Ildo horretatik, liburuaren ekoizpen prozesuan parte hartu duten guztiek doainik egiten dute beren lana: hasteko, Izagirrek, Lertxundik, Letek eta Saizarbitoriak uko egin diote egile eskubideak kobratzeari. Halaber, bilduma gidatu duen Juan Luis Zabala idazle eta 'Egunkaria' zeneko langileak musutruk egin du beharra, Zirri-Marra enpresako maketatzaileek, Antza enpresa inprimatzaileak eta Zabaltzen, Erro eta Bitarte banaketa enpresek bezalaxe. Horretarako guztirako, Editoreen Elkartearen baliabideen babesa izan dute.
Gaur goizean aurkeztu dute liburua Donostian, eta han izan dira Koldo Izagirre, Anjel Lertxundi eta Joxeaustin Arrieta idazleak, Jorge Jimenez Editoreen Elkarteko presidentea, Juan Luis Zabala idazlea eta `Egunkaria'-ko kazetaria eta Martxelo Otamendi itxitako kazeta horretako zuzendaria.
Jimenezek azaldu duenez, liburua sortzeko eta ekoizteko prozesu guztian "konplizitatea" izan da hitz klabea. "Izan ere, ekimen honen bidez esker ona adierazi nahi izan diegu 'Egunkaria'-ko langileei, liburugintzatik oso hurbil sentitu ditugulako beti. Hain justu, liburugintzako katebegi guztiak bildu dira liburu honen ekoizpenean eta hori nabarmentzekoa da", azaldu du.
Izagirrek eta Lertxundik , berriz, duela hamar urte orain bilduma gisa plazaratu diren artikuluak idatzi zituztenean, iraunarazteko asmorik gabe izkiriatu zituztela aitortu dute; hots, ez zirela irauteko egindako testuak. Hala ere, zenbait baldintzek irauteko testuingurua eman diela onartu dute, hala nola, artikuluen luzerak berak —orrialde betekoak zirenez, ideia bat baino gehiago garatzera behartzen zituen—, eta landu zituzten gaiek, tematika horiek gaurkoak gertatzen baitira oraindik.
Liburugintza
'Hitz lau', pentsamendua eta hitza liburu eginda 'Egunkaria'-rekin elkartasunez
'Egunkaria'-ri eta kazeta horretako langileei elkartasuna adierazteko bere-berea duen modua aukeratu du Editoreen Elkarteak: 'Hitz lau' liburua plazaratu du, hots, 1993ko azarotik 1994ko uztailera bitartean liburuaren izen bera zuen 'Euskaldunon Egunkaria'-ko sailean Koldo Izagirre, Anjel Lertxundi, Xabier Lete eta Ramon Saizarbitoriak idatzi zituzten artikulu sorta biltzen duen argitalpena. Ematen duen diru guztia 'Egunkaria'-ko langileei laguntzeko izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu