Musika bizi dute Jurgi Ekizak (gitarra eta ahotsa), Rafa Rodrigok (gitarra) Xan Bidegainek (baxua) eta Felix Buffek (bateria). Nork bere lana utzi du istantea bizitzeko, Istanteak (Bidehuts) diskoari behar duen denbora eskaintzeko. Lau urte lanez beteak. 2007an kaleratu zuten lehen diskoa, Anthology (autoekoizpena). 2009. urtean bigarrena, Willis Drummond (Bidehuts). Gutxi izango dira hain denbora tarte laburrean hainbeste kontzertu eman dituztenak, hardcoretik eta post-rocketik abiatuta halako energia helarazi dutenak. Orotara, 150 kontzertu inguru, hiru urtean, eta tartean zuzeneko disko bat ere bai. «Nekatuak ginen, eta pausa bat egin genuen. Orain diskoa kalean da, eta berriro hasi nahi dugu gogor».
Etengabe aipatzen da zuzeneko taldea zaretela. Kontzertu asko jotzen dituzue. Gaur egungo musika panoramak hala eskatzen duelako, edo zuek ere behar izaten duzue jotzea?
RAFA RODRIGO. Guri asko gustatzen zaigu jotzea, eta deitzen baldin badigute, joaten gara. Orain saiatu nahi dugu pixka bat gutxiago jotzen, ez nekatzeko. Baina hori baino inportantagoa da baldintza onetan jotzen, soinu aldetik eta lekuari dagokionez. Saiatu nahi dugu hori hobetzen. Batzuetan monitorerik gabe aritu izan gara, eta jendeak jasotzen duena ez da berdina. Baldintzak onak badira, ematen duzu gehiago.
Sarri egin dituzue horrelako kontzesioak?
R.R. Egin ditugu horrelako kontzesioak, behin baino gehiagotan. Eta ateratzen zara kontzertutik pentsatzen hobe izango litzatekeela beste modu batera, gutxiengo baldintza batzuetan.
JURGI EKIZA. Beti baldintza onetan jo nahi dugu. 60 kontzertu baldin badira baldintza onetan, bada primeran. Baina hasi behar gara baldintzak eskatzen.
Sorkuntza aldetik oparo zabiltzate, hain epe laburrean hiru disko kaleratuta. Disko berria bada aurrekoen jarraipena, baina badago berritasunik ere, bestelako atmosfera batzuk eta...
J.E. Bada, nire ustez, aldaketa bat. Batetik, lehen bi diskoetan egin genuenaren nahasketa bat dago. Beste alde batetik, badago zerbait landuagoa-edo. Gauza lasaiagoak badira diskoan, gauza anbientalagoak badira, eta uste dut bai melodien bidez, bai ahotsari ematen zaion espazioari dagokionez, hitzei eman zaiela leku gehiago. Eta ni pozik nago horrekin, neuk idazten ditudalako hitzik gehienak. Garrantzitsua da jendeak ulertzea zer egiten duzun, gero hori maitatzeko.
R.R. Abesti batzuk anbientalagoak geratu dira, eta orain konturatzen gara jendearentzat beste diskoak baino zailagoa izango dela entzuteko, barneratzeko. Gu ez gara konturatzen aspalditik ari garelako lantzen abesti horiek. Baina lauzpabost aldiz entzun, eta gustatuko zaio jendeari.
Hitzetan gurutzatzen dira begirada pertsonal bat eta kezka sozial bat, baina oso modu barrukotik aterata.
J.E. Horri deitzen diote poesia [barrez]. Zortzi kantu eta zortzi hitz ditu diskoak. Xanek idatzi zuen Oino pixka bat abestia, eta beste guztiak nik idatziak dira. Nik uste dut nire hitzak hiru partetan bana daitezkeela.
Zeintzuk dira?
J.E. Batzuk dira oso pertsonalak, Noiz da gero? eta Hobenduna, esaterako. Horiek nik neuk baizik ezin ditu inork sobera ulertu. Ez dira inportantenak, idatzi baititut ni hobeki sentitzeko. Beste batzuk dira filosofikoak, Istanteak, adibidez. Mezurik izan gabe ere sentimendu bat aipatzen dutenak. Eta niretako bada hirugarren atal bat, beharbada jendeak ez duena asko nabaritzen. Badira kezka sozial bat eta mezu bat dutenak, Araua eta Ez da dudarik, adibidez. Azken horrek oso orokorra dirudi, ez delako aipatzen zehazki. Baina abesti hori idaztean asko pentsatu dut AHTari buruz. Beti handiago izateko gogoa ez dela beharrezkoa, batetik, eta bestetik, kritikatu behar dela hori absolutuki, zeren eta askotan mundu militanteetan ere, gauzak aldatu nahi dituzten jendearen artean ere filosofia hori gailentzen da. Beti izan behar da handiago, azkarrago, irabazle… Hobe da amets handiak ahaztea eta antolatzea gauza ttipiak zure inguruan eta zure neurrian, eta ez beti handi bilakatu nahi izatea.
