Hiru emanaldi, hiru formatu eta hiru espazio. Kutxa Kultur Festibalak oso molde ezberdineko hiru jaialdi txiki eskainiko ditu gaurtik larunbatera arte Donostian. Gaur, Wilco eta Johnathan Wilson ariko dira Kursaaleko auditoriumean; bihar, Christina Rosenvinge eta PLV Havok Gazteszenan, eta amaitzeko, larunbatean, jaialdiko saiorik jendetsuena izan behar duena eskainiko dute belodromoan. Primal Screamek bere lanik enblematikoena joko du (Screamadelica, 1991), eta Bobby Gillespieren taldearen aurretik beste bost igoko dira agertokira: Fanfarlo, We Are Standard, Thee Brandy Hips, Krell eta Rock Privado.
Mende hasierako rock taldeen artean errespetatuenetakoa denak, Wilcok, disko berria kaleratu berri du, eta, aurrekoekin egin duen bezala, hori ere Euskal Herrian aurkeztuko du. 2005etik hona —A Ghost is Born (2004) diskoaren biran etorri zenetik, hain zuzen ere— Jeff Tweedy abeslari eta gitarrista buru duen taldeak lau aldiz jo du hemen, eta haren musika bilakaeraren lekuko izan dira milaka jarraitzaile. Azkeneko aldiz, 2009ko ekainean izan zen Chicagoko (AEB) taldea Euskal Herrian, Donostian hain zuzen ere, artean Wilco (the album) diskoa kaleratu gabe zegoela, eta orduan ere kontzertu bikaina eman zuen.
Duela bi urteko oholtza bera zapalduko dute gaur Tweedyk, Nels Clinek (gitarra), Glenn Kotchek (bateria), Jon Stirrattek (baxua), Pat Sansonek (teklatuak eta gitarrak) eta Mikael Jorgensenek (teklatuak): Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Seiek Wilcok inoiz izan duen formaziorik egonkorrena osatzen dute, 2005etik elkarrekin aritu baitira —Tweedy eta Stirratt baino ez dira gelditzen A.M. (1995) estreinako hura grabatu zuen taldetik—, eta agian horregatik, azken diskoei nolabaiteko tonu bertsua darie, aldeak alde, rock klasikoaren, pop inspirazioko melodien eta folk lasaiaren artean mugitzen baitira Sky Blue Sky (2007), Wilco (the album) (2009) eta The Whole Love berria. Nolanahi ere, azken diskoan agerikoagoak dira pop kantu bizien eta pasarte motelagoen arteko kontrasteak. Izan ere, taldekideek aitortu dute hasiera batean bi disko egiteko aukera ere pasatu zitzaiela burutik: «Diskoaren barruan bi ildoko kantuak daude; batzuk poppyagoak, pop-rock kantuak, eta beste batzuk folkari lotuagoak». Jim O'Rourkerekin Yankee Hotel Foxtrot (2002) eta A Ghost is Born diskoetan jorratutako alde esperimentalenak, berriz, Art of Almost kantu luzean dauka segida lan berrian.
Gaur egungo zuzeneko talde onenetakoa da Wilco, eta haren emanaldietan rockak, popak, folkak, americana doinuek eta pasarte zaratatsuagoek naturaltasun osoarekin egiten dute bat. Emanaldietan hogeitik gora kantu eskaintzen ari da, eta azken laneko hainbat pieza jotzen baditu ere (Art of Almost, Born Alone, I Might, A Whole Love, Dawned On Me...), Wilcoren ibilbideak klasiko bihurtu dituen beste askorekin uztartzen ditu, bi ordu luzeko saioan:At Least That's What You Said, War on War, Jesus Etc, Impossible Germany, A Shot In The Arm...
Disko mugarria
Primal Scream. Kutxa Kultur Festibaleko bigarren izen handia, zalantzarik gabe. Beste hainbat artistak egin duten moduan, Bobby Gillespieren taldeak bere diskorik esanguratsuena joko du hasieratik amaiera (Screamadelica, 1991). Ez alferrik, Gillespierentzat gailur eta mugarri izan zen taldearen hirugarren disko hura, eta musika elektronikoa rockarekin uztartzeko bide bat ireki zuen, gerora beste askok segituko zutena.Screamadelica-n The Rolling Stonesenganako maitasunak (Movin' On Up, Damaged) eta house doinu eta erritmoek (Don't Fight It, Feel It, Slip Inside This House) egin zuten bat, inolako konplexurik gabe, eta bertan zegoen taldearen hit handienetakoa ere: Loaded. Askoren ustez, rockaren historia aldatu zuen diskoa bihurtu da Screamadelica.
Historian arrastoa utzi dutenak
Wilco eta Primal Scream buru dituela, Kutxa Kultur Festibala egingo da larunbatera arte Donostian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu