Hodeiak gogoetarako abiapuntu bihurtu ditu Jelena Sredanovicek

Artista serbiarraren 'Clouds and Reflections' erakusketa ikus daiteke egunotan Bilbao Arte galerian

Jelena Sredanovic, bere erakusketako lan batzuen aurrean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Lainoak eta natur elementuak agertzen diren 30 arte lan inguruk osatzen dute Jelena Sredanovic artista serbiarrak Bilbao Arte galerian zabaldu duen Clouds and Reflections erakusketa. Egileak azaldu duenez, azken urtebetean egin ditu margolan gehienak. Baina aretoko sarreraren ondoan dauden margolanak Bilbora iritsi aurretik landutakoak dira. «Hasieran ikus daitezkeen lanak zaharragoak dira», dio. «Nire lana prozesu oso baten emaitza da». Hilaren 23 arte izango da haren lanak Bilbao Arten ikusteko aukera.

Artistak dioenez, ez da harritzekoa bere lanean lainoak eta paisaiaren islak azaltzea. Izan ere, hodeiek eta ur gainean islatzen diren zuhaitz adarrek dituzten kolore eta forma anitzek hausnartzera bultzatzen dute artista, naturak egindako deiak izango balira bezala. Horregatik,naturako fenomenoak eta ur azpiko mundu iragankorrean izaten diren aldaketak antzeman daitezke haren erakusketan. Hala ere, margolanek dituzten xehetasunak antzemateko, irudiak arreta handiz begiratu behar direla uste du Juan Zapater Bilbao Arte galeriako zuzendariak: «Sredanovicen lanen detaileak ondo ikusteko gertutik begiratu behar dira, eta arreta handiz, gainera». Era berean, artistak duen maila tekniko handia ere nabarmendu du Zapaterrek. «Emakume gaztea da, baina Espainian, Erresuma Batuan eta Serbiako hainbat hiritan izan ditu erakusketak, eta sari bat baino gehiago jaso du».

Artista serbiarrak marrazten dituen laino eta natur elementu batzuk haren argazkietan oinarritzen direla aipatu du. Horretarako, gehienbat hegazkinez egindako bidaiak baliatzen ditu. Gustuko duen hodeiaren argazkia ateratzen du aurrena eta inprimatu egiten du ondoren. Gerora hasten da lanean estudioan.

Sredanovicek xilografia izeneko teknika zaharra erabiltzen du lanak egiteko orduan. Teknika antzinakoa dela dio, baina ez dituela baztertzen teknologiak sortutako tresna berriak ere. «Nik teknika zaharrak eta teknologiaren ekarpen berriak txertatzen ditut lanetan». Teknika horren bidez, artistak egurrezko xaflen gainean grabatzen du bere ideia, hainbat geruzatan. Irudi bakar batean elkarrengandik aske dauden geruza bat baino gehiago egon daitezke. Ikusleak geruza horiek antzemateko, beharrezkoa da gardentasuna, eta hori paper japoniarrari esker lortzen du.

Erakusketa gehiago

Sredanovicen erakusketa ez da izango Bilbao Arten ikusgai egongo den bakarra. Clouds and Reflections-ek Bilboko ibilbidea bukatu ondoren, beste artista batzuk hartuko dute serbiarrak utzitako lekua. «Orain hemen dagoena aurten Bibao Arten egongo den lehenengo erakusketa da. Baina ez da bakarra izango, gehiago egongo dira», azaldu du Zapaterrek. Guztira, beste sei gaztek osatutako lanek beteko dute aretoa datozen hilabeteetan. Horretarako, gazte bakoitzak bere proiektua aurkeztu zuen. Egitasmo ugari jaso ondoren, arte munduan aditua den epaimahai batek guztiak baloratu zituen, egokienak ikusgai jartzeko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.