Mikrofonoa aurrean, musikariz inguratuta, bihotzetik ateratzen zaizkio hitzak abeslari ezezagun bati. Hitzak, edo, hobe esanda, soinuak. Hertzainak-en Aitormena ari da abesten, berak aukeratuta. «Mundua jautsitsaitsutsitsaitsigena». Gazteleradun elebakarra da, eta hitz gutxitan asmatzen du. Gainontzekoa sormen hutsa da. Jatorrizko hitzekin parekatu daitezkeen soinua. Ordea, abestia aukeratzeko askatasuna zuen. Zergatik aukeratu du ezagutzen ez duen hizkuntza bateko abestia?
Katarina Zdjelarrek (Belgrad, Serbia, 1979) lengoaiari, soinuari, musikari eta nortasunari buruzko gogoeta egin ohi du bere lanetan. Ordea, Of More Than One Voice (Ahots bat baino gehiago) erakusketan Euskal Herrira ekarri du hausnarketa hori, azken hilabetetan egindako bideo baten bitartez. Artium Euskal Zentro Museoak gogoeta guzti horiek bildu ditu, eta gaurtik bertatik apirilaren 28ra arte Iparra Aretoan ikusi ahal izango dira.
Artiumen ikus daitekeen bideoa egin aurretik hainbatetan etorri zen Euskal Herrira egoera ikertzeko. Tarte horretan kulturaren zenbait alor aztertu zituen, bertsolaritza adibidez. Azkenean, 80ko hamarkadan goia jo zuen musika joeran zentratu zen, baina ez horri buruzko gogoeta egiteko asmoarekin. «Helburua da kultur mugimendu hori tresna gisa ikustea, zeinaren bitartez egungo egoera ere aztertu daitekeen».
Zentzu horretan,Zdjelarrek nabarmendu du Euskal Herriko 80ko eta 90eko hamarkadetako mugimendu kulturalaren izaera kolektiboa. Halaber, hizkuntzaren erabilerari ere garrantzia eman dio bere lanean. Nola zen posible euskara ondo menperatzen ez zuten pertsona batzuek hizkuntza hori erabiltzea? Zergatik joaten ziren euskaraz ez zekiten pertsonak abesti horiek entzutera?
Zdjelarrek ikerketa hori egiteko garaiko hiru musikarirekin hitz egin zuen. Gari (Hertzainak), Fermin Muguruza (Kortatu eta Negu Gorriak) eta Roberto Mosorekin (Zarama) bildu zen, eta hainbat gairi heldu zien: prozesu demokratikoa, gizabanakoak mugimendu handietan duen lekuaz, hizkuntza... Elkarrizketa horiek transkribatu, eta erakusketaren paretetan eskegi ditu, Aitormena izeneko bideotik gertu.
Errezeta normalizatzaileak
Aitormena. World jautsitsaitsutsitsaitsigena artelana Zdjelarrek 2006tik egin dituen beste dozena bat bideoekin batera ikus daitezke, hizkuntza, soinua, kultura eta gizartearen nortasunarenarteko gogoeta plazaratzen dutenak: The Beatles-e n Revolution abestiaren zentzu politikoa zapuzten duen Norvegiako abesbatza bateko kideak, Turkiako eskola batean umeek egiten duten izaera militarreko ekintza...
Aitormena bideoarekin batera lotura estua duen bat nabarmendu du Zdjelarrek, 2012an Ghanan grabatu zuen My lifetime (Malalaika). Hara joatean kulturaren instituzioetan zentratu zela azaldu du. Instituzio horiek Kwame Nkrumahk sustatu zituen, kolonialismoa bukatu osteko aurreneko lehen ministroak. Ghanako Orkestra Sinfonikoa abiarazi zuen, eta kargutik kendu zutenean orkestra desegitea korapilatsuegia zenez gaur egunera arte mantendu da. Ordea, bertako kideak ezin dira horretaz bizi, eta bestelako ogibideekin parekatu behar dute. Zdjelarrek historia hori musikarien jardunean islatzen du, soinua eta lehen planoei lehentasuna emanez.
Dena den, bideoak ez diren lanak ere badaude. Recipes izeneko testuetan, adibidez, ondo biltzen du hizkuntzak gatazka egoera bizi duen gizarte batean izan dezakeen funtzioa. 1980ko hamarkadako Jugoslaviako errezetak berreskuratu paretetan eskegi ditu Zdjelarrek: patata frijituak, kalabazina, xerra birrineztatua... Ordea, errezetako osagaiak ikusita, zerbait arraroa sumatzen da: osagaiak ez datoz bat.
Patata frijituetan ez dago patata arrastorik; arto irina, ura eta gatzarekin egiten dira. Xerra eta kalabazinaren osagaiak berak dira. Gaztarik gabeko gazta tarta bat ere badago. «Jasotzen zuten laguntza humanitarioaz bizi ziren, eta horiek dira errezeten osagaiak, baina izen horien bitartez normaltasuna islatzen zuten: hizkuntzak gatazka egoerak normalizatzeko gaitasun handia izan dezake».
Hasiera «indartsua»
Of More Than One Voice erakusketa Artiumek uda ostean inauguratu duen lehen erakusketa handia da, eta, Guillerm Bayok iragan hastean hasi zuen Praxis egitasmoarekin batera, berrikuntza nagusia. «Erakusketa hau Artiumek ospe ona izan dezala ahalbideratzen dutenhorietako bat da», azaldu du Dani Castillejok, Artiumeko zuzendariak. Hizkuntza artearen lehengaia dela gogorarazi du Castillejok, eta ildo horretan Zdjelarrek egin duen lana nabarmendu du.
Gaurtik aurrera ikusi daitekeen erakusketarekin batera, Artiumek zenbait ekimen prestatu ditu. Besteak beste, atzo arratsaldean bertan Katarina Zdjelar eta Peio Agirrerenarteko solasaldia antolatu zuten.
Hizkuntzaren nortasuna
Katarina Zdjelarrek nortasunari, lengoaiari, musikari eta soinuari buruzko gogoeta egin du 'Of More Than One Voice' erakusketanArtium museoan apirilaren 28ra arte ikusi ahal izango da artista serbiarraren lana

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu