuan grabatu zuten, Pelaezek Beasainen (Gipuzkoa) duen Pottoko estudioan, soinu teknikari lanetan Pelaez bera zelarik. «Zuzenean eskaintzeko oso gogotsu gaude. Jazz musika zuzenean dago benetan bizirik, eta iruditzen zaigu jazzaren magia formatu txikiko kontzertuetan ematen dela. Ez dugu ikusten geure burua agertoki erraldoietan, baina bai gainerako guztietan». Hain gustuko duten zuzeneko giro horietara bideratzeko «abiapuntu ederra» da diskoa, Romeroren aburuz. Hala ere, hamaika egoeratan entzuteko lana da, egileen ustez. «Atsegina da, oro har, eta entzun liteke autoan goazela, etxeko sofan etzanda gaudela, tabernan edo kirola egiten ere bai».

Pelaez eta Romero duela bost urtetatik elkarrekin aritu dira Dynamic Trion eta Organics taldean, eta hortik ezagutzen dute elkar. Bestalde, Romero beste gisa bateko taldeetan ere aritua da, Urgabe edo Korrontzin, esaterako, eta horietan ezagutu zuen Hurtado de Saratxo bateria jotzaile bilbotarra. «Pentsatu genuen aproposa izango zela hirurok batzea proiektu berri honetarako, eta, egia esan, oso kimika bitxia sortu da hiruron artean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.