Arabiar munduko idazle eta literatur kritikari interesgarri eta probokatzaileenetako bat dugu Abdelfattah Kilito (Rabat, Maroko, 1945). Denetariko lanak idatzi ditu, dela fikziozkoak dela itzulpengintzari buruzkoak. Edozein delarik ikuspuntua, Kilitok Mendebaldearen eta mundu arabiarraren arteko harremana aztertzen du bere liburuetan, (neo)kolonialismoaren eragina hobeto ulertze aldera. Haren fikziozko lanetan ohikoak dira Mendebaldeko kulturaren sedukzioaren atzaparretan erori edo hari aurre egiten saiatzen diren pertsonaiak. Sedukzioa, Kilitoren hiztegian, kolonialismoaren armarik indartsuena da. Sedukzioaren oinarrian dago norberaren jarreraren gorespena, baina gorespen hori bakarrik da posible baldin eta besteek —gu ez garen horiek, alegia— onartzen badute. Sedukzioa hainbat modutan ager daiteke: «aurrerapen teknologikoa» izena darama batzuetan, «demokrazia» bestetan. Kulturak ere sedukzio ahalmen handia du. Hizkuntza edota literatur tradizio jakin baten handitasuna aipatuko zaigu, gainerakoak bigarren mailan utzita. Azken horri buruz dihardu Kilitoren(Ez duzu nire hizkuntzan hitz egingo, 2002) liburuak.
Esaten dute hizkuntza baten eta dialekto baten arteko aldea zera dela, hizkuntza armadadun dialektoa dela. Armada hori zehazki definitzeko eskatu, eta Kilitok berehala esango digu maila ideologikoan funtzionatzen duela batik bat baina haren eragina ez dela eremu horretara mugatzen. Aitzitik, ondorio materialak izan baditu. Jarraian, beharbada Napoleonek Egipto okupatzerakoan (1798-1801) martxan jarri zuen plana aipatuko digu. Frantzia eta frantsesaren nagusitasuna arabiar mundura zabaltzeko orduan, Egipto indarrez hartzea ez zela estrategia egokia otu zitzaion, herritarren ezinikusia eragingo zuelako horrek. Alde horretatik, askozaz eraginkorragoa iruditu zitzaion egiptoarren adimena konkistatzea. Horretarako, Frantziak Egiptoren kultur ekoizpenari buruzko zertzelada guztiak jakin behar zituen, eta, helburu horrekin, lurraldearen historia eta geografia zehaztasun osoz jasoko zuen entziklopedia osatzeko agindu zuen Napoleonek. Milaka eta milaka testu itzuli zituzten arabieratik frantsesera, Ekialdeko kontuetan adituak ziren akademiko frantsesek (Edward Saiden orientalistak) azter zitzaten. Ondoren, historia hori guztia bere testuinguruan kokatu beharra zegoen, hots, bere burua Grezia eta Erroma klasikoaren ondorengo zuzentzat zuen Frantziaren aldean Egiptok zein toki betetzen zuen. Taktika sotil horrekin frantsesa hizkuntza bihurtu zen, arabiera dialektoaren rolera kondenatuz mundu kolonialean.
Itzulpengintza, batez ere literatur arlokoa, ezagutza asmo zintzo eta osasuntsu batek gidaturik dagoela pentsatzeko joera dugu gaur egun, baina Napoleonen adibideak konplikatu egiten du uste hori. Hastapenetik, itzulpengintza eta literatura konparatzearen jarduera «garaipen» eta «konkista» kontzeptuei lotuta joan da, helmuga hizkuntzak markatu duelako zer den itzuli beharrekoa eta nola ulertu behar den hura. Ez duzu nire hizkuntzan hitz egingo liburuan ezin hobeto aztertzen du Kilitok itzulpengintzaren alderdi ilun hori, baita arabiar munduan izan duen eragina azaldu ere. Izan ere, Europako hizkuntzen aldean arabiera bigarren mailako, hots, «dialekto» moduan aurkeztu izanaren eraginez, mundu arabiarrak itzulpengintzarekiko jarrera atzerakoi samarra agertu du azken hamarkadetan. Napoleonen garaian, pentsalari arabiar asko beren hizkuntza literatura frantsesaren mailako lanak eskaintzeko gai ez zela sinistera iritsi ziren, arabiera hizkuntza konplexua eta zabarra —hau da, frantsesaren ukitu poetikorik gabea— zelako. Alabaina, independentzia osteko urteetan, arabiar harrotasunaren urteak dei genitzakeen horietan hain zuzen, arabiera hizkuntza sakratua zela eta horrek itzulezin bihurtzen zuela defendatzen zuen diskurtsoa nagusitu zen. Sakratua izatearen ideia Korana arabieraz idatzita egoteari zor zaio, jakina. Aldi berean, beste hizkuntzaren batean idatzirikoa arabiarrentzat interesgarria ez zela iritzita, atzerriko literaturaren itzulpenari bizkarra eman zioten.
Beraz, arabiar hizkuntzaren defendatzaileek Napoleonen orientalisten jarrera bere egin dute, mundu arabiarrean kolonialismoa zeinen barneratua duten agerian utziz. Kasu honetan, ez da frantsesa hizkuntza eta arabiera dialektoa; aitzitik, arabiera hizkuntza bihurtu da gainerako hizkuntzak dialekto mailan jarrita.
Napoleonen garaiko orientalisten zein hainbat arabiarren jarrera arbuiagarria iruditzen zaio Kilitori, baina, aldi berean, agerian uzten dute zenbat dagoen jokoan lan bat itzultzen den bakoitzean. Itzuli ez baitira paper gainean dauden hitzak bakarrik itzultzen; prozesu horretan, kultura oso bat (berriro) interpretatzen da helmuga hizkuntzako irakurlearentzat. Interpretazio une hori ez da batere inozentea, baina alde handia dago hizkuntza batetik besterako itzulpen prozesua prozesu zuzen eta gardena dela defendatzen dutenen eta itzulpengintzaren inplikazio ideologikoez kontziente direnen artean. Kilitoren aburuz, azken horiek erakusten duten jarreratik abiatuta soilik irits gaitezke itzulpengintza etiko batera, eta horixe da, hain zuzen, Ez duzu nire hizkuntzan hitz egingo lanean defendatzen duena.
Literatura
Hizkuntza sedukzio tresna bihurtzen denekoa
Abdelfattah Kilito idazle eta kritikari marokoar probokatzaileak, beste zenbaiten aldean, itzulpengintza etikoa proposatzen du, 'Ez duzu nire hizkuntzan hitz egingo' liburuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu