Hitzak madarikazioari

Pierre Topet 'Etxahun' Barkoxeko koblakariaren heriotzaren 150. urteurrena bete da gaurHaren olerki eta bertsoek gorrotoa, mina eta satira adierazten dute batez ere

Etxahunia etxearen hondakinak, gaur egun. Han jaio eta hil zen Etxahun. BERRIA.
Igor Susaeta.
Donostia
2012ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Bere familiarekin sekula ez zen ondo konpondu. Diruz larri edo gabe ibili zen beti, eta justizirekin arazo mordoa eduki zituen. Madarikatua izan zen, hortaz, Pierre Topet Etxahun (Barkoxe, Zuberoa, 1786-1862) koblakariaren bizitza. Baina bizipen eta sentimen horiei hitzak jarri zizkien bertsoak eta olerkiak baliatuta. Minez, gorrotoz eta satiraz blaituak zeuden hitz horiek. Beraz, kopla askotan bere bizitzaren gorabeherak kontatu zituen: Ahaide delizius huntan, Bi berset dolorüsiketa Mündian malerüsik-en, esaterako. Ziri bertso zorrotz eta errukigabeak ere harenak: Oi laborari gaixua, Maria Solt eta Kastero eta Bi ahizpak, adibidez. Etxahunen heriotzaren 150. urteurrena bete da gaur.

Etxahunia etxean hil zen, eta han jaio. Bigarrena zen haren gurasoen zazpi seme-alaben artean. Eskolara joan zen, eta idazten zein irakurtzen ikasi. Txiki-txikitatik konplexu fisikoei aurre egin behar izan zien. Etxahunen bizitzaren kantoria-n adierazten zuen ez ziotela kariño gehiegi ematen. «Edertasunez pobre nintzalako sortu», zioen horretan. Ezer gutxi jakin ahal izan da haren haurtzaroaz, baina gosea pasatu omen zuen, sarritan gaixotzen zen, eta ez zen lanerako gai. Bere buruaz egiten duen desekripzioan argi ikus daitekebere buruaz agertzen duen errukia, eta besteekiko joera erretxina.

Gaztaroan, 17 urte zituenean, Marie Rospide sartu zen neskame Etxahunian. Harekin maitemindu zen koblakaria, eta 1805ean haien semea jaio. Familiak ez zuen, ordea, harreman hori begi onez ikusten. Marierekin ezkontzeko aukera zuen, baina hala eginez gero familiaren ondarea galtzeko arriskua zuen. Azkenean familiaeren esanetara makurtu zen, eta Engrace Palento emakume aberatsa gorteiatzen hasi. Ezkondu eta 1827an banandu ziren arte, sei seme-alaba eduki zituzten. Emazteak zorigaiztoa ekarri ziola adierazten zuen Etxahunek, ordea, bere olerkietan.1821ean, adibidez, emaztearen amorantea zelakoan, gizon bat aizkorarekin jo zuen buruan, eta bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Kondena bete baino lehenago ihes egin zuen, eta 1827ean, Barkoxen zela, Dominique Etxegoieni tiro egin zion erromeria batetik bueltan. Erabat nahastuta, bere emaztearen maitale bat zela pentsatu zuen.

Mendira ihes egin zuen, baina harrapatu eta epaitu egin zuten.Harentzako heriotza zigorra ere eskatu zuten, baina eroarena eginez, errugabetu egin zuten. Orduan Erromara (Italia) joan zen erromes. Handik itzulita, 1832 eta 1840 artekoak izan ziren bere urterik zorioentsuenak. Izan ere, bertso egile gisa ezagun egin, eta euskal burgesiaren ezkontzetara gonbidatu zuten. Tarte horretan, baina, familiaren oinordetza zela-eta, justiziari iruzur egin zion. Espainiara alde egin zuen, beraz, eta Santiagoara (Galizia) joan zen erromes. 1843an epaitu zuten berriro, eta hamar urteko lan zigorra ezarri zioten. Baina eroarena egin zuen. Kartzelan urtebete pasa, eta herrira itzuli zen artzain lan egiteko asmoarekin. Zahartuta zegoen, ordea. Heriotzaren atarian, penintentzia asmoz, edo abadeak hala agindu ziolako, bertso paperak erre zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.