Hizkuntza, jokoa, hezkuntza

Mabi Revuelta artista bilbotarraren azken zazpi urteetako ikerketa plastikoa bildu du Artium museoak 'Jostailu hautsezinak' erakusketan.Artearen historiari eta kulturari egindako erreferentziak tartekatu ditu hamabi lanetan

Mabi Revuelta artista, Geometra izeneko piezaren ondoan eserita, Artium museoan ireki berri duen erakusketan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2015eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Hiru ardatzen arteko koordenadak eta loturak ikertzen aritu da azken urteotan Mabi Revuelta artista (Bilbo, 1967). Hizkuntzak, jokoak eta hezkuntzak euren artean eta artearekin duten harremana izan du abiapuntu eta aztergai. Ikerketa horren emaitzari Jostailu hautsezinak izena eman dio, eta Gasteizko Artium arte garaikideko zentro-museoan egongo da datorren abuztuaren 23ra arte.

«Ez da ohikoa jokoa eta hezkuntza funtsezkoak diren erakusketa bat izatea. Jokoa gizakiaren lehen adierazpenetako bat da, ikasteko bide bat», Daniel Castillejo Artiumeko zuzendariaren ustez. Museoaren espazioa ere gaindituko du, pieza batzuk Gasteizko Bibat karta museoan paratu baitituzte. Revueltak zenbait artistak egindako bederatzi karta joko ludiko bildu ditu.

Artearen historia berrikustea da Revueltaren interesetako bat. Alde horretatik, abangoardia historikoen eta, bereziki, poetismoaren ondarea bere egiten saiatu da. 1930eko hamarkadako Txekoslovakian garatutako mugimendu bat da poetismoa.

Mugimendu horrek sortutako alfabeto bat —Abeceda izenekoa— erabili du artistak erakusketa irekitzen duen Divertimentos tipograficos izeneko piezan (Dibertimendu tipografikoak). «Joan den mende hasierako utopia horiek egungo garaira ekarri eta zer gertatzen den ikusteko beharra izan dut», azaldu du obraren egileak.

Aretoaren erdigunea Geometra izeneko pieza handiak betetzen du. Charles eta Ray Eames diseinugile eta arkitektoen House of Cards izeneko jokoan inspiratuta dago. Karta gaztelu baten modura eraikitako egiturak dira, eta karta bakoitzari irudi, diseinu eta collage ezberdinak egin dizkio Revueltak. Horien artean, Stanley Kubricken The Shining (Dirdira) pelikulako labirintoa irudikatu du, lego jolaseko piezak erabilita.

Kubricken erreferentzia ez da bakarra. Artearen historia klasikotik masa kulturaraino, pertsonaia eta elementu ezberdinak tartekatzen dira artelanetan. Alexandriako Hipatia, Granadako Alhambra, Frida Kahlo eta Lisa Simpson ageri dira islatuta, hitzez eta irudiz, besteak beste.

House of Cards jokoaren bertsio propio bat sortzeko eta eraikitzeko gogoa zuen Revueltak aspaldi, eta azken urtean landu ahal izan du, Artiumen lankidetzari esker. «Artelan fraktala da, neurri batean. Amaiezina bihur liteke; kartekin egindako gaztelua eraikitzen jarrai nezake», artistaren hitzetan. Bitxikeria gisa, Eames senar-emazteen lanari buruzko erakusketa bat Artiumek programatu zuen lehenbizikoetako bat izan zen.

Geometra piezak beste lan batzuk ditu barnean. Objektu ezberdinak daude hor kokatuta, izenburuak aipatzen dituen Jostailu hautsezin horiek. Esate baterako, artistak marrazten ikasteko erabiltzen zituen gorputz geometrikoen bilduma dago, eta urre xaflarekin estali ditu.

Denborarekin eta kulturarekin jokatu nahi izan du pieza horien bidez Revueltak. «Ziur asko, denboraren joanean apurtu egingo dira azkenean, baina tresna horiek kultura eraikitzeko, gizartea eraikitzeko duten ahalmena ez da hautsiko; betiko iraungo du», azpimarratu du.

Erakusketaren parte bat, esan bezala, ez da Artiumen egongo, Bibat museoak karta jokoei eskainitako espazioan baizik. Erabaki hori azaldu du Revueltak: «Beti iruditzen zait egokia hiriaren historiarekin zerikusia duen zerbait sartzea. Kasu honetan, hiriak badauka arkitektura bat karta jokoei eskainitakoa. Karta jokoa oso tresna interesgarria da, erraz jende asko jolasean jartzeko».

Material eta teknika ugari tartekatu ditu Revueltak erakusketan. Bideoa, argazkia, instalazioa eta zeramika daude, esate baterako, baina Revueltak tipografia, koreografia eta edizio lanak ere egin ditu.

ARTEA

Erakusketa.Jostailu hautsezinak.

Egilea. Mabi Revuelta

Lekua. Artium zentro-museoaren ekialdeko beheko aretoan.

Noiz arte. Maiatzaren 15etik abuztuaren 23ra arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.