«Bortchaz gerlari lothua den populu baten gizona naiz; populu hori biziaren zaintzeko ari da guduka gerla phiztu dutenen kontra». 1942ko abenduaren 11ko Eskualduna aldizkarian egiten du bere buruaren aurkezpena, eta testu bukaeran ageri da egilearen sinadura: «Adolf HITLER». Kepa Altonagak berreskuratu du eskutitza, artxibotik, eta balio dezake Euskaltzaindiak kaleratzen duen Erlea aldizkariaren zortzigarren zenbakiaren nondik norakoa laburtzeko. Izan ere, II. Mundu Gerra da Bernardo Atxaga idazle eta aldizkariaren koordinatzaileak azken zenbakirako hautatu duen gai nagusia. «Agian batzuetan ez gara gogoratzen, baina ez da gure Hegoaldeko historia Iparraldeko historia izan. Iparraldean, esate baterako, naziek beste arrasto bat utzi zuten». Atzerako kontuaren berri ere eman du Atxagak, gainera. Izan ere, azaldu duenez, hamar zenbaki argitaratzea darabil buruan, eta zortzigarrena da oraingoa. «Erlea-ren hamar ale horiek, 1.300 orri inguru horiek izango dira mostra bat, lagin bat erakusten duena zertan zen euskal literatura XXI. mende hasieran». Zehatzago: «Halako urrezko lagin bat izango da».
Hitler zalea zen Xalbat Arotzarena Eskualduna aldizkariko zuzendaria, eta horregatik erabaki zuen alemaniarrak Petain marexalari igorritako eskutitza itzuli eta kaleratzea. Gerra ostean, baina, egoera aldatu eta kontra bueltatu zitzaion naziei agertutako babesa. Aldizkariko orri ertzean dator Altonagaren azalpena: «Gerla amaitutakoan Eskualduna debekatu egin zuten, eta Arotzarena preso hartu eta epaitu». Ez da Hitler, ordea, aldizkarian ageri den nazi bakarra. Tolosako Santa Maria elizatik ohorezko irteeran ageri dituen 1942ko argazki batetik abiatu du testua Joxemari Iturraldek, adibidez, eta Zeraingo auzo apartatu batean naziek espioitzarako erabili zuten baserri batenberri ere ematen du. Irratian Nurembergeko epaiketa entzuten ari zela entzun zuen albistea alemana zekien herritar batek, eta hor aditu esplikazioa. «Irratian entzun zuen Zerain herria aipatzen zutela, eta baita aipamen horren esplikazioa ere: Zerain herrixkan egon zela kokatua Espainiako iparralde osorako espioitza zentro nagusia».
«Denak itoak ziren»
Nazien uniformea jantzita ageri da Gerhard Baehr ere, Legazpin jaio eta euskarari buruzko hainbat lan argitaratu zituen gizona. Itzultzaile aritu zen gerran, baina, errusiarrek Berlin setiatu zutenez, huradefendatzera deitu zuten gerrako azken asteetan, eta hantxe hil zen. Horiez gain, Gregoire Joannategi giderretarrak Dachautik idatzitako testuak ere ekarri dituzte aldizkarira. Gordina haren kontakizuna: «Zer berri zen, eta jakin genuen 30.000 judu eraman zituztela gauaz. Dachauko geltokian aurkituak izan ziren, ezin joanez egon trena batean, 150-nazka metatuak. Bizpahiru salbu, denak itoak ziren». Eneko Bidegain eta Josu Chuecak ere testu bana prestatu dute aldizkarirako. Sachsenhausenera eraman zuten Marie-Jeanne Oltzomendi sararraren ingurukoez aritu da Bidegain, eta hamar argazkiren bitartez kontatu du II. Mundu Gerrak Euskal Herrian utzitako arrastoa Chuecak.
Baserrian jaio, baserrian hil, eta, halere, ohore dominaz beteta ageri da Florentino Goikoetxea aldizkariak bildutako argazkietan. Gerra heroi izan zen aliatuentzat, eta hain zuzen ere gerra heroi horren historia hautatu du Atxagak aldizkariaren zortzigarren zenbakiko elkarrizketa luzerako. «Goikoetxea izan da leienda bat aliatuentzat», azalpen orokorra lehenik, eta datu zehatza ondoren. «Pilotuak pasatzen zituen mugan. 237 pilotu pasa zituen». Elkarrizketa horrez gainera, II. Mundu Gerrarekin lotutako hainbat egileren testuak ere berreskuratu dituzte aldizkarirako. Joan Elizalderenak, Janbattit Dirassarrenak eta Piarres Larzabalenak, kasu.
Literatur sorkuntzarik ere badu aldizkariak: Arantxa Iturberen, Uxue Apaolazaren, Irati Elorrietaren eta Amaia Oleagaren ipuin bana, esaterako, bai eta Joseba Luzuriagak Rene Magritte margolaria abiapuntu hartuta idatzi duen testu bat eta Jose Luis Padron poetaren poema bat ere. Julian Zabalbeascoa euskal jatorriko idazlearen Gernika ipuina ere itzuli dute arduradunek aldizkariko, oso ipuin ona iruditu zitzaielako, eta aldizkarian leku bat egitea erabaki zutelako. Hautatu, eta narrazioak urtero 40.000 lan bildu ohi dituen AEBetako Glimmer Train Very Short Fiction lehiaketako saria irabazi zuela jakin zuten Erlea-koek.
Frontoiak eta astronautak
Omenaldi berezia eskaini diete, bestalde, Leopoldo Maria Panero poetari, Gabriel Aresti idazleari eta Lewis Carroli. Azken euskal argitalpenen inguruko foroa ere badakar aldizkariak, baita erleen inguruko hainbat testu eta elkarrizketa ere. Xabier Idoate izan da azalgilea, baita ilustratzaile nagusia ere, eta hurrengo zenbakiaren nondik norako orokorrak ere aurreratu ditu Atxagak. «Frontoiei eta astronautei buruzkoa izango da».
Bederatzigarren zenbakia azaroan aterako dute, eta 2016ko martxo aldera azkena.
Hitlerren euskarazko eskutitza
Bigarren Mundu Gerra da 'Erlea' aldizkariaren zortzigarren zenbakiaren ardatz nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu