'Eat Pray Love'

Hobe zuen etxean gelditu

Gontzal Agote.
2010eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Zuzendaria. Ryan Murphy. Aktoreak. Julia Roberts, Javier Bardem, Richard Jenkins, James Franco, Viola Davis, Billy Crudup. Herrialdea. AEB. Iraupena. 139 min.

Gontzal Agote

Laurogeitabost-hamabost. Horixe zen, kontaketa zientifikorik egin gabe, aretoan zegoen emakumezko-gizonezkoen proportzioa. Gaur egun zinemara maiztasunez joaten den edonork jakin badaki zein den ikuslearen profila. Ekoizleek ere, (horiek bai kontaketa zehatza eginda) badakite hori, target hori dute buruan haien produktu klonikoak fabrikatzen dituztenean.

Eat Pray Love bete-betean sartzen da multzo horretan, argi dago helburu bakarra ikusle mota jakin baten konplizitatea lortzea dela. Hori lortze aldera Ryan Murphyk ez du burua batere estutu, nonbait ez da komeni bidaia-gida chic bat izan nahi duen istorioa gehiegi konplikatzea.

Bi baliabide sinple-sinple erabili ditu: batetik, hasierako profezia, betetzera kondenatuta dagoena eta, bestetik, protagonistaren ustezko desoreka existentziala, hartuko duen edozein erabaki justifikatuko duena. Horren bitartez, pelikulak egoera batetik bestera egiten ahal du salto bestelako inolako azalpenik gabe.

Hortik aurrerakoak ez du azterketa zinematografikorik merezi, baina beharbada hainbat hausnarketa soziologikorako ematen ahal du: herrialdeen inguruko topiko sorta, new age filosofia coelhotarraren hamaika aurpegiak, pasaporte zigilu biltzaileen turismo dolartenatiboa eta emakumeen askapenaren inguruko ideia atzerakoiaz. Ikuspuntu horretatik guztiz logikoa da berez iraultzaile behar zuen bidaiak era berean bukatzean, harreman heterosexual, monogamo eta errepikakor batean. Horretarako ez da Balira joan behar, ezta Donostiara etorri behar ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.