Gorka Reino eta Carlos Gracia, 'Tato'. Jazz sustatzaileak

«Hobe hiri bat jazzarekin saltzea beste ezerekin baino»

Jazzon-en bitartez, Bilbaina Jazz Cluben programazioa kudeatu, eta jazzaren inguruan sare bat osatzeko lana egiten dute. Jazza ez dadin izan udako festaren musika hutsa.

mikel lizarralde
2015eko ekainaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gorka Reinok eta Carlos Gracia Tato-k odolean daramate jazza. Reino oso gaztetatik mugitu da musikarien artean: «Lagunak izan ditut Juan eta Victor de Diego anaiak, Gorka Benitez, eta beti izan dut jazzarekiko zaletasuna eta lotura». Gracia, berriz, kontrabaxu jotzaile estimatua da, ibilbide luzekoa. 2007an jarri zuten abian Jazzon, jazza eta musika inprobisatua sustatzeko eta hedatzeko lan egiten duen egitasmoa. Bilboko Bilbaina Jazz Clubeko asteroko programazioa daramate aurrera, BBK aretoan ere hilero antolatzen dituzte kontzertuak,eta jazza eramaten dute auzoetara ere. Reinok bere kasa eramaten zuen klubeko programazioa aurretik —1991n sortu zen—, «baina gorputza eta nazioarteko oihartzuna hartu zituela ikusita»,pentsatu zuen horrek beste pauso bat eskatzen zuela. Eta hortik Jazzon.

Reinok garbi du zein den elkartearen egitekoa: jazzarentzako eta musika inprobisatuentzako azpiegitura bat sortzea: «Jazzonsortu genuen sare bat eraikitzeko, bere helburua soziala delako. Asmoa ez da ekonomikoa, baizik eta jazzaren inguruan gauzak mugitzea». Horri lotuta, egin zuten plan integral bat, euskal musikariak kanpora joan behar ez daitezen eta lana izan dezaten. «Nahiko genuke sortu eszena bat, musikariek lan egin, sormen lana erakutsi eta maisu handien kontzertuak ikusteaz gain, haiekin ikas dezaten. Lehen mailako plaza bat izatea finean».

Bilbaina Jazz Clubek egin du dagoeneko bide hori —mundu osoko jazz musikari entzutetsuak ekarri ditu Euskal Herrira, eta hemengo proposamenak ere aurkeztu ditu—, eta, orain, beste batzuk urratzen hasi dira. Horrela, heziketa alorra lantzen dute —masterclass-ak nahiz haurrentzako kontzertu didaktikoak eskainiz— eta aholkularitza lana ere egiten dute musikarientzat. Halaber, sustapenaren eremuan, BBK sariak antolatzen dituzte eta Moskito Rekords zigiluaren bitartez hamar bat artistaren diskoak ere kaleratu dituzte: Mut Trio, Mikel Bikendi, Jorge Rossy, Kike Arza, Alberto Arteta, Borja Barrueta, George Garzone.... «Poliki-poliki goaz, proiektuak oso ondo aukeratuta eta asko zainduta».

Hamaika proiektu sustatu eta astero-astero jazz kontzertuak antolatu arren, Jazzon-ek ez du areto propiorik. Bilbaina Jazz Clubeko kontzertuak izen bereko elkarteak uzten dien soto batean egiten dituzte, eta BBK aretokoak finantza erakundearen lokalean. Eta hortik eskaera: «Hemen diru asko inbertitzen da udako jaialdietan, erakusleiho horretan, baina kulturan eta musikan ezer gutxi. Bilbaina Jazz Club oso ezaguna da mundu osoan, baina hemen ez digute kasurik egiten. Eta lokal propiorik gabe ari gara»

Musikarien aitortza

Euskal musikariek hemendik kanpo sari ugari eta txaloak jaso izan dituzten arren, bertan horixe bera bota dute faltan Jazzon-ekoek. «Gu musikarien alboan gaude, beti. Baina ez da posible Gorka Benitezek 30 sari jaso izana Katalunian, Madrilen eta beste hainbat lekutan, eta hemen inork ez aitortzea. Ez dute ekarri inoiz Arriagara edo merezi duen areto batera! Lotsagarria da».

Udako jazz jaialdien formatuarekin ere oso kritiko azaltzen da Reino, ez berez eskaintzen dutenarekin, baizik eta haietaz zabaltzen den irudiarekin: «Orain, esaten da jazz denboraldia hasten dela... bada ez! Guretzat, denboraldia bukatu da! Orain hasten da festa! Ea, jaialdiak ondo daude zaletasun pixka bat eragiten duten heinean, baina bestela.... eta jazzaldiak ez dira kulturan pentsatzen antolatzen. Turismoa eta sustapen ekonomikoa dute ardatz. Eta ondo dago, e! Hobe turismoa eta hiri bat jazzarekin saltzea beste ezerekin baino».

Udako jaialdiek basamortu bat ezkutatzen dutela uste dute, ordea, Reinok eta Graciak: «Hemen, gutaz aparte, ez dago programazio bat antolatzen duen inor! Eta guk dirua galtzen dugu! Baina, jende bat etortzen da Bilbora, Bilbainara jotzera, eta gero galdetzen digu: 'non ikus dezaket kontzertu bat? Jam session bat?' Eta ez dago!». Getxon ere antzeko zerbait gertatzen dela dio Reinok, han jazzaldi bat antolatu arren. «Jazzaren hiriburu gisa saltzen dute, baina gero ez dago jazz kontzertu bat bera ere urte osoan! Ia-ia debekatuta dago zuzenean jotzea».

Udako jaialdiez gain, erakunde publikoek jazzaren oinarriak ere lagundu beharko lituzkeela uste dute. «Kultura saldu behar bada, eta jazza zehazki, goazen oinarri hori sustatzera. Baina ez da hori gertatzen. Jazzaz gogoratzen dira orain, hotelak betetzeko orduan. Baina politikariei ez zaie interesatzen kultura, baizik eta jendea bilduko duten ikuskizunak. Eta udako jazzaldiek hori bete-betean konplitzen dute» .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.