Denbora kontzeptua ageri da Istanteak eta Begi erreak kantuetan. Zerk arduratzen zaitu arlo horretan?
J.E. Hogeita hamar urteak pasa berriak ditudala [barrez]. Mundu guztia bezala, beste fase batera pasatzen ari naizela sentitzen dut. Alde batetik, ematen dizu beldurra eta gauza gogor baten gisa bizi dut. Baina ez nuke esango gaizki bizi dudanik garai hau ere, zeren eta momentu berean baduzu esperientziaren laguntza.
Hobenduna oso pertsonala da, baina esparrua zabalduz, musikaren arloan zeren hobendun zarete?
R.R. Musika egiten dugu gozatzeko. Ez bakarrik kontzertuetan, lokalean zerbait sortzen ari garenean ere, eta barrutik ateratzen denean, bete egiten zaitu. Eta kontzertuetan partekatzen duzu hori jendearekin. Hori da musikaren magia. Zuzenekoak terapia ere izan litezke. Dena ematen duzu. Eta ongi sentitzen zara. Ez dago leku asko non oihukatu dezakezun kontzertu batean bezala.
Taldekide batzuk elkarrekin bizi izan zarete, eta oraindik beste batzuk hala bizi zarete. Nola eragiten du horrek zuen sorkuntzan?
R.R. Felix Buff bateria jotzailea, Pop gure teknikaria eta hirurok bizi gara elkarrekin orain, Lekornen. Lehenago bizi izan gara bai Xanekin eta baita Jurgirekin ere. Orain ere gugandik oso gertu bizi dira, eta gure etxean entseatzen dugu. Nik uste dut nahiko ongi daramagula. Batzuetan entsegu bat egitea oztopatzen duena da taldeari buruz hitz egin dugulako asko, baina ez musika kontuengatik, baizik eta kontu praktikoengatik… diskoa egiteko zenbat diru jarriko dugun, non eta nola egingo dugun... Eztabaida horiekin nekatzen zara pixka bat. Gero joaten zara lokalera, eta batzuetan freskura gal zenezake.
J.E. Askotan esaten dugu, baina familia bat gara. Eta familia batean izaten diren gorabeherak izaten ditugu, baina onartzen ditugu, eta aurrera. Hau da Willis Drummond, eta ez da aldatuko. Beharbada noizbait taldea geratu egingo da, baina ez dugu pentsatzen taldea moldatzea.
Zuen lanak utzi berri dituzue. Profesionaltasunak tentatzen al zaituzte?
R.R. Helburua profesionaltasuna bilatzea bada, arriskuak handiak dira. Profesionaltasuna iristen bada bere kabuz, modu naturalean, zerbait egiten ari zarelako eta lortzen duzulako, ongi iruditzen zait.
J.E. Esaten dugu ez dugula musikaz bizi nahi, baina baita ere ez dugula musika eginez baino bizi nahi.
R.R. Gero ikusi beharko dugu zer egin, egoera desberdinetan baikaude; zeren batzuk langabezia dute, beste batzuek ez. Moldatu behar gara horrekin, eta borrokatuko gara taldearentzat denbora izateko eta gauzak nahi ditugun bezala egiteko.
J.E. Egia da sartzen bazara oso arin profesionaltasunean eta diru kontuak badituzu buruan laster has zintezkeela pentsatzen beharbada hobe dela egitea hau eta ez beste hori, eta irudia lantzen, eta gu ez garena egiten… Guk ez dugu hori eginen. Hori argi daukagu. Baina batzuetan pentsatzen dugu posible dela zu zarena egitea eta lortzea aurrera egitea musikatik.
R.R. Egia da, gainera, gu moldatzen garela jende asko baino diru gutxiagorekin. Talde askok lortzen dutenarekin uste dut gu ondo biziko ginatekeela, bestelako lanik gabe ere.
J.E. Filosofikoki ere bizi gara modu alternatibo batean. Ez gara sekula sartu lan finko eta oso batean. Ez dugu sekula auto berririk erosi, eta pagatzeko gauzarik ere ez dugu izan sekula. Gauza oinarrizkoenak ordaintzen bizi gara.
Jurgi Ekiza eta Rafa Rodrigo. Willis Drummond taldeko kideak
«Hobe da amets handiak ahaztea eta gauza ttipiak antolatzea»
Sorkuntza istant oparoan direla erakutsi dute epe laburrean hiru disko aterata. Aurreko bien ildoari pasarte lasaiagoak batu dizkiote 'Istanteak' plazaratu berrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu