Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Lekeitioko Garraitz irla (Bizkaia) egunean bitan baino ez da baketzen hiztegiarekin. Marea jaistean, agerian geratzen da irla herriarekin lotzen duen harrizko pasabidea, eta, nolabait, ordutegi eteneko irla bilakatzen du horrek. Ia-ia irla bat, alegia. Alfredo Moraza Aranzadi zientzia elkarteko arkeologoak, ordea, ongi daki ez dela gehiegi fidatzerik komeni. 2015etik dabil irlako indusketak zuzentzen, eta motibo bategatik edo besteagatik, urtero izaten da azken tantaraino zukutu nahi izaten den lanegunen bat. Eta orduan komeriak. «Batzuetan hainbeste estutzen ditugu marearen ordutegiak, bustita amaitzen dugu, baina sekula ez bakartuta geratzeko beste. Lekeitio zapatilak deitzen ditudan batzuk baditut horregatik, ziur dakidalako busti egingo direla». Erdi Arotik hasi eta XIX. mendera arteko ondarea azaleratu du ia hamarkada beteko mareen araberako lan horrek, eta aurtengoa izango dute azken indusketa kanpaina. Despedida kutsu bat ere izan dute, horregatik, egunotako saioek, eta iaz topatutako gorpuzkien misterioa argitzea da azken erronka.
Aranzadik gidatzen ditu lan zientifikoak, baina herriko Atabaka elkartearekin elkarlanean prestatu dituzte indusketa guztiak, eta 50 boluntario inguruk hartu dute parte hainbatetan. Mareengatik ez ezik, izaera herrikoi horregatik ere berezia da Garraizko indusketa. Morazak dioenez, gainera, gunearekiko lotura estuagoa garatzen dute boluntarioek, eta garrantzitsua da hori. «Oinarrizkoa da, ze gu, azken batean, astronauta hutsak gara hemen: etortzen gara eta joan egiten gara. Bertan bizi direnak dira ondare hori zabaldu eta babestuko duten zaindariak».
Eta, arkeologoak dioenez, bereziki aberatsa da babestu beharreko ondare hori, Garraizko kasuan.
1742an eraikitako gotorleku baten arrastoak daude irlaren iparraldean, esaterako. Ez da eraikin handia, Morazak onartu duenez, baina bai garrantzitsua. Gotorlekuaren hormak ez ezik, bolborategia ere mantentzen delako egun, eta horrek egiten du esanguratsu. «Euskal kostaldean kontserbatzen den garai horretako bolborategi bakarra da. Harkaitz artean sartuta dago, ganga faltsu batekin eginda».
Gotorlekuak eta ermita
Aranzadikoek bildutako datuen arabera, Karlistaldietan berrerabili zuten azkenekoz gotorlekua. Lan behartuak egiten zituzten presoentzako bizitoki lanak egiten zituen kuartel moduko bat eraiki zioten horretarako. 1836 eta 1839 bitartean izan zen, eta kalkulatzen dute multzo hori XIX. mende erdialdera arte erabiliko zela.
«Garraizkoa da euskal kostaldean kontserbatzen den XVIII. mendeko bolborategi bakarra. Harkaitz artean sartuta dago»
ALFREDO MORAZAArkeologoa eta Garraizko indusketa lanen zuzendaria
Duela pare bat urte moldatu zituzten elementu horiek, eta uda pasatutakoan kontsolidatuko dituzte. Arriskurik gabe bisitatu ahal izateko moduan uzteko.
Iparraldeko gune hori da irlako «gune militarra», Morazaren hitzetan. Baina irla erdialdean ere topatu dituzte beste gotorleku baten arrastoak. «Pentsatzen dugu Bonaparteren garaian hasi zirela hor zerbait eraikitzen, nahiz eta gutxi iraun zuten hor. Horregatik, orain dauden aztarnak Karlistaldikoak dira, 1834. eta 1836. urteen inguruan eraikitakoak. Liberalek okupatu eta defendatu zuten herria orduan, eta haiek izan ziren irla gotortzen hasi zirenak. Gero karlistak etorri ziren, 1836an, eta, ondorioz, lanak bukatu gabe geratu ziren. Eta badaude hasitako eta bukatu gabeko pareta gehiago ere».
Eta, azkenik, Morazaren arabera, irlaren hegoaldeko muturrean dago «gune erlijiosoa». Han daude San Nikolas izeneko ermitaren hondarrak. Haren planta osoa mantentzen da, eta argi ikusten da aldarea non egon zen ere. Eta hantxe topatu zuten iaz hildakoak ehorzteko erabilitako gune bat ere.
«Bobeda egoera tamalgarrian dago, erortzeko arriskuan, zorua oso malkar [...] aldareak itsusi, kaltetuak, eta [...] irudi guztiak erridikuluki itsusi eta kaltetuta daude»
FRANCISCO MATHEO AGIRIANO GOMEZ1791. urtean Garraizko ermitaren egoeraren berri jaso zuen gotzaina
XIII. mendekoak dira ikerlariek ermitari buruz bildutako daturik zaharrenak. «Badirudi ordurako han bazegoela zer edo zer». Edonola ere, 1617an jasotzen dute frantziskotarrek gune horretan komentu bat eraikitzeko kontzesioa. «Frantziskotarrek beti bilatzen dituzte toki zatarrak, mundutik apartatu eta lasai meditatu ahal izateko. Joaten dira Arantzazura, esaterako, eta Izaro irlan ere badago frantziskotarren komentu bat. Eta kasu honetan irla txiki bat hautatu zuten, baina 30 urte baino ez zuten eman Garraitzen, 1617tik 1650era arte. Ermita inguruan zenbait eraikuntzaren hastapenak ikusten dira, baina eten egin zuten eraikitze prozesu hori ere. Eta, gerora, amaitu gabeko eraikuntza horiek gotorlekuak eraikitzeko edota ermita berreraikitzeko baliatu dira, harrobi modura».
