Literatura

Hitz geruzaz osatutako ibilbide bat

Joxe Austin Arrietak ‘Palinpsestoa’ kronika literarioa plazaratu du Maiatz argitaletxearekin. Lau ahots elkarren artean josiz, «testamentu literario-politiko bat» izan daitekeena ondu du.

Joxe Austin Arrieta idazlea, 'Palinpsestoa' liburua esku artean duela, Donostian. JON URBE / FOKU
Joxe Austin Arrieta idazlea, 'Palinpsestoa' liburua esku artean duela, Donostian. JON URBE / FOKU
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2025eko maiatzaren 8a
04:55
Entzun 00:00:0000:00:00

Idatzitakoaren gainean idaztea, testu zaharrari oharrak gainjarriz idatzitakoa ezabatzea, eraldatzea, berridaztea. Horra palinpsesto kontzeptuaren definizio posible bat. Eta ariketa hori bera egin du Joxe Austin Arrietak Palinpsestoa izendatu duen liburu mardulean; horixe baita, haren hitzetan: «Hainbat testu geruza elkar gainkatuak, batak bestea ezabatuak, berrituak... Horren bilduma bat da, hari narratibo minimo batekin». Maiatz argitaletxearekin plazaratu du bere lana, eta, Iratxe Retolaza irakasle, literatur kritikari eta ikerlariaren esanetan, «testamentu politiko-literario bat» ere izan daiteke liburua. 

Argitaratu aurretik, Arrietak testuaren bertsio bat erakutsi zion Retolazari, eta hark, konfiantza eskertzearekin batera, liburuaren irakurketak sortu zizkionak aletu ditu aurkezpenean. «Nik sentitu dut hemen badagoela testamentu literario-politiko bat egiteko behar bat. Azken batean, Joxe Austin mende erdiz aritu da lanean, zizelka, hainbat esparrutan; politikagintzan garai batean beteago aritu zen, zinegotzi eta legebiltzarkide HBn, baina literaturgintzan, kulturgintzan, euskalgintzan, itzulpengintzan su txikiko lan bat egin du. Eta iruditzen zait zizelkatze lan horren testamentu bat utzi nahi zuela». Horretarako, idazle, politikari, euskaltzale eta intelektual gisa urteotan idatzitakoak hartu, eta horiek berridazteko edo horiei oharrak egiteko ariketa egin duela iruditu zaio Retolazari. 

Arrietak azaldu duenez, «neurri batean road movie bat bezalakoa» ere bada liburuak segitzen duen haria. «Oreretatik abiatzen da, Koldo Mitxelenaren monumentutik, eta hor bukatzen da, Nafarroan barrena, Donostian eta abarretan ibilbide bat egin ondoren. Eta ibilbide horretan, hainbat eta hainbat testu zahar edo zaharberritu jasotzen dira». 

Halaber, idazleak esplikatu du kontakizuna hainbat ahotsetan zatikatuta dagoela, eta, «mus partida batean bezala», lau direla nagusiak. «Bata Ander Elizalde deitzen diodan nire aspaldiko alter ego laguna da, eta hori da nolabait ego sozialaren adierazgarria, bai politikan eta bai harremanetan aurpegia eman behar duena». Beste ahots bat —«barnekoiagoa, atormentatuagoa» den neurrian aurrekoaren «kontrapuntu» izan litekeena— Kepa Arrastirirena da, idazleak esplikatu duenez: «Horrek bilduak ditu hainbat urtetan batez ere gure egoera edo bilakaera politikoari buruzko hainbat eta hainbat orri. Eta horien guztien bilduma berritu bat da Palinpsestoa». Bada Amaia deitu duen beste ahots bat, «arrazoimenaren edo adimenaren testigu» dena; «etengabe zorrotz tratatzen nau, eta txorakeriarik ez esateko oroitarazten dit». Eta beste aldean Ekaitz dago, «mutil saltseroa, etengabe zirikatzen» dabilena. «Lauren arteko jokoa dago nolabaiteko mus partida horretan, eta bata besteari hitza kentzen, hitza ematen edo elkar xaxatzen dabiltza».

Memoria lekuak eraikitzea

Liburukoa ez da «testamentu baten ohiko ahotsa», Retolazaren ustez, eta ederra iritzi dio horri. Azaldu du, hain zuzen, testamentuek ohikoan ahots bat izaten dutela, irmoa, norabide bakarrekoa, zalantzarik gabekoa, elkarrizketarako tarterik uzten ez duena. Arrietarena, berriz, «ahots amaraun batek osatzen duen testu bat da, elkarrizketa biziz egindakoa». Horregatik, uste du «testamentuaren ikuspegia birpentsatzeko ariketa bat» ere egin duela idazleak.

Retolazak adierazi du ahots zatikatu horretan «kontzientzia jarioa nabari» dela, eta, beraz, baduela aitortzatik ere, eta aitortza horretan sumatu duen zintzotasuna nabarmendu du. Halaber, «hil hurren sentitzen den» ahots bat ere bada liburukoa, haren ustez, borroka galduez eta porrot sentimenduez ere mintzo dena, eta ez isiltzea erabaki duena. «Borroka galduetatik datozen ahotsak dira, baina memoria lekuak eraiki nahi dituztenak», zehaztu du. Izan ere, Koldo Mitxelenari eskainitako monumentuan abiatzen den ibilbide horretan barrena, agerian uzten du beste hainbat memoria leku ere badirela, izendatu gabeak, ahanzturan gera daitezkeenak. «Horiek gogorarazteko ariketa bat egiten du. Memoria lekuak izendatzeko ariketa bat ere bada liburua, eta, beraz, borroka horretan etsi ez duen ahots bat da».

Kontakizunak marrazten duen ibilbidea testuz testu doa aurrera. «Testu batzuk zaharragoak dira, baina gehientsuenak jubilatu nintzenez geroztik noizbehinkaria deitzen dudan horretan bildutakoak dira, apunteak hartzen ditudan artxibokoak», azaldu du egileak. 2012. urteko testu bat aipatu du adibiderako, ETAk jarduera armatua amaitzea erabaki ondoren ezker abertzaleak Donostiako Kursaalean egindako ekitaldi baten ingurukoa. «Mila buelta ematen zaizkio gai horri, beste hainbaten artean, liburuan barrena». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.