Hitza, gorputza eta espazioa izango dira After Cage jaialdiaren gakoak

'Desnudo' ikuskizunarekin hasiko da musika esperimentazioaren nazioarteko hirugarren festibala, Iruñeko Gaiarre antzokian

Musikan eremu berriak bilatzen jarraitzeko asmoa agertu dute Iruñeko jaialdiaren antolatzaileek. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Naiara Elola.
Iruñea
2016ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Ikusleek zein sortzaileek musikan eremu berriak eta urratzaileak bilatzen eta aurkitzen jarraitzea nahi dute After Cage musika esperimentazioaren nazioarteko jaialdiaren antolatzaileek. Aurtengoa hirugarren aldia izango da, eta hitza, gorputza eta espazioa kontzeptuak baliatuko dituzte sortzaileek euren sorkuntzetan ikertzen jarraitzeko. Sail Ofizialaren barruan, hiru ikuskizun daude programatuta, tartean bihar Iruñeko Gaiarre antzokian eskainiko duten Desnudo performancea. Horrez gain, Descartes deituriko sail bat ere izango da, esperientzien trukera bideratua, batez ere. Orotara, zortzi ekitaldi izango dira gaurtik hasi eta heldu den azaroaren 22ra arte.

Iragan urteko «arrakasta» gainditzea lortuko dutela ziur dago Pablo Ramos, After Cage jaialdia antolatzen duen E7.2 kolektiboko kidea. Gaiarre antzokia goitik behera eraldatuko dute gaur Desnudos ikuskizuna eskaini ahal izateko. Biluzik dagoen gorputzaren inguruan hausnartzea xede du dantza emanaldiak, eta ez dira agertoki gainean soilik arituko. Antzokiaren kanpoaldean, Karlos III.a etorbidean hain zuzen ere, zer pentsa eragingo dute. Besteak beste, Camille Mutel dantza konpainiaren, Ensemble Modern musika taldearen, Patxi Araujo sortzailearen eta Edurne Ibañez moda diseinatzailearen lanaren bidez gauzatuko dute ikuskizuna.

Bestalde, Ramosek bereziki nabarmendu du Robar belleza balletaren estreinaldia; azaroaren 8an ikusi ahal izango da, Gaiarren. Antonio Eslavak 1936an idatzitako El encierro liburuan oinarritua dago. Torresek azaldu duenez, ez da ohiko balleta izango: «Ikuskizun multimedia izango da, antzerkia, dantza, musika, bideoa, arte plastikoak, poesia eta performancea uztartuko dituena». Gainera, ikuslea sorkuntza prozesuan barneratzea nahi dute. Juanjo Eslavak egin du ikuskizuneko musika. Adierazi duenez,naturarekin bat egitean sortzen den goranzko prozesua deskribatu du, sei eszenaren bidez: Beldurra, Azalpena, Neurketa, Probokazioa, Jakitea eta Egitea.

Sail Ofizialaren barruan dago Nothing two say ikuskizuna eta harekin amaituko da jaialdia azaroaren 22an. Bertan, Pablo Barragan klarinete jotzaileak, Laurence Guillodek sopranoak eta Leandro Suarez bideo eta elektronika sortzaileak, hitza alboratuta, komunikazioak dituen mugen inguruko hausnarketa proposatuko diote ikusleari. Kasu horretan ikuskizuna ez da Gaiarreko ohiko agertokian egingo, bideo proiekzio baten bidez antzoki barruan eraikiko den espazio berezi batean baizik.

Zokoratzeko asmorik ez

Aurten, lehenengoz, Gaiarre antzokiaz gain, beste bi egoitza izango ditu After Cage jaialdiak: Uharteko Arte Garaikidearen Zentroa eta Nafarroako Museoa. Sail Ofizialean sartzerik izan ez dituzten ekitaldiak Descartes programan batu dituzte, eta bi gune horietan ikusi ahal izango dira. Ikuskizunen sorkuntza prozesuak ezagutarazteko xedez, hitzaldiak, errezitalak eta ikastaroak antolatu dituzte.

Descartes programa urriaren 19an hasiko da, Camille Mutelek Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan eskainiko duen Butoh dantza tailer bereziarekin. Berrikuntza gisara, Robar belleza balletaren proba saio batean parte hartzeko aukera izango da azaroaren 5ean, Uharten bertan. Gaiarren ikusiko denaren aurrerapena izango da. Bestalde, Jose Manuel Lopezek hitzaldia egingo du urriaren 31n saxofoiarentzat partiturak idazteari buruz, Nafarroako Museoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.