Eta zergatik utzi zuten? Moraza: «Ez dago garbi. Toki zaila delako izan daiteke, eta, azken batean, han bizitzeko behar den guztia kanpotik ekarri behar delako. Diru falta ere izan daiteke beste motibo bat. Baina ez dago argi».
Gorpuen misterioa
Ermita bera ere abandonuan geratu zen, azkenean, eta XVIII. mende amaieran erabaki zuten hura desakralizatzea. Eta esanguratsuak dira 1791n bertara egindako bisitan Francisco Matheo Agiriano Gomez gotzainak egindako eraikinari buruzko deskribapenak. «Bobeda egoera tamalgarrian dago, erortzeko arriskuan, zorua oso malkar dago, losarik zein adreilurik gabe, lur hutsez, aldareak itsusi, kaltetuak, eta bi oparriak ere, bata oso txikia eta bestea hainbat gunetan apurtuta eta irudi guztiak erridikuluki itsusi eta kaltetuta daude, salbu eta Santa Barbararena». Eta, horrenbestez, debekatu egin zituen mezak ermitan.
Iazko udan aurkitu zuten irlako azken nobedadea Aranzadikoek. Ermitaren lurretan, aldaretik hurbil ziren hilobietan, hainbat giza hezur topatu zituzten. Tartean, baita bi emakumerenak ere. Eta hipotesiak lantzera behartu zituen horrek ikerlariak. Eta, oraingoz, bakar bat ere ez da erabat balekoa.
Alde batetik, hilobien kokapenak, aldaretik gertu egonik, ehortzitakoak nobleak edo fraideak direla pentsarazi die arkeologoei. Berez, nobleek edo fraideek bakarrik zutelako pribilegiozko gune horretan ehortziak izateko aukera. Morazaren hitzetan, «Juan Ramon Iturrizak jasotzen duen tradizioaren arabera», litekeena da ehortzitakoetako bat ermita eraikiarazi zuen Iñigo Manso de Susunaga izatea. Edo baliteke, bestela, ehortzitakoak fraideak izatea ere. Baina bi hipotesi horiek talka egiten dute bi emakumeen arrastoekin.
Eta horrek zabaltzen du hirugarren hipotesia.
Ikerlarien ustez, balitekeelako irlak lazareto funtzioak bete izana ere. Morazak dioenez, garai batean portua zuten herrietan ohikoa izaten baitzen eritasun kutsagarriak izan zitzaketela susmatzen zen jendea gune apartatuetara bidaltzea. Izurri sasoietan, nagusiki, kutsatze katea nolabait eteten saiatzeko. Eta, dioenez, hori izan daiteke Garraitzen kasua ere. «Gaixoak eta gaixo izateko susmoa zutenak eramaten zituzten gune horietara. Hiltegi bat izaten zen normalean, ez zelako izaten sendatzerik. Dokumentazioaren arabera, 1592. urtearen inguruan, 200 lagun inguru egon ziren irlan bizitzen. Bueno, bizitzen... hiltzen».
«Irlan topatutako gorpuak izurriteen ondorioz hildakoenak izan daitezke, baina, hala balitz, gorpu asko egon behar lukete, eta lauzpabost daude»
ALFREDO MORAZAArkeologoa eta Garraizko indusketa lanen zuzendaria
Biztanle haiek utzitako arrasto mordoa ere topatu dituzte indusketetan. Janari arrastoak dira haietako asko, bai eta euren etxolak sortzeko baliatutako iltzeak ere. Gutxiago dira irlan topatutako gorpuak, ordea. Moraza: «Herritik ekartzen zituzten jateko eta edatekoak, eta segur aski hiltzen zen jendea herrira eramango zuten». Izan liteke, beraz, hilobikoak ere izurrite aldi horietakoren batean hildakoen arrastoak izatea. Baina, berriz ere, ziurtasunik ez. «Hori da aukera bat, baina, hala balitz, gorpu asko egon behar lukete, eta lauzpabost daude».
Eta hain justu misterio hori argitu ahal izateko datuak biltzea izan da egunotako lanen helburuetako bat.
Ondarea eta natura, orekan
Zortzi udaren ostean, azken indusketa izan dute egunotakoa, eta bildutako informazio guztia antolatzea eta aurkeztea izango da hurrengo lana. 2025ean 700 urte beteko dira Lekeitio hiribildu izendatu zutenetik, eta hasieratik izan dute urtemuga borobil hori buruan. Irla herrian «berrintegratzea» da azken asmoa, Morazak azaldu duenez, baina ez «gune turistiko» bihurtzeko, baizik eta ondarea berreskuratuta, natura eta fauna «bakean» uzteko. «Ondarea eta natura, biak orekan».
Morazak ez ezik, Tito Agirrek, Leire Aranak eta Manex Arrastoak osatu dute Aranzadik Garraitzen duen arkeologo taldea, eta Guillermo Ruiz de Erentxun Atabaka taldeko kidea aritu da boluntarioen parte hartzearekin laguntzen. Eta, hain justu, lan zientifikoarekin batera lanera joan den jende horrentzako egin beharreko dibulgazio lana ere azpimarratu du Morazak. «Hemendik aurrera ondare horren lekukoa herritarrei pasatuko diegu, eta gu beraneante bezala bakarrik azalduko gara».
Lotura bat beharrezkoa dela, alegia, arkeologoen lana herritik erabat apartatutako irla bakartu bat izan ez dadin.