Zinema. Estreinaldiak

Historia, Etxe Zuriko maiordomoaren begietatik

Lee Danielsek 'The Butler' filma egin du, AEBetako eskubide zibilen mugimendua ardatz hartuta

Oprah Winfrey aurkezlea eta Forest Whitaker dira filmeko protagonista nagusiak. BERRIA.
Gontzal Agote.
2013ko urriaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nahitaez, Lee Danielsen azken pelikula AEBetan izan zen gertaera historiko bati oso lotuta dago: 2008ko hauteskundeak irabazi ostean, 2009ko urtarrilaren 20an Barack Obama herrialde horretako lehen presidente afroamerikarra bihurtu zen. Orduan izenburu bat nagusitu zen: «Historiako lehen presidente beltza»; eta, horrekin batera, beste bat: «Etxe zurira ailegatu den lehen afroamerikarra da».

Benetako historia oso bestelakoa da, asko izan baitira Etxe Zurian izan diren afroamerikarrak, baina gehien-gehienak zerbitzari lanetan. 2008ko egoera horretan, Will Haygood kazetari eta idazleak helburu bat jarri zion bere buruari, Etxe Zuritik bertatik eskubide zibilen aldeko mugimendua bizi izan zuen afroamerikarren bat aurkitzea.

Bilaketa horrek emaitza izan zuen, Haygoodek Eugene Allen ezagutu zuenean. Orduan, 89 urte zituen eta 50eko eta 80ko hamarkaden bitartean Etxe Zurian egin zuen lan; zortzi presidente ezagutu zituen. Allenek kontatutako istorioan oinarrituta, Haygoodek liburu bat idatzi zuen: A Butler Well Served by This Election. Liburua 2008an bertan argitaratu zen, eta hasieratik oihartzun zabala izan zuen. Horren ondorioz, idazleak liburuaren bertsio zinematografikoa egiteko eskaintza ugari jaso zituen.

Laura Ziskin ekoizlea garaile atera zen enkantean, eta Sony ahalguztidunak erosi zituen proiekturako eskubideak. Baina nonbait ekoiztetxe handiak ez zuen filmaren etorkizuna argi ikusten, eta, azkenean, atzera egitea erabaki zuen. Orduan, ekoiztetxe txiki batzuk elkartu ziren proiektuarekin aurrera ateratzeko. Telebista munduan ezagun egin den Danny Strong gidoilari lanetarako fitxatu eta hura arduratu zen Haygooden liburuaren moldaketaz.

Ibilbide gorabeheratsua

Zuzendari lanetarako Lee Daniels aukeratu zuten. Danielsen laugarren film luzea izan da The Butler, baina bere filmografia laburrean afroamerikarren arazoez ardura berezia erakutsi duen zuzendaria izan da. Telebistan trebatu ondoren, 2005ean egin zuen lehenengo film luzea, nahiko oharkabean igaro zen Shadowboxerthriller-a, Cuba Gooding Jr. protagonista zuena.

Askoz ere oihartzun handiagoa lortu zuen bigarren pelikularekin, 2009ko Precious-ekin. Filmak harrera oso ona izan zuen Sundanceko Zinemaldian, han epaimahaiaren sari berezia eta ikusleen sariak lortu baitzituen. Hauspo horrekin, pelikulak arrakasta handia izan zuen areto komertzialetan estreinatu zenean, eta beste sari inportante batzuk eskuratu zituen, horien artean bi Oscar sari.

Handik hiru urtera egin zuen The Paperboy-k, ordea, kritika txarrak jaso zituen, nahiz eta Cannesko Zinemaldiko sail ofizialerako aukeratua izan zen. The Butler egin ondoren, zuzendariaren hurrengo proiektua Amy Adams aktorea protagonista duen Janis Joplin musikariaren gaineko biopic bat da.

Pelikulan Cecil Gaines izena hartu du protagonistak. 1926. urtean abiatzen da istorioa, AEBetako hegoaldean. Han afroamerikarren bizimodua oso latza da, oraindik arraza bazterketa indarrean baitago. Egoera horretatik ihes egin nahian, Gaines gazteak etxean zerbitzari izateko sekretu guztiak gogo biziz ikasiko ditu.

Babesle bati esker, Washingtoneraino ailegatuko da, eta, azkenean, Etxe Zurian maiordomo gisa kontratatuko dute. Talaia horretatik herrialdean gertatu diren aldaketa guztien lehen mailako lekukoa izanen da, bereziki 60ko hamarkadatik aurrera loratuko den eskubide zibilen mugimenduarena. Gainesek ez du bazterrean gelditu nahiko, eta bere modura mugimendu horretan ere parte hartuko du.

'THE BUTLER'.

Zuzendaria: Lee Daniels.

Aktoreak: Forest Whitaker, Oprah Winfrey, John Cusack, Jane Fonda, Cuba Gooding Jr., Terrence Howard, Lenny Kravitz, James Marsden, David Oyelowo,Vanessa Redgrave.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2013.

Iraupena: 132 minutu.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.